208. Eskuzabaltasuna

Gure lanbidean (orain esango dit norbaitek udaletxean lanik egiten al dugun ba, baina tira), gure lanbidean izaten ditugu momentu eder askoak, eta horietako bat aurtengo uztailaren 29an izan nuen. Bi koadro, historia aldetik oso garrantzitsuak, eman zizkiguten herriari Ezenarroazpiko senar-emazteek. Baina azaldu dezadan kontua zehaztasun gehiagoz.

Maiatz-ekainean, ebakuntza baten ondoren bajan nengoela, Ezenarroazpiko etxekoandre Gloriak deitu zidan eta esan zidan bi koadro zeuzkatela baserrian, bere senar Kruz Maria Olaizolaren aurrekoek jasotakoak. Alta hartzen nuenean hitz egingo genuela eta udaletxean elkartuko ginela, esan nien. Hala pasa ziren egunak, harik eta uztailaren 29an Nerea Odriozola, udaleko Kultura eta Ondare batzordeburua eta biok Kruz Mari eta Gloriarekin bildu ginen arte. Bi koadroak ere ekarri zituzten, eta Zestoako Hiribildua sortzeko Gaztelako Erregeak emandako Hiri-gutunaren transkripzioa zeukaten, batak gazteleraz besteak euskaraz.

Poz handia izaten da herritarrek horrelako dohaintzak egiten dituztenean eta gal ez daitezen konfiantzazko erakundeetara ekartzen dituztenean. Pozik hartu genituen geuk ere bi koadroak, baina lan ederrak jarri dizkigute Kruz Marik eta Gloriak koadro horien nondik norakoak ikertzen. Hala ere, esaera zaharrak dioen bezala, gustuko lekuan aldaparik ez, eta lan pozgarria izan dugu koadro horien historia zatia ateratzen.

Has gaitezen ageriko kontuekin. “Oroimen gogoangarri au Cándido Olascoagac bere –ez da garbi irakurtzen “auzoquide” jartzen duela dirudi– Marcelino Aizpuru-rentzat”, dio euskaraz. Gazteleraz, berriz, “Regalo a mi amigo Marcelino Aizpuru por Cándido Olascoaga. La fecha de la carta (…) 15 de Septiembre de 1383. El 15 de Septiembre de 1902 tendrá 519 años.” Dirudienez, orduan, 1902koak dira bi koadrook.

Marzelino Aizpuru Azpillaga (1860-04-26), Ezenarroazpikoa, nekazaria, Kruz Mariren aitona zen. Kandido Olaskoaga Urdalleta, berriz, ezin izan dugu asko ikertu, enigma txiki bat da. Ea hurrengo batean, Aizarnako kronista ofizial Jon Egigurenek argitzen digun zein zen. Kruz Marik ere jakingo du, seguruekin, baina behar zen garaian ez genion galdetu eta, tira, hurrengo batean emango ditugu xehetasun gehiago.

Guk dakigunez, Kandido Olaskoaga Aizarnan bataiatua izan zen 1847ko apirilaren 26an. Ez dakigu lanbidez zer zen baina Deban 1886an, San Roketan, izan zen tira-bira bat tarteko, badakigu hango alkate zela eta han bizi zela. Kultura handiko pertsona izan behar zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiko liburutegian ale batek baino gehiagok jartzen baitute “Ejemp. Procedente de la biblioteca de Cándido de Olascoaga”. Horrez gain, harreman asko zituen Gipuzkoako kultur gizon ezagunenekin, esate baterako, Juan Carlos Guerra legegizon eta historialariarekin, gero ikusiko dugun bezala.

Olaskoaga enigmatiko honek Aizarnarekin lotura handia zeukan eta guk dohaintzan jaso ditugun horrelako koadro bat baino gehiago egin zituen. Esate baterako, Aizarnako herri etxean bazen ale bana, nahiz eta oso egoera kaskarrean egon. Aizarnan ere, litekeena da gehiago izatea. Azkenik, lehen aipatu dugun Juan Carlos Guerra-ri ere oparitu zion kopia bat: “Juan I. Gure asaba edo aurreko chit doatsuak irichitako esku-itza edo karta, Españako errege on Juan Lenbizikoagandik”.

1906ko irailean Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu zuen Euskal Herriko tradizioaren festa (La Fiesta de la tradición del Pueblo Vasco) eta bertan hainbat hitzaldi eta kultur ekitaldiz gain, erakusketa izugarri bat eratu zen Gipuzkoa osoko objektu historiko, etnografiko, artistiko eta abarrekin. Irailaren 4an inauguratu zen erakusketa, handitasun osoz, eta han ziren kultur munduko handiki denak, Gipuzkoa osoko agintariak eta, nola ez, Errege-familia.

Ba, erakusketa horretara, gure Olaskoagak honako gauzak eraman zituen, katalogoak dioenez: “Olascoaga (D. Cándido), San Sebastián. Tres fotografías de la Iltre. Casa Solar de Lili (Cestona). Una id. Del palacio de Alzolarás de Aizarna. Otra id. De la Lonja de Bedua (Cestona). Otra id. Del retablo mayor de la Iglesia parroquial de Aizarna. Otra id. De la vista del Calvario de Aizarna. Otra id. De la vista de la ermita de San Pelayo de Aizarna”.

Eta, hemen dator perla bitxia: “Dos copias impresas de la Carta Puebla de Cestona”. Alegia, Olaskoagak Ezenarroazpikoei oparitutako koadro berdinak jarri zituen 1906ko erakusketan gipuzkoarrek ikus zitzaten.

Olaskoagak Donostiara eramandako argazki eder haiek (pozik ikusiko nituzke) auskalo non galdu ziren. Ezenarroazpikoek, ordea, 118 urtean gorde dituzte txukun-txukun, zainduz eta maitasun osoz. Orain herriari dohaintzan ematea erabaki dute. Anjel Lertxundi idazleak zioen moduan, zerk edertzen du bizitza eman eta eskaini eta oparitu duzunak baino?

Mila esker, Kruz Mari eta Gloria, zuen eskuzabaltasunagatik. Nahi duzuenera arte!