Albisteak

2017an gauzatuko da Zestoan erabakitzeko eskubidea

Larunbat goizean herritar talde bat bildu da Zestoako Gure Esku Dago taldeak deitutako bileran. Herritarren iritziak, ekarpenak, proposamenak… jaso eta Zestoan erabakitzeko eskubidea gauzatuko den edo ez erabaki nahi izan da bileran. Bertaratu diren herritarrek, 2017an Zestoan Euskal Herriaren etorkizuna erabakitzeko herri galdeketa bat egingo dela erabaki dute. Ikusita inguruko zenbait herrik ere hemendik urte betera egingo dutela, Zumaiak eta Getariak esaterako, olatua aprobetxatu eta data antzekotan egitea erabaki da. Sei hilabete inguruko lanketa prozesua eskatzen duela galdeketak adierazi dute Gure Esku Dago taldeko kideek, bertaratutako batzuek jada lanerako konpromezua agertu dute eta beste hainbat eta hainbat herritarrengana heldu nahi dute. Bertaratu diren herritarrek, herri galdeketa ariketa demokratikoa izateaz gain, herritarrak batu eta ikuspegi ezberdinak elkarlanean aritzeko aukera dela adierazi dute.