Albisteak

Kiroldegia berritzeko akordioa sinatu dute Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak

Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuko diputatuak eta Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak hitzarmena sinatu dute Zestoako udal kiroldegia “birgaitzeko eta handitzeko”. Abenduan hasiko diren obra horiek egiteko Foru Aldundiak 600.000 euro jarriko ditu, eta gainerako dirua Zestoako Udalak jarriko du. Kiroldegia berritzeko obra horrek 1,6 miloiko aurrekontua izango du guztira.
Josetxo Mendizabal alkateak adierazi duenez “gure legegintzaldiarentzako egun garrantzitsu bat da gaur, kiroldegia berritzeko horrelako akordio bat lortzea garrantzitsua da guretzat. Udalak dituen baliabideekin oso zaila izango zen horrelako berrikuntza bat egitea kiroldegian eta gure esker ona adierazi nahi diet aldundiko kideei”.
“Gipuzkoako Foru Aldundiak lau urtean zehar 11 miloi euro baliatuko ditu hainbat kirol ekipamendu zahar berritzeko. Gure lehentasuna lehendik daudek ekipamenduak berritzea da eta ez hainbeste berriak egitea. Zestoako kiroldegiak irisgarritasunari dagokionez behar handiak ditu gaur egun eta gainera Gipuzkoako kiroldegirik zaharrenetakoa da, 1976an eraikia. Maila altuko kirolariei laguntzen diegu, baina gure lehentasunetan artean jendearen eguneroko kirol jarduera sustatzea dago” adierazi du Itxasok.
Azaroak 20 inguruan hasiko dira kiroldegiko berritze lanak
Zestoako Udalean astelehen eguerdian egin den prentsaurrekoan Gorka Unanue Zestoako Udaleko Hirigintza Batzordeko buruak adierazi duenez “kiroldegiaren berritze lanak azaroak 20 edo 25 inguruan hasiko dira, bitartean Udalaren beste lokal bat akondizionatzen ari gara eta obra egiten den bitartean kiroldegiko frontoiaren zati bat erabilgarri egongo da haurrek aterpean jolastu dezaten”.
Prentsaurrekoaren ondoren kiroldegia bisitatu dute Zestoako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko kideek.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide