Albisteak

[ELKARRIZKETA] Irati Aranguren eta Jesus Odriozola `Zestoa lagunkoia´ programaren inguruan

`Zestoa lagunkoia`proiektuaren hirugarren bilera ospatuko da datorren asteazkenean, hilak 10 arratsaldeko 18:00etan Kultur Etxean. Jesus Odriozola Zestoako Jubilatu Elkarteko presidentea eta Irati Aranguren Zestoako Udaleko Gizarte Zerbitzutako langilea buru-belarri dabiltza lanean eta eurekin  izan gara programari buruz hitz egiten.

 

Zertan datza `Zestoa lagunkoia´ programak?

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Matia Institutuaren laguntzarekin promozionatzen duen proeiktu europearra da. Herriz herri ematen den programa bat da. Herrietako Udalek eskatu azaldu behar dute proiektu horretan parte hartzeko nahia eta Zestoako kasuan halaxe izan zuen. Eusko Jaurlaritzan eskaera egin eta plenoan onartu zen. Programa honek hirugarren adineko pertsonei bizitza errazago egitea du helburu, herria eta herritarrak kontzientziatuz eta egokituz.

 

Herri mailan gabeziarik sentitu al zenituzten proiektu honetan sartzeko?

Jubilatuen elkartean taldetxo bat dugu. Talde horretan gai sozialak jorratzen ditugu eta lehendik ere udaleko zinegotziekin biltzen ginen. `Zestoa Lagunkoia´ programaren berri izan genuenean gai berdinak lantzen genituela ikusi genuen, beraiek maila handiago batean eta parte hartzea erabaki genuen.

 

Ze gai lantzen ditu programa honek?

Zortzi gai nagusi ditu proiektuak. Etxebizitza, aisia, irisgarritasuna, aire zabaleko lekuak eta eraikinak, parte hartzea eta gizarte sarea, herritarren parte hartzea eta enplegua, errespetua eta barne hartzea, komunikazioa eta informazioa eta osasuna eta gizarte zerbitzuak. Bilera bakoitzean zortzi gai horietako bat jorratzen da. Lehendabiziko helburua diagnostikoa egitea da. Proiektuaren baitan lantzen diren ideia asko epe motzean lantzeko modukoak izango dira, beste batzuk, ordea, epe luzera begira aztertu beharko dira, aurrekontua prestatzea suposatuko dutelako.

 

Ze gai landu dituzue orain arte egindako bileretan?

Irisgarritasuna, garraioa eta gaur egun gizarte zerbitzutatik hirugarren adinekoei zerbitzuen analisia jorratu ditugu orain arte. Orain arte, 2017ko otsaila eta martxoan egin genituen bilerak. Lehenagotik, ordea, dezentetan bildu ginen baina gai konkretuak lantzen otsailean hasi ginen. Bileren funtzionamenduak nolakoa izan behar zuen planteatzerako orduan ez geneukan oso argi nondik jo behar genuen eta nork parte hartu behar zuen. Orain arteko bileretan udaleko teknikariak, arduradun politikoak, Zestoa eta arroako jubilatuak egon dira.

 

Datorren bilerari begira…

Etxebizitzaren inguruan arituko gara. Azken bileretan lehenago egindako proposamenak ze egoeratan zeuden azaltzea faltan botatzen zutela azaldu zuten hainbat parte hartzailek. Hori ekiditeko datorren asteazkeneko bilerara bertaratzen diren arduradun politikoek orain arte egindako proposamen eta hobekuntzen zerrenda bat egingo dute. Oraingo bilera honetan deialdia zabalagoa izatea nahi dugu. Interesa eduki dezakeen orori, herritar edota elkarte bateko ordezkari gisa bertaratzeko gonbidapena luzatzen diogu. Talde zabalagoa osatzea da gure asmoa.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide