Paperekoa

[ZUTABEA] Hain gertu eta hain urrun

Ekainaren 2a, Bilboko Bizkaia pilotalekua, arratsaldeko zazpiak eta hemeretzi minutu. Buruz buruko txapelketaren podiumean, 1 zenbakiaren gainean, Jokin Altuna, gorriz, txapela buruan, garaikurra eskuan, bi besoak gora jasota, urre koloreko konfeti artean harmailetara begira. Alboan, beherago dagoen koxkan, besoak jaitsita, begirada galduarekin, Unai Laso. Hain gertu, eta hain urrun.

Goi mailako kirolean, pilotan, finalak kontrasteen mundua dira. Bataren poza, bestearen nahigabea izan ohi da. Batak dena ongi egiten badu, besteari dena gaizki atera zaion seinale. Batarentzat zelai laua bihurtu bada partida, bestearentzat gaindiezina den malda. Gozamena eta gurutze-bidea. Ez dizuet kantxako ezer kontatuko, zeuek ikusi zenuten. Baina azpimarratu nahi nituzke esanetako batzuk eta ikusitako beste batzuk.

Eliteko kirola show bihurtu dute (dugu), produktu bat, aisialdirako kontsumo gaia. Baina funtsean, entrenamenduak, prestaketa fisiko zein psikologikoak aldatu diren arren, funtsean, kirolariaren ahalegina (buruz buruko finalaren kasuan bi kirolarirena), sakrifizioa, gaitasuna, eta ametsak daude.

Garaipena lortuta Altunak: “kristona da txapela irabaztea, baina zorion guztia ezin dugu honekin lotu, gauza garrantzitsuagoak badaude: familia, lagunak, osasuna. Ez naiz itsutzen txapel kopuruarekin, egunero lagunekin entrenatzea dut gustuko, pilotari izanda naiz zoriontsu”. Unai Laso, porrota jasota:”ikasi egin behar dut partida handi hauetatik, zaila da 22-5 galduta, baina orain ederki afaldu lagunekin eta egun polit honetaz disfrutatu”. Ikasgai asko, hausnarketa sakonak muturreko esfortzu bat egin orduko botatakoak izan arren.

Amaitzeko bizipen bat: frontoitik etxera gindoazela, aldagelako atea zabalik. Altuna bertan, oraindik txapelarekin, dena irribarrea eta zoriona. Aldagela berean, dutxarako bidean, Unai Laso, irribarrearekin hura ere, jasotako kolpea barneratzen. Errespetuz biak, badakitelako hurrengoan txanponaren beste aldean egon daitezkeela. Pilotak badu hori, metro gutxitan, aldagela berean, irabazlea eta galtzailea, txapelduna eta txapeldun izan ez dena. Hain gertu, hain urrun.

Kepa Iribar




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide