Albisteak

2017ko udaberrian egingo da Gure esku Dagok sustatutako galdeketa Zestoan

Asteazken arratsaldean Azpeitin egindako prentsa agerraldiaren bidez, Azpeitik Urola Kostako sei herriri lekukoa pasa die. 2016ko ekainaren 5ean azpeitiarrek herri galdeketa egin zuten, eta atzo (Urriak 19) Zestoa, Azkoitia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako herritarrei lekukoa eman zieten.

Herri galdeketa Gure Esku Dago herri dinamikak sustatutakoa izango da eta herri bakoitzean batzorde bat eratua izan da galdeketa antolatzeko. Zestoan ere batzordea sortu da eta lanean hasia da 2017ko herri galdeketa antolatzeko helburuarekin.

Azpeitin galdeketa antolatu zuen Hitzartu talde eragileko Laxaro Azkunek hartu zuen hitza ekitaldian: “2019a bitartean, eremuz eremu, erabakiaren bidea jorratuko du Gure Esku Dago ekimenak, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera igaroz. (…) Argi eta ozen esan nahi dugu, eskualdeko herri hauetan, 2017ko udaberrian herri-galdeketak egin ahal izateko bidea zabalik dagoela. Aurrera egiteko gogoa eta ilusioa ere ez da falta. Lanera, beraz. Urola Kostako herrien ordua ere iritsi delako, erabakia GURE ESKU DAGO!!!”

Zestoako Gure Esku Dagoren facebook orrialdean jarrai dezakezue dinamikaren gaineko informazio guztia.

Argazkia: Urola Kostako Gure Esku Dago




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide