Albisteak

GRAVNI pilota txapelketako Gipuzkoako selekzioak Zestoan jokatuko ditu etxeko partidak

GRAVNI txapelketan, Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko selekzioek hartzen dute parte eta euskal pilotaren modalitate guztietan jokatzen da. Aurtengo edizioan Gipuzkoako selekzioak ezker hormako eskuzko norgehiagokak Zestoan jokatuko ditu. Guztira hiru jardunaldi jokatuko dituzte Zestoako pilotalekuan. Beraz, afizionatu maila punta-puntako pilotariak ikusteko aukera bikaina izango da Zestoan.

Aurreko urteetan eskuko saioak, erremintako motzekoekin batera, Donostiako Atano pilotalekuan jokatu izan dira. Erremintako luzekoak berriz Donostiako Balda pilotalekuan. Ondorioz, pilota herrialdeko beste herrietara ere zabaldu asmoz, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak aurtengo eskuko partidak Zestoan jokatzea erabaki du.

Txapelketak asteburu honetan hasiko da. Gipuzkoak aurrenekoa Nafarroaren aurka kanpoan jokatuko duelarik. Etxean Bizkaia, Iparraldea eta Errioxaren aurka jokatuko du, eta hurrengo asteburuan Bizkaiaren aurkako eskuko partidak Zestoan ikusteko aukera izango dugu.

Martxoak 18, ostirala 20:00etan jubenilen bi partida jokatuko dira, bata banaka eta bestea binaka. Martxoak 19, larunbata, 16:00etan hasita, beste lau partida jokatuko dira, 22 urtez azpikoak eta nagusiak hurrenez hurren.

Errioxa eta Iparraldearen aurkakoak apirilean jokatuko dira eta dagoeneko, asteazkenero pilotalekuan Gipuzkoako pilotari hautatuen entrenamentu saioak izaten ari dira. Norgehiagoka bakoitzean Gipuzkoa ordezkatuko duten pilotariak asteazkeneko entrenamentuetan hautatu ohi dira. Argazkietan aurreko edizioko Gipuzkoako pilotariak ageri dira: Zestoako Pilota Taldeko Unai Salegi itziartarra, eta gaur egun profesionaletan diharduten Ander Imaz eta Asier Arteaga pilotariak.

IMG_8268                   IMG_9502




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide