217. Olmedo, eta gerraren zentzua

Aurrekoan, Varela jenerala Zestoan izan zeneko garaiak aipatu genituenean, Zestoako bainuetxea ospitale militar izan zela argitu genuen. Ez dugu, ordea, aztarna garbiegitik ateratzeko modurik, artxiboetako dokumenturik ez dugu-eta eskuartean. Baditugu, hala ere, aipamen solteak. Esate baterako, 1937ko otsailaren 14ko Eguna-k argitaratutakoa: “Cristina jatetxea erreketeak artu zuten eta gudaletxe biurtu; Arozenarena, Falange’tarren gudaletxe; Balnearioa Gudaletxe Nagusi. 400-500 gudari egon oi dira Zestona’n, aldaketa ondoren. Arrate ta Kalamua’tik aldatzen diranak etortzen oi dira Gudaletxe ontara”. Horrez gain, aurrekoan aipatu genuen bezala, Badiola Ariztimuñoren ikerlanak garbi esaten du soldadu errepublikanoak espetxeratzeko kontzentrazio esparrua ere izan zela gure bainuetxe famatua.

Aipatu genuen, baita, lehen fase hartan, batez ere 1937an, alegia, fronteko soldadu frankisten ospitale izan zen garai haietan, ospitalearen lekuko izan zen pertsona bat: Félix González Olmedo jesuita (Aldeadávila de la Ribera, 1880 – Salamanca, 1968). “González” hori arrunt samarra irudituta edo, Félix G. Olmedo bezala aurkezten du bere burua gure jesuitak. Izan ere, Olmedo abizenak Lope de Vega handiaren “El Caballero de Olmedo”, edo auskalo zer, ekarriko zion burura, eta Gonzálezek berriz ezer gutxi.

Tira, oso pertsona interesgarria, jakintsua, eta era berean frankista sutsua, Olmedo hau; oso baliagarria garaiko pentsaera eta mentalitatea ezagutzeko. Bere jesuita ibilbidean, toki frankotan ibilia: Carrión de los Condes, Oña, Burgos, Kuba, Manresa, Gijon, Valladolid, Madril eta, azkenik, erretiratu zen lekua, Salamanca. Batez ere, literatura espainiarraz eta kristau-predikazioaz idatzi zuen (Wikisalamancan aurkituko du irakurleak gizon jakintsu honen lanen berri).

El sentido de la guerra española (El Mensajero del Corazón de Jesús, Bilbo, 1938) dakarkit nik gaur hona. Hango aipamenak irakurrita, badirudi, gobernu errepublikanoak jesuitak erbestera bidalarazi zituenean (1932), Lasaoko jaunak hartu zuela bere jauregian Olmedo: El mismo día que la República me arrojó de la casa de mi Padre, me recibió él en la suya”. Jaime de Altarriba y Porcel, Sangarrengo 25. baroia (1880-1936) zen orduan Lasaoko jauna, bere ama Basilia María de la Blanca Porcel y Guiriorrekin batera (1859-1940). Karlismoarekin eta alderdi tradizionalistarekin oso konprometitutako familia zen Lasaoko hori.

Baina segi dezagun Olmedorekin. Errepublika garaia Lasaon pasa ondoren, ematen du, gerra lehertu zenean ihes egin zuela Lasaotik, eta herria menperatzera etorri ziren frankistekin batera, alegia, 1936ko irailaren 21ean, itzuli zela berriro Zestoara. Orduantxe jakin omen zuen Jaime, Lasaoko jauna, Bainuetxean hil zenaren berri txarra: “Yo recibí la noticia de su muerte al llegar a Cestona con las tropas (…), en este mismo edificio, que los rojo-separatistas convirtieron en cárcel” (73. orr.).

Behin frankistek herria mendean hartuta, Olmedo Lasaon geratzen da bizitzen bertako andre Basilia María de la Blanca Porcelek gonbidatuta. Ondo etorriko zaio Lasaoko andreari, handik lau urtera hilko denari, jesuita baten laguntasuna, xuabe-xuabe Zerurako bidea prestatzen joateko. Denbora gehien, ordea, Zestoako Bainuetxeko ospitalean pasatzen du jesuitak, hango zaurituekin hizketan, adorea ematen eta kontsolatzen. Lasaora ogi-partitzera joan ohi den okinarekin etortzen da bainuetxera batzuetan:

“–Eta gainerako egunetan, oinez etortzen al da berori?

Oinez edo San Frantzisko-ren autoan.

Eta oinez itzultzen al da berori?

Euririk ez bada, bai; euria bada, zazpi eta erdietako trenean itzultzen naiz. Etortzeko ez daukat hain konbinazio onik.” (115. orr.).

Bainuetxeko bizipenak aitzakia hartuta idazten du El sentido de la guerra española liburua, erdi asmatua erdi egiazkoa: “Kontsiderazio hau edo bestea, esaten dudan bezala Donostiako ospitalean eta Zestoako honetan izan ditugun solasaldietan soldaduek beraiek iradoki dizkidatenak, izango dira liburu honen mamia; horregatik idazten dut elkarrizketa balitz bezala, beren jatorria nondik datorren ikus dadin.” (10. orr.).

Ez da erraza asmatzea zehazki bainuetxeko zein eraikuntzatan dauden. Aretoak edo salak aipatzen ditu Olmedok, bakoitza bere izenarekin: Milagrosa aretoa, Santiago aretoa, San Jose aretoa… “Zestoako ospitale Militarreko Milagrosa aretoaren izkina bat. Bertan sei ohe daude, hirunaka parez pare, bakoitzean zauritu banarekin. Coruñako falangista bat (Amador Rodriguez), Montejurra tertzioko errekete bat (Angel Lasa), Arapiles-eko sarjentu bat (Pedro Cerro), berdin (Andrés Sánchez)…” (15. orr.).

Olmedok, lehen esan dugun bezala, zaurituak kontsolatzen eta solasean pasatzen du eguna; baita jesuita baten kristau eginbeharrak egiten ere: “Une honetan Karitateko Ahizpa bat hurbiltzen zait, eta esaten dit bigarren solairura igotzeko faborez, hiltzeko zorian dagoen soldadu galiziar bat konfesatzera.” (59. orr.). Beste atal batean esaten digu: “Bisita Santiago aretotik hasten dut, non atzo Durangotik etorritako zauritu batzuk omen dauden (…). San Jose aretoan geratu gabe –bertan ia denak italiarrak dira, eta beti bezala oso animatua dago hura– Milagrosara joaten naiz.” (63. orr.).

Bizkaiko frontetik zauritu ugari zetozeneko uneak ere kontatzen ditu jesuitak: “Egun batzuetan bertan behera utzi behar izan nituen Milagrosako solasaldiak, Bizkaiko frontetik zetozen zauritu berriak artatzeko. Nola erregimentu eta milizia eta lurralde eta Espainiako probintzia denetako, baita Balearretako eta Kanarietakoak ere, bazeuden… (85. orr.). (…). Lehenengo zortzi egunak pasata, zaurituen kopurua gutxitzen joan zen. Batzuek Iruñera edo Donostiara lekualdatu zituzten, beste batzuei alta eman zieten, italiarrak Valladolidera eraman zituzten, eta geratzen zirenak behe solairuan bildu zituzten, Santiago, San Jose eta Milagrosa aretoetan. Bilbo hartu eta justu handik hilabetera hutsik geratu zen ospitalea, lehen bezala.” (86. orr.).

Frankistek Bilbo menperatu zutenean (1937ko ekainak 19) “festa” izan zen ospitale militarrean: “Une honetan entzuten ditugu ibai aldean hiru eztanda harrigarri. Eskuzko bonbak dira, dio batek. Une berean, soldadu talde bat sartzen da aretora pozez eta oihuka: ¡Ya cayó!; ¡Ya cayó!; ¡Ya cayó! [Erori da!, Erori da! Erori da!]. Iritsi berria da albiste ofiziala Zestoatik, Bilbo hartua dutela, eta kanpaiek, pozik zoratzen, lau haizetara zabaltzen dute albistea, errepikatuz haiek ere beren modura ¡Ya cayó!; ¡Ya cayó!; ¡Ya cayó! Soldadu galiziar batek, feriatan-eta saltzen diren txilibitu horietako batekin, zorrotzailearen antzeko soinuarekin, Himno Nazionala jotzeari ekiten dio.” (34. orr.).

200 orrialdetik gorako liburua da El sentido de la guerra española baina Bainuetxeko ospitalea aipatzen dituen zatiak bilduta apenas bizpahirura iritsiko diren. Gainerakoa Espainiako Historiaren hausnarketa zabala da, nazional-katolizismoaren sustraiak sendotzen laguntzeko hausnarketa. Oso baliagarria garai hartako pentsaera eta mentalitatea ezagutzeko.

Bizpahiru orrialderi ezin zehaztasun handiegirik eskatu. Hala ere, oso gustura hartu nuen liburua gure herria aipatzen zuela jakin nuen bezain pronto. Ez dago hor zaurituen minik, larritasunik, azken arnasa eman aurreko estualdirik, are gutxiago kontzentrazio esparru bihurtu zeneko oroitzapenik. Derrigor egin beharreko gauza zen, gerra hura, barrabas-belarra zuztarretik atera beharra zegoen garia indartsu erne zedin, eta, nola Jainkoan hala Gurutzadan ere, sinesten zuena salbatu egingo zen. Sinesten ez zuena, berriz, berehala garbitu edo zuzendu egin beharko zuten. Normala den bezala, Olmedoren ustez Inkisizioa gauza ona eta beharrezkoa izan zen. Hementxe utziko dugu.

 

Argazkia: Bainuetxeko eraikinak, 1920ko udan. Urte batzuk beranduago, ospitale militar eta kartzela bihurtuko ziren.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide