Albisteak

2017ko Eskola Txikien Festa aurkeztu da Arroabean

Astearte goizean aurkeztu da 2017ko Eskola Txikien Festa Arroabean. Aurkezpenean festa antolatzen jardun duten eragileak eta laguntzaileak izan dira. Ainara Etxenausia Gipuzkoako Eskola Txikien Guraso Koordinakundeko lehendakariak hasi du prentsaurrekoa: “Urtero legez, Eskola Txikien Komunitatea osatzen dugun herritar zein auzokideak, festa giroan elkartuko gara ekainaren 11ko festan, eskola herrian edo auzoan izateak duen garrantzia aldarrikatzeko. Urtero egiten dugun bezala “ESKOLA TXIKIAK BIZIRIK, HERRI ETA AUZO TXIKIAK BIZIRIK” gure leloa aldarrikatzeko”.

Mikel Goñi irakasleen koordinatzaileak komunitatearen garrantzia azpimarratu du, “irakasleen koordinazioa indartsua da, gurasoen partaidetza, inplikazioa eta koordinazioa ere txalogarria, eta Eskola Komunitate osoen partaidetza aprobetxatu nahi izaten dugu etorkizuneko Eskola Txikien amets, ilusio, helburu eta egiteko moduak konpartitzeko, pentsatzeko eta hobetzeko. Gure eskoletara datozen haurrak baitira oraingo eta etorkizuneko herri txikiak izango direnak”. Imanol Zubizarreta BAIKARAko kideak eskola txikien hezkuntza komunitatea osatzen duten gurasoak aipatu ditu, “konpromisoa, inplikazioa, partaidetza, ikastetxearekiko hurbiltasuna” hobekien adierazten dituen kolektiboa direla azpimarratu du, besteak beste. “Euskal Eskola Publikoa ez litzateke gauza bera eskolak txikiak gabe” adierazi du Zubizarretak.

Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak ere hartu du hitza: “Jakitun naiz lan handia egiten ari direla herriko eragile ezberdinak. Irakasle, ikasle, guraso elkarte, Auzo elkarte, boluntarioak… Zestoako Udala ere bere partea ipintzen, bai kultura/euskara aldetik, hirigintza eta zerbitzu aldetik… Denei luzatu nahi diet nire esker ona”. Jexux Albizu Arroako eskolako zuzendariak adierazi duenez “pozik gaude eskola txikien proiektuko parte garelako. Hezkuntza modu hau, landa eremuko herri eta auzo txikientzat oso da garrantzitsua. Eta aberasgarria da administrazioak eredu honi eutsi nahi izatea, hala izan dadila urte askotan”.

Kepa Iribar Sakulupe Guraso Elkarteko ordezkariak prestatu duten egitaraua aurkeztu du. “Lau gune antolatuko dira auzoan: gune bakoitzak bere kolorea izango du, eta ekintza ezberdinak burutuko dira hauetan. Ekintza ezberdinak antolatu dira: puzgarriak, tailer ezberdinak, ipuin kontalaria, jolasak… Eta eguna amaitzeko, denak batera apar festan parte hartuko dute. Auzoa autoentzat itxita egongo da festak irauten duen bitartean. Arroara etortzeko garraio publikoak erabiltzea gomendatu nahi dugu, autobusa edo trena. Kotxez edo bere herritik antolaturiko autobusez etortzen direnak Sansinenea poligonoan antolatuko den parking-ean aparkatu ahal izango dute” adierazi du Iribarrek.

Arroako eskolako ikasleek ere festa antolatzen parte hartu dute. Iker Eizagirre eta Arhane Rodriguez Arroako ikasleek orain arte egin dituzten ekintzak azaldu dituzte: “loreak egin eta margotu ditugu, dantza entseatu eta abestia txirularekin jotzen ikasi dugu, abestia grabatu dugu, marrazkiak egin eta logoa aukeratzen parte hartu dugu, kamiseten koloreak aukeratzen parte hartu dugu eta jolasak aukeratu eta egin ditugu”.

Prentsaurrekoa amaitzeko 2017ko Eskola Txikien Festako bideoklipa aurkeztu dute, hemen duzue ikusgai:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide