Albisteak

Bihar bertso-poteoa Korrika Kulturalaren baitan eta etzi larunbateko txotxerako txartelak erosteko azken eguna izango da

Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan, bihar bertso-poteoa egingo da herrian, Aitor Salegi eta Oskar Alberdi bertsolariekin. Saioa 19:00etan abiatuko da Harresitik, eta Korrikaren bueltako giroa berotzeko aukera eskainiko du, bertsoak eta lagunartea uztartuz.

Egitarauak larunbatean izango du jarraipena, Korrika Zestoatik igaro ondoren antolatutako ekitaldiekin. Arratsaldeko 19:00etan Hamarru elektrotxaranga ibiliko da kaleetan, eta 21:00etan Korrikaren aldeko barrikotea egingo dute udaletxeko arkupetan.

Barrikotean parte hartzeko txartelak Portalen daude salgai, 10 eurotan, eta ostirala izango da erosteko azken eguna. Menuan txorizo egosia, patata tortilla, gazta eta menbrilloa, postrea eta kafea eskainiko dituzte; eta, noski, txotxa ere izango da.

Korrika Kulturalaren baitan antolatutako ekimenek Korrikaren inguruko giroa indartu eta euskararen aldeko atxikimendua sustatzea dute helburu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide