Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Batzuetan norbere burua aurkitzeko ezezagunak diren lekuetan galdu beharra dago. Txikitatik hasten zaizkigu galdezka, eta zuk, zer nahi duzu izan handia zarenean? Ikasketen norabidea ere azkar aukeratu behar izan ohi dugu, atzera bueltarik ez duela ematen duen bide arrotz horren hasiera, tunelaren bukaeran zer topatuko dugun jakin gabe. Lan txukuna lortu (ez daukat oso garbi nik zer den hori), etxe bat erosteko diru nahikoa egin; eta daukazun edo lortu duzun horrengatik eskerrak eman bizitzari, halaxe diote batzuk.
Baina inoiz jarri al zara pentsatzen zerk egiten zaituen zoriontsu? Edota hartutako erabaki horiek aldatuko bazenitu nolakoa izango zen zure bizitza? Niri bizitzak ederki erakutsi dit zenbat buelta eman ditzaken. Betidanik izan dut jakin-min handia esperientzia berriak bizitzeko eta kanpoko mundu horrek ze aukera eskaintzen dizkigun esploratzeko. Nire suerterako, herrialde mordoxka bat bisitatzeko aukera izan dut, baita bertan bizimodu bat egiteko ere; hasi Australiako hondartza amaigabeetatik eta New Yorkeko bizimodu kaotiko eta zirraragarriraino. Eta horrela konturatu naiz zein polita den bizipen horiez guztiez elikatu eta zeure burua nola aldatzen, osatzen eta definitzen joaten den ikustea.
Behin, nire burua gehiago ezagutzeko saiakera horietako batean batek horrela esan zidan: “Zuk Maialen, asko bidaiatuko duzu eta buelta asko emango dituzu hortik zehar, baina beti itzuliko zara Euskal Herrira, zure maitatuenak dauden lekura, zure babesera”. Eta halaxe izan da! Hemen nago berriz, hazi eta hezi naizen nire betiko herrian, nire bizitzako kapitulu berri bat hastear. Bada sentimendu nahasketa handi bat nire barruan: zirrara, beldur eta ziurgabetasun pixka bat, baina baita lasaitasuna eta sekulako poztasuna ere.
Eta urte hauetan ikasi dudan lezio garrantzitsuenarekin amaituko dut gaurko zutabe hau: gozatu bizitza den bide korapilatsu honetaz, eta honek eskaintzen dizkizun aukera guztiez, entzun zure instintua eta egin kasu prozesuan zehar loratzen diren sentimenduei, horrela agian, zoriontasunetik gertuago egongo zara.
Maialen Etxeberria