Albisteak

2024ko aurrekontuen bigarren aldaketa onartu zen atzoko Udal Batzarrean

Udal Batzarrak 2024rako aurrekontuen bigarren aldaketa 294.000,86 euroko igoerarekin, aho-batez onartu zuen atzo. Aldaketa horren helburua aurrekontuan hasieran aurreikusi gabeko diru-sarrera zein dirulaguntzetara eta proiektu eta gastuetarako beharrezkoak diren kreditu-transferentzietara egokitzea da. Aldaketa guzti hauek kontutan hartuta, Udalaren 2024rako aurrekontu orokorra 8.704.000 eurokoa izango da.

Sarrera gehigarriak, proiektuak eta dirulaguntzak

2024an hasieran aurreikusi gabeko diru-sarrerak izan dira, aurrekontuan sartu gabeko dirulaguntzak onartu direlako. Gehikuntzak 157.520,76 eurokoak izango dira.

· Arroabeko igogailuaren proiektua: Proiektu honetarako dirulaguntza jaso da, eta gauzatzeko epea 2025eko urrian amaituko da, datozen hilabeteetan proiektua garatuko da eta hurrengo urtean eraikitzea espero dela esan du Mikel Arregik. Proiektu honentzat, 18.150 euroko dirulaguntza jaso da.
· Brigadarentzako ibilgailu berria: 17.500 euroko aurrekontua duen ibilgailu bat erosi da. Ibilgailu berria, konsumo arinekoa dela nabarmendu du Arregik.
· Haurreskolako lokala: Haurreskola handitzeko lanak egiten ari dira, eta aurrekontua 12.000 eurotan handitu da.
· Zestoako Irisgarritasun Plan Integrala:10.500 euroko dirulaguntza jaso da plan hau garatzeko.

Proiektu berriek suposatutako aldaketez gain, doikuntzak izan dira ainbat partideta eta hurrengoak zerrendatu ditu Alkateak.

· Irisgarritasun Plana: 8.700 euroko laguntza jaso da.
· Baso-lanak eta landaketak: 73.000 euroko dirulaguntza onartu da. Aurten, partida horren bi eren jasoko dira, beraz 58.000 euroko partida gehitzen da 2024ko aurrekontuari.
· DUS 5000 programa: Erronka demografikoa duten udalerrietan energia garbiko tokiko proiektu berezietan inbertsioak egiteko laguntzetatik, ia 59.000 euroko partida
· Endoiako Landa dietatik GFAren laguntza: Endoiako eremuari dagokion 28.000 euroko dirulaguntza jaso da.

Kreditu-transferentziak:

Kreditu-transferentzietan murrizketak eta handitzeak sartzen dira; horietako batzuk ez dira exekutatzen, eta beste batzuk, aldiz, bikoiztu egiten dira. Aurretik aipatutako sarrerekin estaliko diren igoerak 157.520,96 eurokoak izango dira.

· Uztapide parkea: prozesu parte-hartzaileetatik abiatutako proiektuan 41.000 euroko igoera aurreikusi da.
· Kale Okerreko proiektua: 40.000 euroko igoera izan da katastroaren eta eskrituren arteko desfasearen ondorioz. Udalak proiektuarekin aurrera jarraitu ahal izateko igoera onartu egin du.
· Lanpostu Publikoen Egonkortze Legearen ondoriozko kalte-ordainak: Udal langileen egonkortze prozesuaren ondorioz, hainbat langilek postua utzi behar izanagatik eratorritako konpensazio ekonomikoak ordaintzea erabaki du Udalak. 24.000 euroko kopurua ordainduko da kalte-ordainetan.

Garikoitz Mendizabal EAJko zinegotziak Fundizio elkarteari emandako 2.000 euroko dirulaguntza zegokion batzarrean ez landu izana salatu du eta Jone Exposito zinegotziak akatsa onartu du.

Udala aurrera eramaten ari dituen dirulaguntza berriak, Zestoako Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreiksita ez zeudenez, dokumentua eguneratu egin behar da eta hori ere aho batez onartu du Udal Batzarrak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide