Albisteak
%0,7 igoko dituzte 2020ko udal tasa eta zergak
— 2019-10-282020rako udal tasak eta zergak KPI-aren arabera igotzea erabaki du Udalak. Pasa den ostegunean egindako udalbatzarrean hartu zen erabakia, aho batez. Tasa eta zergek %0,7ko igoera izango dute.
Ura eta zaborra
Gipuzkoako ur kontsortzioaren erabakia jarraituz, Zestoako Udalak uraren tasa %2,55 igoko du. Zaborraren kasuan, berriz, aldaketa bat emango da. Hemendik aurrera, langile kopuruaren araberakoa izango da ordaindu beharreko tasa. 0 eta 3 langile bitartean dituzten lantokiek tabernariek ordaintzen duten tarifa berdina izango dute. 3 eta 10 langile dituzten tailerren tasa mantendu egingo da. Lokal hutsetako jabeek %50eko murrizketa izango dute. Bestalde, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan %1eko igoera emango da.
Ibilgailuak
Ibilgailuen gaineko tasa eta zergek hobariak izango dituzte. 30 urte baino gehiago dituzten ibilgailu historikoek %100eko hobaria izango dute; ibilgailu elektrikoek %75ekoa eta, ibilgailu hibridoek %50ekoa.
Eraikuntzak
Eraikuntza, instalazio edo obretan eguzki energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikoa ahalbidetzen duten sistemak ezartzen badira, %95eko hobaria izango dute herritarrek. Hori aplikatu ahal izateko ezinbestekoa izango da beroa sortzeko instalazioak Administrazio eskudunak homologatutako kolektoreekin hornituta egotea.
Bestalde, heriotza bat dela eta jabetza aldaketa egiterakoan ezartzen den plusbalioa ordaintzeko %75eko hobaria jasoko dute zestoarrek.
Kiroldegiko kuotak
Gaurtik aurrera kiroldegian izena emateko aukera egongo da, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 17:00etara, kiroldegian. Urte osoko abonua egin nahi dutenek, 150 euro ordaindu beharko dituzte. Ikasle, langabetu eta pentsiodunek 100 euroko kuota ordainduko dute. Familiako urteko bonua 320 eurotakoa izango da, urte erdikoa 90ekoa, eta eguneko sarrerak 5 euroko prezioa izango du.
Egin zaitez bazkide