248. Xori geldigaitzak

Duela gutxi izan nuen Itziar ta Agirre’tar Martinen (Azkoitia, 1905-1978) eta hark idatzi zuen Gure Txoriak liburu eder-ederraren berri (Gure Txoriak. Itxaropena argitaldaria, Kuliska Sorta, Zarautz, 1966). Umetan habiak puskatzen ibilitakoa izan behar zuen, baina maite zituen txoriak, nonbait, eta maitasun horrek bultzatuta utzi zigun liburu bikain hori.

Euskal Herrian aurkitzen ziren hegazti klaseen zerrenda ikaragarria eman zigun argitara 44 multzotan banatuta: Itxas-egaztiak, 26 hegazti klase; Zezen-egaztiak, 2; Itxas-ahate murgilariak, 3; Itxas-ahate zerrak, 3; Zinkunak, 2; Putreak, 4; Arranoak, 4; Arranoxkak, 8; Alkoiak, 5; Eperrak, 4; Urolloak, 7; Eiz-egaztiak, 6; Ollagor eta Istingorrak, 4; Ipar-egaztiak, 4; Kaioak, 8; Antxetak, 5; Itxas-enarak, 4; Usoak, 4; Mozollo ta ontzak, 7; Zirringillak, 6; Okillak, 7; Txori-andreak, 5; Enarak, 4; Eulitxoriak, 4; Erregetxoak, 2; Txioak, 4; Txinboak, 5; Sasi-txoriak, 7; Txindorrak, 7; Ipurzuriak, 3; Arkaitz-zozoak, 2; Garraztaroak, 3; Birigarroak, 2; Zozoak, 4; Burni-txoriak, 2; Guritak, 3; Buztan-ikarak, 3; Antzandobiak, 5; Gerri-txoriak, 4; Kaxka-beltxak, 6; Berdantzak, 6; Alejaleak, 18; Araba-zozoak, 4; Beleak, 9.

Euskarazko izenaz gain, latinezkoa, gaztelerazkoa eta frantsesezkoa ematen dizkigu, baita bakoitzaren luzera ere. Eta ondoren, gehienetan elkarrizketa modura, txori horien ezaugarriak eta anekdotak aipatzen dizkigu. Oso liburu atsegina, betetan.

Beste gizon bati eskaini nahi nioke tartea, ordea, gaurko honetan, hau ere oso txori zalea: Jose Maria Zunzunegi zestoarrari (1928-2013). Orain dela 11 urte, oso artikulu atsegina idatzi zuen “periodikuan” (El Diario Vasco, 2010-12-16) eta hura gogoratu nahiko nuke hemen.

Migrazio-hegaztiak” du izena artikuluak, eta ederra da benetan. Berak dioen bezala, hegaztien migrazioak, batez ere udazkenean, liluratu egin izan du gizateria, eta Homero aipatzen du (“Negua iritsi aurretik ihesi doazen kurriloen aldarri erromes bat entzuten da”) eta Salomon (“Entzun daiteke gure zelaietan usapalen urruma”). Duela bi mila eta bostehun urte baino gehiagoko kontuak.

Utz diezaiogun, ordea, Zunzunegi berari hitz egiten (itzulpena gurea da): “Udazkeneko une jakin batean, hegazti migratzaileak bat-batean artega bihurtu, eta elkartu egiten dira beren martxa handia prestatzeko. Batzuk hegaldi laburrak egiten dituzte etorkizuneko bidaiaren norabidean. Pausatzen direnean, norabide misteriotsu horri begira jartzen dira. Inork ez daki nork erabakitzen duen hegan hegoaldera joateko une zehatza, eta ez dakite zergatik gertatzen den horrelako migrazioa. Baina bakoitza bere aldetik, kitzikapen orokorrak eramana sentitzen da, hitzordura huts ez egiteko eta, horrela, zalaparta handian parte hartu ahal izateko gogoak eramana, zoriontsu sentitzen da gainerako guztiekin hegan egin dezakeelako. Bidaiaren ahalegin handiari aurre egin ahal izateko, hegan altxatu aurretik, energia metatzen dute, koipeak almazenatuz. Eguneko orduen gutxitzea eta gaueko iluntasuna gero eta handiagoa izatea da ihes egitera bultzatzen dituen faktoreetako bat. Eguneko eguzkiak eta gaueko izarrek gidatzen dituzte. Elementu geografikoak ezagutzeak ere orientatzen ditu. Horietako batzuek lorategi berera urtez urte itzultzen asmatzen dutela egiaztatu da. Kostako lerroak aproposak zaizkie. Aldiz, denbora hodeitsuak, laino-itsuak eta ilargi biziak desorientatu egiten dituzte eta norabide dibergenteetan sakabanatzen dituzte.”

