2022.urteari begira Aizarnatik.

 

 

Joan zaigu  2022 urtea ere, eta berriaren hasiera garai egokia da  zaharrak utzi dizkigun ondorioak aztertzeko.  Norbanakoak gehi gizarteak utzi dizkigunak aztertu eta  emaitza hauek  seguru lagunduko digutela  utzitakoak  gainditzen.  

Azken bi urteak gogorrak izan dira. Derrigorrez musukoak erabili  beharrak  elkarren arteko hartu-emanak kikildu  egin dizkigu denoi. Dena den egoera honetaz ahazten hasiak gaude, birusa gure artean ibili arren. Gehiengo batek txertoa hartuta  duenez gure egunerokoan lasaitasuna lortu da. 

Pasa den urteari buruzko gogoeta egitea ez dakit  baliagarria izango den denentzako, baina nik urtero egiteko ohitura dut.  Lagungarri gertatzen zaidala esan beharra daukat. Dena den, aholkuak emateari utzi eta  2022 urteak Aizarnan utzitakoari egingo diot begirada bat. Urte gogorra izan da denontzako, baina hala ere orokorrean  onurak gehiago izan direla esango nuke, eta berauek aipatuko ditut lehenbizi.

Hasteko esan behar jaiak eta ohiko ekintza guztiak itzuli direla lehen zuten normaltasunera.  Hauxe bakarrik ere ez da gutxi ikusi ditugun zailtasunak   ikusi ondoren.

Aipatu  gabe ezin dut utzi aurten jarri duten garraio publikoa ere,  orain Aizarnako biztanleek beste aukera bat dute  herritik irteteko. Ez dakit nahiko bidaiari  izango duen honelako garraio bati eutsi ahal izateko, baina beste aukera bat gehiago  dutela  herritarrak ezin ukatu.

Normaltasunetik irteten duten pasarteak aipatzen ditudanez, aipatu  beharrekoa maiatzean Aizarnako bost haurrek egin zuten lehen jaunartzea ere, aspaldian honelako jaunartze kopururik ez baita gertatu Aizarnan. Haurrak aipatu eta eskola aipatzea dator, berauek eskolan izan duten Aitor Zeberio zuzendariak  erretiroa hartu zuen ikasturtea amaitzean. Urte pila bat zeraman Aizarnan eta  ekitaldi  bero batekin  agurtu zuten bai ikasle bai gurasoek. 

Bestalde, Antxieta taldeak argitaratu duenez,  aurkikuntza aipagarriak ikusi ditugu igaro den urtean,  Amalda III deitzen diogun kobazuloan.  Kobazulo horretan Neanderhtalek  harrizko industria  zutela agerian jarri dute, eta gizaki hauek  nola elikatzen ziren  ere bai. Aurkikuntza hauek oso interesgarriak dira eta gainera balio erantsi bat ematen diote  Aizarnari.

Kirolak ere izan du bere arrakasta herrian, urtea egoki  borobildu dute Jagoba Otaegik eta Amets Aranbarrik. Otaegi pentatloian pauso handiak ematen ikusi dugu, eta Aranbarri, parte hartu duen lasterketa gehienetan, lehen postutan sailkatu da. Aizarnan urteko kirolari onenak aukeratzen hasten bagara, aurten  hauek hautatuko lituzkete.

Baita ere, igaro den urteko hiru egunetan zehar  Hollywood bihurtu da  Aizarna eta  hau ez da urtero gertatzen. Aktore, kamara eta berauen tresneriaz beteta ikusi dugu herria. Carlota Peredak zuzendutako luze-metraia baten grabaketak egin dituzte bertan eta honek ere onura besterik ez duela ekarriko esango nuke.  Aizarna erbestean ezagutzeko baliagarria izango delakoan alegia.

Igaro den urtean oraindik gauzatu ez den  beste egitasmo  baten aurrean ere  ugari hitz egin dugu, naiz alde edo kontra izan. Egitasmo hau   Noruegako Statkraft enpresak Sañu gainean  eolikoak jartzeko aurkeztu duen  proiektua da. 

Denok dakigu gaur, energia  sorgailuek fosil organikoak erabiltzen dituztela, garraiatzeko erabiltzen ditugun moduek bezala,  Guzti honen ondorioak agerian dauzkagu, klimaren aldaketa  eta  kontaminazioa dira. Ondorio hauek ikusi eta energia-iturri  berriztagarriak erabiltzera behartuta gaude, lehen bait lehen hasten bagara  hobe, gure lur maite honetako natura gehiegi hondatzerako.

Urteak utzi dizkigun onuren artean sartzen ditut orain arte aipatu ditudan pasarte hauek, baina denak ez dira onurak izan;  ondorio beltzak ere  utzi dizkigu  eta barauek aipatuko ditut jarraian.

Urte hasieran sute batek  Amilibia-Txiki  baserria kiskali zuen eta suhiltzaileei  esker atxikita zuen etxeak ez zuen kalterik jasan. 

Baita ere  azaroan, beste  sute batek Aizarnako  “Puerteko” deitzen diogun etxea kiskali zuen eta hemen ere eskerrak suhiltzaileei, atxikita zituen beste etxeek kalte txikiak jasan zituzten.

Aizarnatik asko irten gabe  eta otsailean Arroa-goiko Santa Ana kaleko etxe bat ere  kiskalita gertatu zen.  Hemen ere  suhiltzaileei esker beste kalterik ez zen gertatu. Kalte hauek igaro den urteak utzi dizkigun  zorigaitzak dira eta hauek bai ondorio beltzak uzten dituztela kaltetuentzat.

Askotan entzun dut igaro den urtea “Annus Horribilis” izan dela, Europan gerra bortitza sortu du Errusiak eta  irudi penagarriak ikusi ere bai urtean zehar.  Bonba atomikoaren mehatxuak ere entzun ditugu, sinestezina   XXI.  gizaldirako.  Gerraren eraginak direla medio, erregaien   eta elikagaien  salneurriak  neurriz kanpoko igoera  izan dute  eta klima aldaketaren ondorioak ere nabariak izan direla  esan digute, hozberoen errekorrak hautsiaz. 

Adituen esanetan klimaren  aldaketa  gizakiaren eragina omen da, beraz erradikalismoak alde batera utzi eta saiatu gaitezen  naiz erakunde publiko edo pribatu izan,  gure ama lurra lehengo  egoerara  itzultzen.  Ama lurra ez da gurea, prestatuta hartu dugu, beraz ez dugu eskubiderik hondatzeko.  Ondorengoei utzi diezaiegun  hartu  dugun bezala edo hobetuta.  Urte berri on!

Jon Egiguren

 

         




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide