Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Ni Zumaiara oinez joan behar nuen bakoitzean bizia arriskatzen zutenen artean nago.
Bidez inguratuta bizi gara gure herrian, bidegurutze handi bateko ”zentroa” gara. Beti pentsatu izan dut zorte onekoak izan garela oso komunikazio ona izan dugulako inguruko herriekin: bi errepidez inguratuta gaude, bi trenbide ere izan genituen iraganean eta bi erreka ere baditugu orain, bi ur-bide. Guztion nahia da etorkizunean bidegorri bat, bide berdea, izatea. Bada bidea…
Ia 30 urte daramatzagu borrokan, Iraeta eta Narrondo elkartzeko falta den bidegorri zatia amaitzeko. Erraz esaten da… Auzo elkartetik hasi eta herri guztia mugitu zuen ekimena izan zen. Zenbat bilera auzoan, zenbat udaletxean, Gipuzkoako Batzar Nagusietara ere joan ginen… Hilabetero ere jartzen ginen errepide bazterrean eta Zumaiatik hasi eta Zestoarainoko manifak ere egin genituen ordu batzuez errepidea itxiz. Herriak lotu, bidegorria amaitu!
Askotan bueltatzen ginen etxera burumakur, kasurik egiten ez zigutelako. Baina ez genuen etsi, eta gaur egun inoiz baino hurbilago ikusten dugu gure garai bateko ametsa. Tristea da lanean buru-belarri ibili zen jende askok ez duela ezagutuko bidegorria, tamalez asko luzatu baitira lanak (nahiz eta alderdi politikoren batek bere publizitatean Zumaiatik Brinkolarainoko bidegorria egina zegoela jarri, orain dela urte batzuk).
Gure etsai eta lagunak GI-631 eta N-634 dira. Bi errepide hauek auzoa bi zatitan banatzen dute eta semaforo bana jartzea ere eskatu genuen bere garaian. Baita lortu ere. Karmengo ama kalean bizi direnek errepidea lasai gurutzatu dezakete orain.
Ia astero elkartzen ginen eta “familia” txiki modukoa genuen sortua, gure gorabeherekin, noski. Herritarren erantzuna ere paregabea izan zen, antolatutako gauza denetara mugitzen ziren.
Azkena, parkea eta plaza bitan zatitzen dituen bidea. Plaza eta parkea ez ezik herritarrak ere banatu dituelakoan nago. Batzuk bidea itxi eta oinezkoentzat soilik utzi nahi bazuten ere, bozkatu eta herriak bidea autoentzat irekita mantentzea nahi zuela lehenetsi zuen. Bakoitzak izango ditu bere arrazoiak, baina norberak bere erosotasuna alde batera utzi eta herritarren segurtasunari erreparatuko balio?
Hau guztia esanik eta herri honen historia txikia ezaguturik, esan nezake borroka dela bidea.
Ion Agirre