Albisteak

Katamarrua Natur Taldeak herritarrak zoriondu ditu eta zabor bilketa sistema hobetzen jarraitzeko beharra adierazi du

Zestoako Katamarrua Natur Taldeak honako oharra kaleratu du:

Katamarrua Natur Taldeak herritarrak zoriondu nahi ditu, zaborraren %75 gaika sailkatu dugulako. Horrek birziklatze tasan igoera dakar, eta batez ere, errefusa gutxitzen da. Ondorioz, lehengaien kontsumoa gutxitzen da eta ingurumenean onura dakar.
Zestoako Udalak, EAJk eta EH Bilduk, onartu zuten bilketa sistemak kontzeptu aldaketa ekarri zuen, birziklatzea herritarron aukera izatetik, betebehar izatera pasa zen. Katamarrua Natur Taldeak printzipio hori babesten du, izan ere gure ustez kutsatzea ez da eskubidea. Ingurumena zaintzea justizia kontua da, izan ere kutsadura eta ingurunearen degradazioa guztiok sufritzen dugu, kutsatzaile izan ala ez.
Betebeharra ezin hobeto betetzen ari gara zestoarrok, nahiz eta Aizarnazabalen adibidez, herrian bertan erabiltzen duten bertako konposta, sailkako bilketan gutxi dugu hobetzeko. Baina zoritxarrez, asko daukagu atzera egiteko, duela urte gutxi ez ginen %30era iristen eta inguruko herriek gure erdia bereizten dute. Horrek esan nahi du guk baino hiru aldiz errefusa gehiago sortzen dutela zabortegirako edo errauskailurako.
Badirudi Udala aldebakarrez zabor bilketan aldaketak egiteko asmotan dela. Natur Talde hau Udalarekin biltzera eskaintzen da zabor bilketa sistema hobetzen jarraitzeko, uste dugu sistema berriak erosotasunaren ikuspegitik gabeziak dituela, eta ondo iruditzen zaigu sistema hobetzea.
Baina dei bat egin nahi diogu Udalari: %70eko gaikako bilketa-helburua (EAJ eta EH Bilduk sinatua) betetzen jarraitzeko. Izan ere, gure ustez birziklatzea betebehar bezala ulertzen jarraitu behar dugu, eta datuek erakusten dute, herritarrok ere, bultzadatxo batekin, askoz hobeto bereizten dugula. Horregatik, herritarroi ere, duzuen borondate ona eskatu eta eskertzen dizuegu, aurrera begira bide honetan jarraitzeko.

Katamarrua Natur Taldea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide