Paperekoa

[ZUTABEA] La dolce vita

La dolce vita da aperitif bat egitea Piazza del Campon, edota cappuccino bat hartzea egunsentiarekin batera San Marcon. La dolce vita da pizza bat jatea Trasteveren, bai eta Erroma gurutzatzea vespa baten. La dolce vita da ‘Vacanze romane’, eta La dolce vita da Dante.

La dolce vita da ere baina baraua eteteko kafesnea eta tortilla pintxoa, igande goizetako paseoa eta ondorengo txikiteoa. La dolce vita da mendi tontorretako egunsentia, bai eta itsaso aurreko ilunabarra. Bata eta bestea da La dolce vita, pertsonen, hauen iraganaren, balioen eta usteen arabera adiera bat edo bestea hartzen duena.

Izan ere, sinboloak baino ez dira gure bizitzetako plazer txikiak, norbere testuinguruari hertsiki lotuak direnak. Denboran zehar iraunkorrak, batetik bestera mugitzean geure motxila propioetan sartuak eramaten ditugunak. Zeri erantzuten dio, bada, deserriratuek duten elkartzeko joera horrek? Han-hemen sortzen dira euskaldunen lagun taldeak, gainerako herrialdeetako deserriratuen taldeak sortzen diren bezala.

Iragana dugu babesleku, eta iragana dugu helduleku. Iraganera eraman ohi gaitu berritasunak oparitzen digun ziurgabetasunak, eta iraganera jotzen du etorkizuna irudikatzen asmatzen ez duenak. Deserriratuaren drama, eta integrazioaren paradoxa; aukera eta beldurra. Mundua ikusteko erabiltzen ditugun betaurrekoak aldatzeko beharra, sinbolo, balio eta uste berriak besarkatu behar izatearen zama.

Integrazioak, izan ere, horretan datza: nork bere zilbor-hestearekin haustean. Iraganak eskaintzen duen gotorlekua utzi eta ezezagunaren besoetara botatzean, udako epeltasuna neguko hotzagatik aldatzean, munduaren aurrean biluzik agertzean; finean, La dolce vita berriak sortzean. Horregatik da hain zaila “integratzea”, hitzaren adierarik hertsienean bederen. Zaharra berriagatik ordezkatzea eskatzen duelako, ezaguna ezezagunagatik eta iragana, etorkizunagatik.

Aimar Etxeberria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide