Albisteak

Gure Esku Dagok deituta giza katea egingo da Zestoan Urriaren 1ean

Espainiako Guardia Zibila Katalunian egiten ari den operazioen larritasuna ikusirik, eta urriaren 1eko erreferenduma galarazteko Espainiako Gobernua bultzatzen ari den neurri antidemokratikoei erantzunez Zestoako Gure Esku Dago herri ekimenak giza katea egingo du urriaren 1ean plazatik hasita. Horretaz gain, Gure Esku Dagok ondorengo manifestua kaleratu du Katalunian bizi duten egoera salatzeko:

  • Oso kezkatuta gaude Espainiako Estatua Katalunian izaten ari den esku-hartzearekin eta irmoki salatzen ditugu azken gertakariak/erasoak: Generalitateko hamalau kargudunen atxiloketak, miaketak eta etengabeko jazarpen polizial eta judizialak. De facto, salbuespen egoera ezartzen ari da Katalunian, eskubide zibil eta politikoak masiboki urratuz. Gertatzen ari dena asaldagarria eta onartezina dela uste dugu. Nahikoa dela esateko ordua da.
  • Berresten dugu urriaren 1eko erreferenduma Kataluniako herritarren gehiengoaren nahiari erantzuteko tresna demokratikoa dela eta, beraz, posible izan behar duela. Demokraziaren eta herritarron eskubide zibilen alde katalanak erakusten ari diren ausardia goraipatzen dugu. Gure babesa eta laguntza izango dute, orain artean bezala, urriaren 1a bitartean, eta baita urriaren 1etik aurrera ere.
  • Larunbatean, demokrazia eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrien defentsan milaka lagun kaleratu ginen Bilbon, baita neurri autoritario eta demofobikoen aurka ere. Egoeraren larritasuna ikusirik, Euskal Herritik erantzuten jarraitzea beharrezkotzat jotzen du Gure Esku Dagok, eta herritarrei eskatzen diegu mobilizatzeko beharraz jabetu daitezen eta adi egon daitezen datozen egunetako deialdiei.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide