Albisteak

[ZUTABEA] Urte berri ON

Gerrarako prest; ba ni bai, baina zentzu positibo eta alaian. Urte berriarekin batera, urteroko legez, pentsamendu, nahi eta erronka ezberdinak jartzen dizkiogu gure buruari. Eta, nola ez, nik ere bai. Baina aurten beste modu batean egin dut nire nahien plangintza. Orain arte, nire osasunari, nire abdominalei begira jartzen nituen nik erronkak. Baina aurten ez; botilari buelta eman nahi izan diot, eta hau etorri zait burura: ¨40 urte egin behar dizkiat eta aprobetxatu beharra zagok¨. Jatekoaren bueltan edo mahai luze baten bueltan antolatu nahi ditut nire nahiak, eta triparekin ase nire beharrak. Hau da, bazkari eta afari ederrak antolatuz. Lehen aldiz hemen idatzi nuen bezala, lagunarte batek hartu ninduen eskuzabal, eta lagunarte hori zabaltzen joan naiz. Eta, horrekin batera, haiekin ospatuko ditut momentu hauek eta ispiluarekin batera gozatu, tripari begira. Alde batetik, kiroldegiko goizetako kuadrillatxoarekin. Gazte, zahar eta oso zaharrekin batera. Bizikleta, mankuerna eta saunak alde batera utzi, eta txuleta eder baten bueltan nahi ditut entzun kontuak. Kaloriak galdu beharrean kaloriak irabazi.

Bestetik, zestoartzen ari naizen honetan (oraindik ez dut lortu titulu hori), Zestoan bizi garen azpeitiarron bazkari bat egitea bururatu zait. Urte berekoak, izen berekoak… eta zergatik ez herri berekoak? Makina bat bagaude eta polita izango litzateke. Batzuek elkar ezagutzen dugu, baina agian denok ez, eta polita izango litzateke elkar ezagutu, elkarri esperientziak kontatu eta aurrerantzean elkar agurtzea.

Eta, azkenik, Ane eta nire gertuko jende guztia elkartzea izango litzateke nire erronka. Baina horretarako estrategia edo arrazoia falta zait. Nola egin nezake? Nola erakarri? Zutabe hau irakurtzen duen edozeinek ideiaren bat badu, gustatuko litzaidake jakinaraztea, eta horrela nire azken nahi hau bete ahal izango nuke. Eta, noski, mahai bueltako gonbita jasoko du laguntzen didanak.

Alex Altolagirre




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide