190. Atzo eta gaur, enbor bereko adarrak

Historia kontuetan jarduten dugunok askotan ikusi izan dugu, ustez kontu modernoak, gaur gaurkoak, iruditzen zaizkigunak aspaldi asmatutakoak izan ohi direla, alegia, mundua ez dela atzo goizean jaioa. Gaur gaurko mundutxo hau zuhaitz erraldoi baten azkeneko hostoa baino ez da; hosto hori adaska zaharragoetara txertatuta dago, adaska horiek adar zaharragoetara eta, azkenik enborrera. Gero, berriz, lupean lurgainean bezain egitura eta mundu zoragarri bat garatzen da, eta denak hasierako hazi edo kimutxo hauskor hartara garamatza. Beste modu batera esanda, Xabier Lete poeta handiak esan zuen bezala –eta Laboak kantatu– “gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, burruka hortan iraungo dute zuhaitz-ardaska gazteak”.

Bada, horixe, gauza asko, guri gaur gaurkoak iruditu arren, aspalditik datozela. Kontu hauetan bada, ordea, ikuspegi oso desberdina duen jendea, eta horien artean daude gure politikariak. Eta behingoz sarrera enigmatiko honi utzi eta joan nadin harira: politikoek, jainko txikien modura, uste dute hainbat proiektu edo asmo beraiek inor baino lehen pentsatuak direla. Honezkero, Arteaga baserriko  nagusi eta alkate jaunari belarriak tentetu zaizkionez, ezer baino lehen esango dut ez dela nire intentzioa hemen eztenkadaka hastea berari. Bakar bakarrik, bere buruari kreatzaile papera aitortu nahiko balio, historialarion “monitum” edo ohartarazpen txiki hau bere begien aurrean jartzea. Redios, txakur-gaitzetik operatu dutenetik ondo nahasgarria eta enigmatikoa etorri duk ba gure Fernando, esan duzu, dagoeneko, irakurle! Ez kezkatu; asuntoa erraza da. Azkenaldian, asko aipatzen ari gara udaletxean, kiroldegi aurre hori birmoldatzea eta, horrekin batera, Gurutzeaga frontoi zaharra estaltzea. Bada, horixe, jakin nahi duenak jakin beza proiektu hori bero-bero eta egiteko zorian egon zela 1934an, eta ez garela, beraz, Amerika deskubritzen ari. Horixe besterik ez, eta barka enigmak eta broma-haizeak.

1934ko urte hasieran zerbait entzun da Gurutzeaga frontoia estaltzeari buruz, eta Joxe Leon Zabaleta, hain zuzen ere, ondoko etxearen jabea, belarriak tente jarri da. Udalak berarekin harremanetan jartzea erabaki du eta “delegazio” bat bidali du (“se visitara al señor Zabaleta para que conteste los requerimientos del Ayto. en base a los derechos que pueda tener sobre dos o tres metros de terreno del frontón”). Korapiloa dago, nonbait, eta agiriek ez dute ezer garbirik ateratzen. 

Udalak asteroko azokarako eta udako pilota zein gainerako emanaldietarako nahiko luke estali frontoia baina inbertsio handia, nonbait, eta beste aukera batzuk ere ez ditu baztertzen. Obra ugaritan sartuta dago udala (Ibañarrietara eta Iraetara ura eramatea, Arroaerrekako bidea, Aizarna eta Arroako estolderia, Santa Cruz kalea konpontzea, mataderi aurreko plazatxoa –gaur egun Pio Baroja– txukuntzea…) eta azoka egiteko, oso aproposa litzateke kanposantu zaharrean (elizaren kontra, gaur Elizondo) Eliza egiten ari den lokala. Izan ere, lokal horren behe solairua aparta litzateke azokarako ez ezik, baita urtean zehar eguraldi txarra denean herritarrak babesteko ere. Elizak ez du arazorik lokala errentan uzteko: “No tendría inconveniente en ceder dicho local al fin expresado por la renta anual de cien pesetas siempre y cuando el aguacil se encargue de quitar y poner los bancos y de limpiar el mercado”.

Gauzak horrela, iritzi kontrajarriak daude udalean: batzuk aukera hori aprobetxatu eta frontoiaren estalpea bertan behera uztea proposatzen dute, eta beste batzuk, berriz, frontoia estaltzea hobesten dute. Kontrakoek zera diote, gaztelera noblean: “Dice que tratándose de instalar un mercado en una obra nueva como se acaba de aprobar [elizaren ondokoa alegia] no cree que sea necesario cubrir el frontón. Por otra parte oye que muchos están en la creencia de que va a ser un negocio esto de cubrir el frontón y él es del parecer que no será así, pues de serlo en Cestona hay dinero de particulares para hacerlo y lo harían, y cuando no lo hacen entiende que no hay negocio. Llama la atención sobre la gran deuda que pesa sobre el Ayuntamiento y por eso opina que por ahora no debe cubrirse”. Aldekoek diotenez, berriz, “el argumento (…) de que si fuera negocio lo harían los vecinos adinerados tampoco encuentra razonable pues el frontón es un edifico del pueblo y es el pueblo el que debe hacer, pues si costeara la obra un particular al pueblo le costaría dinero su uso y hecho por el pueblo no costaría nada su aprovechamiento”. Argudio sakonak batetik eta bestetik baina dirua falta eta adostasuna ere bai. 

Azkenean, erabakia: bederatzi alde eta bat kontra, beti ere, baldintza batekin, “con la condición de que no se emplee para cosas inmorales”. Estaltzearen proiektua Pablo Zabalo arkitekto ezagunak egin zuen (Edoiako eliza ere hark proiektatu zuen). Aurrekontua, 60.000 pezeta inguru. Erabakia hartu eta hurrengo egunean Gobernu Zibilera bidali zuten ediktua eta handik egun batzuetara argitaratu. Zerbait gertatzen da, ordea, tartean, lanak atzeratzen dituena; uztailaren 13an Zabalo arkitektoak galdetzen du ea nola doan prozesua baina agirietan ez da ageri zer erantzun eman zitzaion. Elizari berriro galdetzea erabakitzen dute, ea eliza ondoko lokala erabiltzeko eskaintzak indarrean jarraitzen duen. Seinale txarra; zerbaitek eragozten du frontoia estaltzearen proiektua. Abuztuan Elizaren erantzuna. Errenta, 8 pezeta hilean. Udala konforme.

Pixka bat gehiago ikertuz gero, ez legoke zaila jakitea zergatik geratu zen bertan behera frontoia estaltzeko proiektua baina hurrengo baterako utziko dugu. 

Azoka toki estali batean egitea; herritar eta umeentzako urtean zehar aterpe egoki bat edukitzea; pilota eta beste ikuskizunetarako leku apropos bat izatea… Arrazoi sakonak, 1934an zein 2020an udal agintarien arreta eskatzen duten gai garrantzitsuak. Orduan bezala gaur, erabaki zailak. Goraintziak Arteagako nagusi – herriko alkateari eta “Fata tibi favent”, alegia patua zure alde izan dezazula. 

Argazkia: Album gráfico descriptivo del País Vascongado. 1914-1915




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide