174. Garai bateko Zestoa

Beti da atsegina eta probetxugarria gure herriari begiratu bat ematea. Askotan aipatu izan dudan Madrilgo Casa Postal zoragarrian erosia da postala. Ez da lehen aldia establezimendu horretaz hitz egiten dudala hemen. Interneten erosi eta hurrengo egunean etxean edukitzea gauza ederra izango da baina hutsaren hurrengoa dendara bertara joatearekin konparatuta. Denda eder-ederra da, dena bitxikeriaz josia eta armairu mordo batekin, denak kajoitxoz beteak; haietan, gaika edo geografikoki antolatuta, milaka postal eta paper. “Erakuts iezadazu Cestona…” esaten badiozu, “rast”, irekiko dizu kaxoia eta eskua bete postal aterako dizu; denek hizki bat dute atzean, lapitzez idatzita, “A”, “B”, “C”… Letra bakoitza prezio bat da.

Belen Carrasco da dendaren arduraduna. Ni, hara joaten naizenean, nahiz eta momentu bakanetan izan eta dendariak ez nauen lehen kolpera ezagutzen, ezin ba isilik geratu, eta tira, postal hau erosi nuenean zera esan nion: begira, hauxe zen ba gure herria duela ehun urte. Eta Belen, han dendan Espainia guztiko milaka herritako milaka postal edukita, ez hotz eta ez bero geratu zitzaidan. Ez nuen besterik espero, baina banekien nondik zirikatu. Begira, hor ezkerrean ikusten den etxe horretan bizi izan zen Pio Baroja gure herrian mediku izan zenean. Eta espero nuen bezala, bere kuriositatea piztea lortu nuen, eta han hasi ginen, Baroja gure herrian bakarrik izan zela mediku, eta handik gutxira Madrilera joan zela eta abar eta abar. Ni gustura, pedanteria eta sasi jakinduria apur bat azalduta, eta bera ere gustura nire erosketa apurrei esker goiza “salbatzen” lagundu niolako, eta bide batez pixka bat entretenigarriagoa egin zitzaiolako goiza.

Esan bezala, duela ehun urte ingurukoa da argazkia eta ezkerrean, esan bezala, Baroja eta familia bizi izan ziren etxea, Medikuzarraren etxea. Nicasio Umerez izan behar zuen mediku zaharra. Eskuin alderago, berriz, Cristina hotela, gero Goñi izango zena. 1917an eraiki zen eta, beraz, badakigu beranduagokoa dela argazkia; bestalde, Blasa artean eraiki gabe dagoenez, 1921-22 baino lehenagokoa izan behar du. Cristina dagoen leku berean egon behar zuen Ariztondo etxea, elizako paretetan itsatsita dauden hilarrietako baten jabea. Ez dakit zer izen zuten Cristinaren kontra zeuden etxeek. Gogoan dut, Akoako Armokako ermita auzolanean berritzen ari zirela, etxe horietako batera etorri ginela traktorean, gu ume koskorrak, eta hortik ermitaren zorua egiteko harlauza handi batzuk eraman zituztela (orain bat-batean pentsatzen jarrita, harlauza haiek ote ziren garai batean herriko kaleetako espaloietan zeudenak? Auskalo).

Eskuinerago, gaur egun Potxolo denda dagoen etxea ageri da. Erreparatu gaur dendaren ondoan dagoen etxebizitza artean eraiki gabe zegoela, alegia, bi etxeak bat bakarra zirela garai hartan. Uste dut, nahiz eta ez nagoen guztiz seguru, Gurutzeaga zuela izena etxe horrek. Izan ere, XVIII. mendeko agiri batean hiru etxe aipatzen dira Gurutze inguruan: Gurutzeaga, Gurutzeagatxiki eta Atxararangoa; azken hori Ambulatorio zaharra zen lekuan zegoen, eta Gurutzeagatxiki, berriz, Artzei kafetegia dagoen tokian. Beraz, beste zein etxe izan zitekeen Gurutzeaga?

Tira, ba Gurutzeagan atzean Zurbanoneko etxea ikusten da. Agiriek diote 1929an egin zuela hotela Pilar Gurutzeta, Zurbanoren alargunak, baina litekeena da lehendik etxea izatea eta 1929an hotel bihurtzea. Eskuinerago, frontoia eta gero Panaderokoa. Horien atzean ageri da Gaztañoneko etxea ere. Bistakoa den bezala, artean ez zen maristen eskolarik, are gutxiago egungo Ariztondo plazako etxerik. Txikia zen orduan Zestoa, baina Lazkaotxikik esango zukeen bezala, txikia bai baina eskasa ez.

Garai hartan nondik nora zihoan Azpeititik Zumairako errepidea? Bada, horixe, dilijentzia ageri den horixe zen errepide nagusia (edo kotxea ote da?). Berritu berria ageri da eta, hain zuzen ere, urte haietan zabaldu eta konpondu zen-eta errepide guztia. Cristina hotel ondotik Portalekoara eta handik tren geltoki aldetik (artean eraiki gabe) Artzubiagara (Artzubiaga ataritik, ez orain doan bezala gainetik; gaineko hori 1953eko uholdeen ondoren egina da). Elosegiren etxean (lehen Ekain elkartea izandakoa), Endoia aldeko horman, oraindik ere han daukan azulejuzko “Cestona” eder hori garai hartakoa da, eta Arrazolaren etxe-kantoian (Txokotxiki) duela gutxira arte egon zen kilometro-harria ere bai. Horregatik esaten da kantoi horretatik bainuetxeko geltokiko zubira kilometroa dagoela justu-justu errepidez. Oraindik ere han dagoela uste dut harria.

Gainerakoan, dilijentzia (edo kotxe) inguruan Gesalaga, Zelaiakoa, Postetxea, Elortza… eta gune historikoa, berriz, betiko moduan, denbora pasako ez balitz bezala. 2.900 lagun inguru bizi ziren udalerri osoan; 1.200 bat herrigunean? Berdea eta artasoroak nagusi, ez dauka oraingo antzik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide