Albisteak

[ZUTABEA] Jaso aurretik ematea

Artikulu hau idazterako unean teknologia burujabetzari buruzko jardunaldiak prestatzen gabiltza, ‘Utopia existitzen da’ izenburupean eta horrek gogoetarako aukera eman dit.

2020tik pandemia batean murgilduta egon gara eta orain energia eta baliabide krisi handi batean. Dagoeneko ulertzen ditugu, globalizazio basatiaren eta bizi garen inguruneak eman diezazkigukeen baliabideak gainditzen dituen bizitzeko modua kritikatzen duten ahotsak. ‘Lurra finitua da’ esaten zidan, lurraz eta bertan hazten diren animaliez bizi den batek, ‘utziko al diogu lurrik ondoren datozenei?’ galdetu zidan ondoren. Eta jarraian berak erantzun zion galderari: ‘txikiak batzen bagara bai, bestela ez dago ezer egiterik’.

Eta Euskal Herriko hainbat txokotan, baita Zestoan ere txikiak batzen ari dira. Hain zuzen ere, tokiko eragileen saretzearen bidez burujabetza eredu desberdinak, bakoitza bere beharretara egokituak hazten ari dira, lurrean erein den haziak ematen dituen fruituak iritsiko diren itxaropenarekin. Jaso aurretik ematea tokatzen den proiektuak dira. Energiaren, telekomunikazioen edo zaintzaren eremuetan, Oñatin, Hernanin, Sakanan edo Zestoan, utopikoa dirudiena errealitate bilakatu daitekeela erakutsiz, gauzak beste modu batera eginda, alternatibak sortu ahal direla aldarrikatuz.

Baina nola iritsi gara honaino? Zer gertatu da? Garai bateko aurrerakuntza, berrikuntza, edo nazioartekotze planen aldarriek baino indar gehiago hartzen ari dira pixkanaka-pixkanaka tokikotasuna edo bertakotasuna lantzen duten egitasmoek. Baina hau ez da ezer berria, gure arbasoek egiten zutena da: Euren lurretan erein, mimoz zaindu eta haziaren fruituak jaso ondoren, herriko azokara eraman, gainontzeko herritarrekin hitz egiten zuten bitartean; bertakoa bertakoentzat, bertako eran saldua. Neurri batean atzera joate honi desazelerazioa deitzen diote batzuek.

Baina horrek bakoitzaren esparrutxoan aldaketak egitea dakar, erraza denaren aldean esfortzua egitea. Berogailua botoi bati emanda piztu ordez, egurra bildu, pilatu eta sua egitea edo kartoizko kaxan datorren salda erosi ordez, oiloa eta porruarekin denbora luzez su lasaian ura egostea. Poliki. Hori ari da eskatzen lurra, utzi abiadura handiak, presak eta hitz egin elkarrekin, entzun batak besteari eta elkar ulertu. Erraza dirudi, baina ekuazio horretan helburua ez da kapitala, ezta norbera ere; arbelean agertzen hasi zaigun arazoaren ebazpenean pertsonak eta helburu komunek dute lehentasuna, jaso aurretik ematea. Prest al gaude horretarako?

Eli Pombo




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide