Albisteak

[ZUTABEA] Zahartze programatua

Mugikorraren bateriak gero eta gutxiago irauten dizu? Daramazun arropa azkar apurtzen da? Produktu berriak erostea, hauen konponketa baino merkeagoa da? Zaude lasai, ez da arraroa, apropos planifikatutako gai baten aurrean aurkitzen gara, zaharkitze programatuaren aurrean hain zuzen ere. Zaharkitze programatua, hitzak dioen bezala, askotariko produktuen programatutako edo planifikatutako zaharkitzea da. Industria iraultza osteko garaian du jatorria, orain dela ehun bat urte gutxi gorabehera. Sasoi hartan, katezko ekoizpen sistema batera jo zuten ekonomia “aurreratuenek”, produktu gehienak herritarrentzat eskuragarriago bihurtuz. Honela, produktu desberdinen eskaria azkar asetzea lortu zen, jendearen behar materialak nolabait bermatuta zeudelarik. Alabaina, errealitate berri hau ez zen orduko enpresarientzat komenigarria, errentagarritasuna mantendu edo areagotzeko, produktu desberdinen errotazio azkarragoa beharrezkoa baitzen. Finean, ekoizten zituzten produktu horien bizitzak luzeegiak ziren. Testuinguru honetan izan zen sortua zaharkitze programatuaren afera, produktuen “beharrezko” errotazioa bermatzeko bitarteko baten gisan. Aldeko baino kontrako puntu gehiago dituela uste dudanez, zoriontasun materialistaren eta ingurumen inpaktuaren puntuak eztabaigai jarri nahiko nituzke. Ekonomiak helburu duen errotazio hori lortzeko asmotan, behin eta berriz saiatu izan dira norbanakoon zoriontasuna hainbat produkturen jabe izatearen nahiarekin lotzen. Gizarteak nahi materialista hori barneratuta izan ostean, eraginkorrak bihurtzen dira errotazio estrategia desberdinak; produktuen etengabeko bertsio eguneratuak jaulkitzea, moda ohiturak aldatzea, Black-Friday eta Blue monday bezalako egunak sortzea… Produktuen txandakatze bizkor honek ingurugiroan eragin nabarmena du. Urtero sortzen den zabor kantitateak, birziklatzen denak baino hazkunde tasa handiagoak izan ohi ditu. Herrialde pobreenetan aurkitzen diren, baina herrialde aberatsenek betetzen dituzten munduko zabortegi elektronikoak gero eta beteagoak daude. Ingurura begiratuta, gure espeziearen iraungitze data aurreratzen ari garenaren sentsazioa dut, edo beste modu batera esanda, giza espeziearen zaharkitze programatu baten aurrean gaudenaren ustea.

Joritz Zunzunegi Irure




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide