Paperekoa
1936 herritarren memorian
— 2016-10-08Laurogei urte pasatu dira 1936tik eta laurogei urte bete ziren irailaren 21ean tropa frankistek Zestoa hartu zutenetik. Inguruko hainbat herritan ez bezala, Zestoan gaiaren inguruko ikerketa sakonik ez da egin oraindik, nahiz eta azken urteotan hainbat testigantza jaso eta dokumentatu diren. Egun haiek bizi izan zituzten batzuen testigantzak jaso ditugu artikulu honetan; hitz batean, memoria. Gerra garaia Zestoan pasatu zutenen memoria biltzen du artikulu honek, adinagatik edo emakume izateagatik frontera joan ez zirenena. Memoria, garaiko gertaera eta egoerak baldintzatzen dutela kontuan hartu behar da, 40 urteko diktadurak eta irabazleen propagandak zeresana izan dezakeela.
GERRAURREKO EGOERA
“Errepublika garaian EAJ/PNV zen herrian alderdi nagusia”, Maria Jesus Etxaideren arabera. Migel Larrañagak ere hala dio: “Herrian gehienak nazionalistak ziren, eta aberatsenak erreketeak zirela esaten zuten”. PNVkoek euskara klaseak ematen zituztela oroitzen du Maria Jesusek, “Iriondonean, lehenengo pisuan, sifoiak egiten ziren lekuan. Petrita Azpillagak ematen zituen klaseak”. Batzokia ere hantxe omen zegoen, euskara ikasten zuten lekuaren goian, “Martintxiki bizi zen eraikinean. Han egoten ginen, egongela moduko bat zen. Denetik egiten genuen, baina politikarik ez, gazteak ziren eta”. Migelen etxean politikari buruz ez omen zen hitz egiten, “Ez nazionalista, ez karlista, ez ziren aipatzen”.
GERRAREN LEHEN BERRIAK
1936ko uztailaren 18an gerra hasi zenetik tropa frankistak Zestoara iritsi arte hiru hilabete paseak ziren. Denbora tarte horretan, sumatu zuten aldaketarik zestoarrek. Iraetan, esate baterako, kontrolak jartzen zituztela dute gogoan. Rafael Larrañagaren hitzetan, “Perratzailekoan barrera bat jarri zuten kaseta batekin. Han egoten ziren guardian alderdietako besokoarekin: batzuk UHP, besteak CNT… PNVkoek ikurrina eramaten zuten besoko gisa. Txandaka ibiltzen ziren zaintzak egiten. Automobil guztiei alto eman eta dokumentazioa hartu eta… Lehendabizi ikusi genituen aldaketak horiek izan ziren”. Maria Teresak, berriz, Nafarroako berriak entzuten zituztela oroitzen du, “Ez dakit zenbat hil zituztela eta…”.
Maria Jesus Etxaidek, berriz, Hotel Arozenan karlistak preso egon zirela oroitzen du: “CNTkoek karlista batzuk preso hartu zituzten. Hil egingo zituztela esan zuten, baina Eugenio Alkorta alkateak bera egingo zela kargu esan zuen eta aske geratu ziren. Karlista haiek zestoarrak ziren”.
Egin zaitez bazkide