Albisteak

2025ean hondakinen tasak %40ko igoera izango duela erabaki zen ezohiko udalbatzarrean

Joan den asteartean, urriaren 15ean, Zestoako Udalak ezohiko bilkuran onartu zituen 2025. urterako ordenantza fiskalak. Proposamena gehiengo osoz onartu zen, EAJren udal taldearen kontrako botoekin. Ordenantza berrien puntu nagusien artean, zergak % 3 igotzea eta hondakinen tasa % 40 igotzea nabarmentzen da.

Hondakinen tasaren igoera Europako zuzentarau baten ondorio da. Zuzentarau horren arabera, 2025eko apiriletik aurrera, hondakinen bilketaren eta tratamenduaren kostu osoa zergen bidez estaliko da. Igoera horrek berdin eragingo die etxebizitzei, dendei, ostalaritzari eta industriei, eta horrek eta horrekiko desadostasuna agertu zuen oposizioak.

Zestoako EAJk, adierazi duenez,  batetik, “ez dugu izan ez denbora, ez aukera inongo ekarpenik planteatzeko edo eztabaidatzeko” eta bestalde ” %40ko igoera planteatu du guztiontzat. Ez dugu onartzen merkataritza eta ostalaritzakoei horrelako igoera ezartzea beraien zerbitzuaren kostoan superabita dagoenean”.

Kritikak kritika, gobernu-taldeak nabarmendu zuen onartutako ordenantzek batez bestekoaren azpitik jartzen dutela Zestoa, Gipuzkoan antzeko tamaina duten beste herri batzuekin alderatuta, igoera fiskalen kopuruari eta tamainari dagokienez.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide