Albisteak

2020ko aurrekontu parte-hartzaileetako proiektuak aukeratu dira

Azaroaren 20an izan zen parte-hartze prozesuaren aurreneko bilera eta 36 proposamen jaso ziren orduan. Hauek aztertzen eta ahalik eta aurrekontu errealena lortzen ibili da ordutik Udala. Aurrerago azalduko ditugun arrazoi ezberdinengatik, 36tik 19 baztertuak izan ziren eta geratzen diren 17 horiek 13 proposamenetan bildu ziren. Herritarrek hauetatik 6 aukeratu behar zituzten. Arau gehiago ere bazeuden ordea, boto kopuru bera jasotzen zuten proiektuen kasuan, proiektu merkeena aukeratuko zen (proposamen gehiago onartze aldera) eta bestetik, 6 multzotan sailkatuta zeuden proposamenak eta multzo bakoitzeko bi baino gehiago ezin ziren bozkatu.

Aukeratu ziren proposamenak beraz ez du esan nahi boto gehien lortu zituztenak izan zirenik, “Zubiaurre gunean erabilera anitzeko tokia egokitu” proiektuak esaterako, boto asko lortu zituen baina beste baten boto kopuru bera izan zenez eta arauak merkeenak jarraitzen zuela aurrera esaten zuenez, kanporatua izan zen.

Gauzak horrela, azkenean behintzat hauek izango dira herritarren parte hartzearen araberako bilera loteslean erabakita, 2020an gauzatuko diren inbertsioak:

  • Aizarnako Kultur Etxeko 2. solairuan berogailua jartzea (3.260,95 €)
  • Kultur ekintzetarako gela eta ikasgela egokitzea Portale kaleko udal eraikinean (4.308,74 €)
  • Lizarraitz kalean, lurrazpiko pasabidean sartu baino lehen argiteria jartzea eta oinezko pasabidea berriz margotzea (5.539,02€)
  • Zestoako erdiguneko oinezko pasabideetako zenbait koxka kentzeko lanak egitea (6.225,21€)
  • Uztapide plazako umeen parkea partzialki berritzea (9.438€)
  • Aizarnako plazako errepideko zuloak konpontzea (21.719,50€)

Baztertutako proposamenak

Mikel Arregi alkateak azaldu zuen botazioaren aurretik zein izan ziren baloratu gabe gelditu ziren proposamenak eta zergatik. Lau multzotan sartu ziren baztertuak. Garbi azaldu zuen dena den, proposamen guztiak hartuko dituztela aintzat legegintzaldian. Horko hainbat gauza inbertsioetarako gastutako poltsatik egingo direla esan zuen, zeharka zerikusia dutelako.

Kiroldegia eta frontoi zaharra batzen dituen gunea

Proposamen multzo honen inguruan azaldu zuen 2020ko legegintzaldirako badituztela gune honetarako asmo batzuk. Batetik, frontoi zaharrerako inbertsio bat aurreikusia badute eta bestetik, parke aldera komun publikoak jarriko dira eta horrek gune horri era baikor batean eragingo diola esan zuen.

Bestetik, herriko eremu zabal honek ikuspegi integral batetik bateratze baten premia duela ikusten dela eta estalpe moduko zerbait aztertzen ari direla aipatu zuen. Ideia hauek esku artean izanik ez dela egokia gune honetan inbertsio handirik egitea dena argitu arte.

Elkarte eta talde ezberdinentzako lokal eskaerak

2020an Zestoan dauzkagun lokal publikoen erabilera arautu nahi dela azaldu zuen eta horretarako deialdi bat egingo dela. Herrigunean 11 lokal publiko daude udalarenak direnak eta beste 11 auzoetan. Jaurlaritzak beste 7 ditu; anbulatorioa eta geltokiak. Baina Udalak ezin du inolako hitzarmenik gabe lokalak inori eman. Jakin badakite, talde asko daudela beraien erabilerarako lokala beharrezkoa dutenak baina banaketa egin aurretik azterketa bat egin behar dela esan zuen alkateak. Kultur etxeari errepaso bat ematea eta ikuskizunetako aretoaren gaia ere lantzeko daudenez proposamen batzuk 2020rako kanpora gelditu dira

Inbertsio ez diren proposamenak

“Hau ez da matematika eta marra askotan difusioa da” esan zuen . Baina gauza batzuk nahiko garbi daude eta inbertsio gisa ulertzen ez diren proposamen batzuk kanpoan gelditu dira. Hala ere, inbertsiotik ez bada ere,  gauza batzuk beste eremu batzuetatik egingo dira.

Besteak

Argi indarrarekin zerikusia zuten gaien inguruan esan zuen, kudeaketa pribatizatuta egotean, baldintzatu egiten zituela gauza batzuk egiterako orduan. Esku hartzeko margena txikia da baina uste duela udalak azpikontratari gauza batzuk exijitu behar dizkiola. Aizarnako ordenagailu eskaerari dagokionean, azaldu zuen erabaki hori ere ikuspegi orokorrago batetik hartu beharrekoa zela. Lau Iturritik Bainuetxerako bidea asfaltatzearen inguruan ere esan zen 89.000 euroko aurrekontua zuela eta 50.000 euroko langa gainditzen zuela.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide