155. Herriko frankistak zubiak eraikitzen

Ez dira bromatako ilarak, eguna joan eguna etorri, sortzen direnak bainuetxeko zubiko obrak direla-eta; ia kanposanturaino iristen direnak ikusi izan ditut, goizean goiz, arrosario-bihiak balira bezala. Duela urtebete, Genovan (Italia) Morandi bidezubia erori zenean, Gipuzkoako Foru Aldundiari begira jarri ginen gipuzkoar denok, badaezpada ere. Baina berehala atera ziren komunikabideetara herritarrok lasaitzera: lasai egoteko, azken hiru urteetan 200 azpiegitura sakonki ikuskatu omen zituztela. Bi modutako “auskultazioak” (hala dio Noticias-ek, “auscultaciones”) egiten omen dituzte; batetik, junturak, barandak, kolpeak eta kontuan hartzeko beste zenbait gauza hiru hilabetero begiratzen omen dituzte; azterketa sakonagoa, berriz, lau urtetik behin.

Kontuak kontu, gure bainuetxeko zubia nahiko egoera kaskarrean egon behar zuen, eta kotxe ilarak gorabehera, pozik hartuko dugu hemendik aurrera kotxean seguruago pasako garela jakitea.

Ez da oraintxe egindako zubia, ez horixe; 66 bat urte baditu, dagoeneko. 1952an hasi ziren lehendabiziko lanak. Zubiaz gain, bariante dena diseinatu zen, Artzubiagatik bainuetxe alderaino, hau da, aktak dioen bezala “hasi Jose Maria Etxeberriaren etxetik eta Construcciones Eguiguren lantegitik, eta Artetxe hotelaren aurrean Miserikordiarako bideraino; gero bidea zabaltzea hortik bainuetxeko burdin-hesiraino eta Urola gainean zubi berria eraikitzea”. Poz-pozik ziren gure udal gizonak (udalbatzan emakumerik izaterik pentsatu ere ezin zitekeen): Fidel Lizaso alkatea eta Pedro Zubia, Joakin Egiguren, Justino Gurrutxaga, Juan Artano, Jose Olaizola eta Kandido Azpiazu zinegotziak. Orduko aktak dioen bezala (1952-02-27) “Udalbatza honen poza agertzea, gaurko egunez, Yarza jauna, Herri-lanetako Buruzagitzako Ingeniariak, bere laguntzaile Urtizbereak eta buruzagitzako langileek hasiera eman baitiote herriko errepidea desbideratzeko seinaleztapenari”.

Handik puska batean ez zen obren berririk udaleko paperetan baina geldirik ez zeuden Zestoan: Aizarnatik Santa Engraziarako bidea egiteko laguntzak aipatzen dira, Arroabeko eta Sastarraingo ur-ekartzeak, Endoiako bidea eta ermita, San Joango ermita konpontzea…

Eta nahiz eta udal agiriek berri handirik ez diguten ematen, jakin badakigu 1953ko udazkenerako hasita zeudela lanak. Baio baserriko Fernando (bueno, Fernando deitzen genion denok baina bere benetako izena Jose Bernardo zen) ezagutzen genuenok maiz entzun izan genion anekdota polit bat: Fernando eraikuntza lanetan ibili zen bizitza osoan, eta bainuetxeko zubia egiten ari zirela ere han tokatu zitzaion nonbait lanean jardutea. Uda –eta, ondorioz, ibaia baxu zegoela– aprobetxatuz, udazkenerako bukatuak zituzten zubi-brankak edota zutabeak. Baina ondo eta gogor egin zituzten ikusteko proba erabakigarria urriaren 14ko uholdeekin izan zuten. Argazkietan ikus daitekeen bezala, nahiz eta egur enbor eta sastraka ugari han kateatuta geratu, hala eta guztiz ere, zubi-brankek ondo eutsi zieten uraren indarrari. Arrazoiarekin esan ohi zuen Fernandok, han egindako lan denak uholde haiek eraman ez zituztenean, puska baterako zubia izango zela hura. Eta halaxe gertatu da.

Zubi hori eta gainontzeko errepidearen sustapena eta finantzazioa, Espainiako Gobernuari eta Francoren akolitoei esker izan zen baina esaerak dioen bezala, “nahiz gari nahiz galtzu, emana bada isilik hartu” (Hor, etorri zitzaizkigun diru batzuk Ekaingo erreplikarako ere, Madriletik, Alvarez Cascosen garaian, baina inork gutxik egin zien muzin garai hartan geneukan finantzazio premiarekin). Errepidea zabaldu zen garai haietan, laguntzaile garrantzitsuena Don Fernando Suarez de Tangil izan zen, Conde de Valdellano eta Francoren Herri-lan ministroa. Errepideko lanak amaitu zain egon gabe, 1954ko irailean, egin zuten Zestoako seme kutun. Nolanahi ere, esan behar da, Vallellanoren defentsarako, oso estimatua zuela Zestoa ministro hark, eta urtero-urtero etorri ohi zela uda pasatzera bainuetxera (30 urte baino gehiagotan bai). Oraindik orain kontatu zidan Karlos Alkortak, nola etortzen zen ministroa, kotxe ofizial beltz batean bere txofer eta guzti, bainuetxetik Alkorta atarira, eta nola zuzenean sartzen zen kafetegira eta mahaian esertzen zen, zerbitzariak bere ohiko edaria atera ziezaion.

Herriko seme izendatu eta handik urtebetera (1955ko iraila) Vallellano kondeak aditzera ematen dio Zestoako Udalari bariantearen bigarren zatia egiteko proiektua ontzat eman duela, eta ia beste urtebetera (1956ko abuztua) obrak adjudikatu direla. Lanak bukatu samartuta egon behar zuten 1958ko maiatzerako, eta Zestoako Udalak erabaki zuen errepide zati hari, “Avenida del Generálisimo Francon [gaur egun Toribio Altzaga] hasi eta San Joan bidean amaitzen denari, Avenida del Conde Vallellano deitzea, eta erabakia herri honetako hain seme kutun denari jakinaraztea”.

Obrak amaitu ondoren, izango ziren inaugurazioak, protokoloak, musikak eta alegre biribilketak baina ez dut gehiegi maiseatu aktatan.

Eta bukatzeko, etxean obra egiten duzunean, ondo zegoen hura orain zahar-zaharra ikusi ohi den bezala, bainuetxeko zubi horren ondoko Gesalaga zubi zaharra geratzen zaigu orain zeharo nabarmen. Zubi hori 1792 inguruan eraikitakoa da eta oso obra garrantzitsua izan zen garai hartarako (zubi hori baino lehen Lauiturrietatik gora, Erretzabal eta bainuetxe gainetik joan behar izaten zuten Lasao aldera). Gerra garaian (1936), errepublikazaleek, ihesi zihoazela, lehertu egin zuten zubiaren zati bat, baina ondoren nahiko txukun zaharberritu zuten frankistek. Benetan, mereziko luke zubi historiko hori pixka bat txukuntzea, ez da oso garesti aterako nire iritsiz. Gobernu osaketak direla eta, aurretiagoko zereginak edukiko ditu oraingo Sustapen ministro José Luis Ábalos Meco jaunak, baina akaso erronka ederra litzateke gure alkate jaunarentzat Madrilera joan eta Abalosi pixka bat kartera tentatzea. A, eta lehengo alkate eta zinegotziek, hala, Madrilera, ministroekin hitz egitera, joaten zirenean, bidai hura aprobetxatu ohi zuten Amabirjinetarako zezen enpresariekin hitz egin eta torero eta kuadrillak kontratatzeko. Hara, ez da aukera txarra…!

Bromak alde batera utzita, benetan esaten dut: merezi du Gesalagako zubi zaharrari burdinazko edo harrizko baranda soil bat jarri eta pixka bat txukuntzea. Batek baino gehiagok eskertuko luke.

Argazkia: Uholdeak azpian hartu zituen bainuetxeko zubi berriaren brankak; masaderak ez du ematen itoko denik. www.kutxateka.eus. Identifikazioa: 17669078. Argazkilaria: Paco Marí. Urtea: 1953




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide