Urtarrila 2026
— 2026-02-10Irakurri 278. zenbakia hemen.

Azken asteetan Zestoako kaleetan faxismoaren aurkako aldarriak azaldu dira, eta ez da kasualitatea; izan ere, mundu mailan ultraeskuina indartzen ari da, baita gurean ere. Hala ere, ez da fenomeno iragankorra, kapitalismoaren baitan sortzen den prozesu bat baizik: kapitalaren krisi globalak oligarkiari proletariotzaren aurkako ofentsiba ekonomikoa areagotzera bultzatzen dio, zuzenean langileriaren bizi-baldintzak okertuz. Honez gain, irabazi-tasaren beherakadak konpetentzia eta gatazka belikoak sustatzen ditu, Ukraina, Palestina edo Venezuelaren kasuan ikus dezakegun moduan. Egoera honen aurrean, estatu kapitalistak eta oligarkiak, orain arte bizitza erosoa eskainiz lortu duten obedientzia bermatzeko beste bide batzuk jarri dituzte martxan. Horregatik, faxismoa ezin da alderdi ultraeskuindarren gorakadara mugatu, estatu autoritarioago bat justifikatzeko fronte ezberdinak dituen estrategia zabalago baten parte baita. Fronte kultural eta ideologikoak garrantzi berezia hartzen du testuinguru honetan, gizartean ideia horiek normalizatzea ahalbidetzen duelako, baita lehen onartezinak ziren espazioetan ere. Esaterako, Donostian, Lo Que No Te Cuentan De Donosti izeneko plataformak hiriaren segurtasuna bermatzearen alde mobilizatzen ari da “Solo el pueblo salva al pueblo” leloaren atzean. Ez dezagun amua jan ordea, horren atzean arrazismo soziala, klasismoa eta etorkinarekiko kriminalizazioa zabaltzen ari baitira. Beste adibide bat urriaren 12an Gasteizen gertatutako da. Falangeak antolatutako ekitaldia geldiarazteko asmoz gerturatu ziren pertsonei probokazioan erortzea leporatu edota faxistak ere deitu zieten hainbat alderdiek (eta ez, ez dira VOX edo PP izan). Beraz, mugimendu antifaxistan asko erabiltzen den “al fascismo no se le discute, se le combate” esaldiaren aurrean, bizi garen garaiotan kalean, kuadrillan, lanean, eskolan… normalizatuta eta errotuta dauden ideia erreakzionarioen aurka eztabaidatzea eta hauek gezurtatzea ere badagokigu.
Oihane Ibarguren