Deskribapen ederra egiten ari zaigu Zunzunegi. Ironia fin askoa ere erabiltzen du tarteka: “Gai maitagarri honetan, nahiago dut ehizarako grinaren balorazioa berariaz baztertu”.

Baina jarrai dezagun: “Itsasoak eta ozeanoak zeharkatzera behartuta daudenez, aldez aurretik kontzentratu ohi dira. Hegaldiaren abiadura asko aldatzen da. Udaberriko itzuleran azkarrago egiten dute hegan, udazkenean nagiagoak dira. Batzuek fronte zabal batean sakabanatuta bidaiatzea erabakitzen dute, beste batzuek, aldiz, kontzentratuta bidaiatzea, eta hala askoz ere ikusgarriagoa da hegaztien pasatzea.
Arabazozo margotuen kopurua hain handia denez, milaka kidez osatutako laino izugarriak eratzen dituzte. Arratsaldea iristean, batzuetan geraleku ezagunetan biltzen dira, milioika hegaztiraino. Altuera ezberdinetara egiten dute hegan, ia berrogeita hamar metroko altueratik hasi eta zazpi milaraino.”

Hegaztien migrazioa, halako edertasunez kontatuta, oso gauza ikusgarria izateaz aparte, sinbolo aparta da Zunzunegi apaizarentzat: “Nondik gatoz eta nora goaz?” etengabeko galderaz hausnarketa egiteko balio dio. Baina galdera horien aurrean, gaur egungo kultura ez da irudimentsua, bere ustez.

Transzendental jarri beharrik gabe ere, denok liluratu gaitu, era batera edo bestera, “xori geldigaitzon” bizitzak. Niri neuri pozgarria egiten zait nola etortzen zaizkigun, eguraldia berotzen hasten denean, enara mordoxka bat, negu osoan hutsik egon diren habietara. Lehendabiziko egunetan, nahikoa lan izaten dute habia zaharrak lokatz eta belar berriz pixka bat txukuntzen, baina laster hasten dira kume txikiak bistaratzen. Lehendabizi, helduak ikusten dira bakarrik, umetxoei jaten ematen. Handik egun batzuetara, umeek beraiek ateratzen dute burua habia ertzetik. Hiru bat aste orduko hasten omen dira hegan egiten; orduantxe izan ohi da unerik kritikoena, baldartxo ibili ohi dira-eta hegan ikasi berritan, eta zain edukitzen dituzte katuak eta txakurrak; ibilian-ibilian, mordoxka bat akabatzen dituzte baina halakoxea da bizitzaren legea. Bizirik geratzen direnak, indarra hartuz joaten dira, are eta egunak mozten hasi eta leku epelagoetara joan behar dutela “erabakitzen” duten arte. Prozesu osoan, etengabeko txio-txioka egoten da baserri inguru guztian, eta ustekabean agur egiten digute. Afrika aldean ibiliko dira orain, baina ez dute ahaztuta edukiko hemengo giro goxoa. Joxanton Artzek esaten zuen moduan, “hor ari dira beti xori geldigaitzok, ari eta ari, beren joan-etorri aspergaitzetan; honen berriak hari eramanez, harenak honi ekarriz, hangoak eta hemengoak, zuhaitz guztiak elkarren artean ehoz; ezkutuenak nahiz bakartienak izan, ez dute bat bera ere xori arduratsuok ahazten”.

 

Argazkia: Gaur egun Laiak dagoen tokian, Leandrok zeukan ile-apaindegian, hauen antzeko enarak zeuzkan horman zintzilik. Haiek urte osoan egoten ziren establezimenduan, toki epelagoetara joateko kezkarik gabe.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide