Albisteak

Iban Pardo: “Etxean segan aritzeak eta txapelketetarako prestatzeak ez du zerikusirik”

Joan den igandean Iban Pardo Euskal Herriko sega txapelketako finalera sailkatu zen. Bederatzi segalariren artean berak bildu zuen belar kilo gehiena. Finalerako egun gutxiren faltan, azken entrenamenduetan dabilela, danbolini galderatxo batzuk erantzuteko tartea hartu du.

Kanporaketan finalera sailkatu zinen, nola izan zen saioa?

Bi tandatan jokatu zen kanporaketa, ni bigarrengoan irten nintzen. Guztira bederatzik hartu genuen parte, bakoitzak ordu erdiko saioa egin behar izan genuen. Tanda bakoitzetik bi sailkatu ginen; lehengoan Jesus Mari Ormaetxea eta Julen Gabirondo eta bigarrengoan, Jokin Etxeberria eta ni. Orain, abuztuaren 6an izango dugu finala, orduan ordu beteko lana egin beharko dugu.

Aurrez Gipuzkoako txapelketan ere aritu zara, ezta?

Bai, Gipuzkoakoan ere finalera sailkatu ginen eta hirugarren postua lortu nuen. Bi aurrenekoengandik oso gertu gelditu ginen, bigarrengoak baino lau kilo gutxiago eta aurrenekoak baino berrogei bat kilo gutxiago bilduta.

Urte batzuk badira segan hasi zinela.

Orain dela sei urte hasi nintzen eta aurtengoa bosgarren txapelketa da. Hasi eta bigarren urtean ez nintzen lehiatu. Ordutik, urtero irten naiz txapelketetan.

Nolatan hasi zinen segan?

Besterik gabe, gustatu, probatu eta hasi. Aurrena etxean eta gero lehiarako prestatzen hasi nintzen. Hala ere ez dute zerikusirik, bata elitea da eta bestea denbora-pasa. Etxean erabiltzen diren segak eta txapelketetakoak ere oso ezberdinak dira. Gauza bat da txofer egiten jakitea eta bestea pilotua izatea, ez dago konparatzerik.

Aurten lortu al dituzu emaitza onenak?

Bai, hala esan daiteke. Orain bi urte ere Gipuzkoako finalean hirugarren geratu nintzen eta aurrenekotik gertu baina Euskal Herrikoan ez ginen sailkatu finalera.

Iritsi zaren emaitzetara iristeko, ezkutuko lana badago, ezta?

Urtean zehar belarrik ez dagoenez fisikoa eta indarra landu behar izaten dugu. Neure kabuz ibiltzen naiz korrika, gimnasioanā€¦ Eta martxoan edo, ahal den azkarren belarra ebakitzen hasten gara. Hemen inguruan ibili naiz, ez dugu belar faltarik izan.

Bakarrik entrenatzen al duzu?

Normalean urte guztian bakarrik aritzen naiz baina belarra mozterakoan zorroztailea behar izaten da. Patxi Arregi Lopene aritzen da lan horretan eta Joxe Mari Gonzalez Benexi ere laguntzera etortzen da askotan.

Lehiako egunean taldean aritzen zarete, ezta?

Bai, nik belarra mozten dut, Lopene zorroztaile aritzen da eta Bixente Mitxelena laguntzaile izaten dut. Gero, koadrila behar izaten da: bi baskularekin, hiru eskuarearekin, bat piloak egiten eta azkena kontra-juez.

Finala nola ikusten duzu?

Ondo prestatuta nagoela uste dut eta esperatza edukitzea komeni hara joaterako. Gero edozer gerta daitekeā€¦ Zozketako suerteak ere asko esaten du, ni berdintasunarekin konformatzen naiz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide