218. ‘Zara man’, edo aspaldiko giroaren enkantua

Auskalo zenbat emango genukeen bandaren kontzertu bat Zestoan ikus-entzuteko pandemia garai zail hauetan. “Non placet” esan digu, ordea, Urkulluk; “non placet” esan digu Arregik. Entsegurik egin ezinda dabiltza eta pena ematen dit. Nonbait, musika talde profesionalek ez diete birusa kutsatzen elkarri, baina profesionalak ez direnek bai. Tira, gu baino jakintsuagoek egingo al zuten araudia, eta utz dezagun horrelaxe.

Askotan aipatu izan dut hemen zein material oparoa duten gure inguruko fototekek Interneten, esate baterako, www.guregipuzkoa.eus edo www.kutxateka.eus atariek, baina gaur Espainiakoa ekarriko dut hona: Fototeca del Instituto del Patrimonio Cultural de España. Askoz handiagoa aurreko horiek baino, baina mila aldiz apalagoa gure herriari dagokionez. 14 argazki inguru dauzka Zestoakoak, batzuk “arruntagoak”, beste batzuk bereziagoak. Ia denak Polentinos kondeak, hau da, Aurelio de Colmenares y Orgaz (1873-1947) argazkilariak atereak izan behar dute 1920ko hamarkada hasieran.

Colmenares Filosofia eta Letretan lizentziatu zen eta Historia ikertzen pasa zuen bizitza. Espainia osoan zehar ibilaldiak egitea gustatzen zitzaion, eta milaka argazki atera zituen. Polentinos Kondea izeneko artxiboa, 10.000 argazki inguruz osatua dago, eta bere oinordekoek Espainiako Kultura Ministerioari eman zioten dohaintzan.

Gaur ekarri dugun honek Cestona. Banda del pueblo en la plaza de toros” du izenburua, eta, askori kosta egingo zaio ondo kokatzea nondik aterata dagoen ere. Baina hori gero azalduko dugu. Orain errepara diezaiogun bandari berari. Oraintxe bezala, adin desberdintasuna nabari da: batzuk mutil koskorrak, beste batzuk helduak. Kokapenak ematen du, ordea, atentzio gehien: txaranga eta bandaren arteko zerbait balitz bezala, borobilean daude jarrita musikariak, zuzendaria erdian dutelarik; bere atzean ere badaude pare bat mutil koskor, zuzendariaren atzeak musika interpretatzeko nahiko informazio emango balie bezala. Jendeak tente gehiago entzuten du, barreratan eserita baino, agian urruti geratzen direlako. Janzkera, berriz, musikari denena antzekoa da (txaketa, txapela…) baina ez uniformea. Alde ederreko itxura ematen dute kontzertutan gure “Zara man” eta “Zara woman”-ek beren uniforme plantxatu berriekin! (hemen, irribarre txiki bat egin dezakezu, irakurle).

Barrerak jarrita daude eta bistakoa da Amabirjinetan gaudela, nahiz eta lurrean ez dugun hondar askorik sumatzen. Hori bai, barrerak, ia oraintxe arte bezalakoak, eta buruzuriak ere bai.

Kokapenari dagokionez, berriz, honez gero konturatuko zinen, irakurle, udaletxeko fatxada eta torilera joateko arkua direla argazkiaren eszenografia. Arku horren teilatupea 1940ko hamarkadan kendu zen. Udaletxeari erreparatuta, berriz, kontuan hartu garai haietan (1920ko hamarkadaz ari gara) bi leiho bakarrik zituela balkoiak, hain zuzen ere, areto nagusiaren bi leihoak. Eta ikusten den bezala, 1985eko obrak egin ziren arte, bigarren solairuak ere balkoia zuen.

Ehun urte inguru ditu argazkiak. Dagoeneko bertan azaltzen diren denak Josafateko zelaian daude, beti-betiko zorionean. Guri ere, zorion atsegina etortzen zaigu orduko giro hura irudikatzerakoan. Susan Sontag idazleak (1933-2004) esana dadenborak argazki guztiak altxatzen dituela artearen mailara, baita baldarrenak ere”. Hau baldarretik fuera dago, ezbairik gabe. Aspaldiko giroaren enkantua.

Argazkia: http://catalogos.mecd.es/IPCE/cgi-ipce/ipcefototeca/O13111/IDadde153f/NT14 Signatura: DCP-D-0048. Neurria: 5,2×6,5 cm. Mota: Beira Gelatina. Negatiboa.

Zuzenketa txiki bat: gerora konturatu naiz, orain hemen azalduko ez ditudan xehetasunengatik, 1914a edo lehenago etorri zela Zestoara gure argazkilaria. Ondorioz, 1910eko hamarkada hasierakoa da, Zestoako Diapason bandak lehen urratsak eman zituenekoa.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide