254. Margolan gorrotatuak

Zestoako Udalak dauzkan objektu bitxien artean, hainbat margolan daude. Eta margo horien artean, balio handiena daukana Alonso Miguel de Tovar (Huelva 1678 – Madril 1752) pintore barrokoak eginiko Inmaculada da. Hitz egingo dugu beste batean koadro zoragarri horri buruz. Aipagarriak dira, baita, bere garaian Rosario Astigarragak udalari dohaintzan eman zizkion lilitarren erretratuak eta armarrien margoak. Eta, azkenik, Areto Nagusiko margolanak daude, begirune gehiago mereziko luketenak. Horiei buruz jardungo dugu oraingoan.

Historiako pertsona ezagunen erretratuak dira, eta bi estilotakoak. Lehen multzoan honako pertsonak irudikatzen dira: Miguel Ochoa de Bedua, Francisco de Lili, Juan Pérez de Guevara, Juan Beltrán de Iraeta, Primer Conde de Alacha, Identifikatu gabe (Chiriboga?). Bigarren multzoan, berriz, Resurección de Liliren erretratua besterik ez dago (ez dakigu gehiago egin ote ziren).

Margolan horiek udaletxeko areto nagusian jartzeko egin ziren, propio. Ikus dezagun, ordea, lehendabizi nolakoa zen garai hartako aretoa. Bere neurriak eta ate eta leiho banaketa XVIII. mendeko bera da. Izan ere, 1757. urte inguruan Zestoako Udalak kontratua sinatu zuen Ignacio de Iberorekin udaletxea handitzeko, erantsitako orube batzuk erosiz eta bertan kapitulu-gela (batzar-gela) zabalduz.

Ez dakigu zein itxura zuen orduko aretoak eta zenbat aldatuko zen XX. mendera iritsi arte. Baina 1918an, bai, badakigu aldaketak egin zitzaizkiola, eta orduko aipamenek argi pixka bat ematen digute. Urte hartan, Jesusen Bihotz Sakratua tronuratze ekitaldia zela-eta, Udaletxeko areto nagusia dotoretzea erabaki zuten (1918-04-14): “Para mayor realce del acto de entronización del Sagrado Corazón de Jesús en el Salón de este Ayuntamiento, se acuerda proceder a la pintura y decoración del mismo según el presupuesto presentado por los señores don Nicolás Múgica y Silverio Urquiri, con las muestras que se acompañan y por pesetas, quinientas.”

Margotze eta dekoratze lan haien nondik norakoak, nahiz eta ez dauden artxiboan jasota, suma litezke. Alde batetik, aretoko hormak margotu eta apaindu zituzten. Hamabost urte geroago, 1933ko otsailaren 11ko Estampa aldizkarian ageri den irudi batek (orduko alkatea, Garbiñe Gil, dago areto nagusian) banku korrituak erakusten dizkigu, eta, horrez gain, hormetako dekorazioa, pintatutako moldurekin. Beraz, mende hasieran honako aretoarekin aurkituko ginatekeen: egurrezko zorua; buelta guztian banku korrituak; kolore argizko hormak eta, dekorazio gisa, pintatutako moldurak; sabai aizuna (cielo raso) ere bai, oraintxe argituko dugun bezala.

Juan Erenchunek, 1974ko festa egitarauan dio garai hartan obrak egin zirela udaletxeko aretoan: Obras realizadas con buen gusto, dejando a la vista su primitivo techo, con asientos primitivos, etc… y enmarcando en las paredes laterales los retratos al óleo de varios personajes de la Villa que figuraban en el techo y conservando, con feliz acierto, los asientos con los nombres de las Villas junteras. Alegia, oliozko erretratu haiek sabaian zeudela, eta 1974an markotan sartu eta hormetan jarri zituztela.

Lehendabizi aipatu dugun erretratu multzoa (Bedua, Lili, Guevara, Iraeta, Alacha…) zaharragoa da; dataziorik ez dugu baina pentsa dezakegu XIX. mendean margotuak direla, eta 1918rako han zeudela sabaian jarrita. Ez dakigu gehiago ba ote ziren, eta, hala balitz, zerbaitengatik markotan sartu gabe utzi ote zituzten 1974an. Bigarren multzoa, berriz, itxura guztien arabera, 1918koa da. Multzo honetatik Resurección de Liliren erretratua besterik ez dago (ez dakigu gehiago egin ote ziren), eta hari buruzko aipamena dela uste dugu, 1918ko apirilaren 21eko udal aktetan dagoena:La Srta. Condesa de Alacha da sus expresivas gracias por el proyecto de perpetuar la memoria de uno de sus antepasados, y sobre todo, por el carácter altamente religioso que se trata de imprimir a la casa consistorial, por el carácter de la persona dibujada en la sala de sesiones” (…).

Aretoa margotze eta dotoretze lan haiek Nicolás Mugica eta Silverio Urquiriri eman zitzaizkien. Mugica hori Nicolás Mugica Errasti (1885-1948) izan zitekeela uste dugu. Itxura denez (www.bergara.eus) Mugica Alejandrino Irureta maisuarekin hasi zen pintura munduan eta diru arrazoiak tarteko, dekorazio lanetan hasi behar izan zuen. Guretzat, jakina denez, oso ezaguna da Alejandrino Irureta, Aizarnarekin lotura handia zeukalako eta, besteak beste, San Juantxoko margolana eman ziolako dohaintzan Aizarnako herriari. Beraz, ez litzateke harritzekoa hark gomendatuta egin izana proposamena Zestoako Udalean. Urteak ere bat datoz gure hipotesiarekin: hain zuzen ere, 1918an dekorazio lanetan dabil Mugica baina urte batzuk geroago, 1922. urtean zehatz esateko, itxi egin zuen dekorazioko tailerra buru-belarri pinturaren munduan sartzeko asmoz. Zarautzera joan zen, eta han estudioa ireki ondoren, bertan bizi izan zen denboraldi batez. 1924an, Madrilgo museotan ikastera joateko Gipuzkoako Diputazioaren Beka bat lortu zuen. Paisajista bikaintzat hartu du nazioarteko kritikak.

Egia esan behar bada, gure herriko jauntxoen erretratuak de circunstancias dira, bai XIX. mendeko zaharrak, baita 1918an Mugicak margotutakoa ere, baina ez da ahaztu behar sabaian zeudela jarrita eta ez begien aurrean; beraz, xehetasunei erreparatu beharrean “urruti antzetik” begiratzeko margolanak ziren, eta, horrela bai, zoragarri betetzen dute helburua.

Garaiko ikuspegia irudikatzen dute margolanek, hau da, Herriko Jauntxoen Historia, Foruak, Gipuzkoaren Aberastasuna eta Erreinuari Ekarpena… den-dena letra maiuskulekin idatzita. Hor ez dago herritar xumerik, letra minuskularik… Baina, tira, ez dira gaurko mentalitatearekin epaitu behar orduko gauzak, eta, beraz, perspektibarekin begiratuz gero, lekuko historiko egokiak dira.

Eta amaitu egin behar dugu. Alejandrino Irureta eta San Joantxoko margoa, Gustavo Hastoy eta Aizarnako kanposantuko erretaula, orain berriz Nicolas Mugika eta Areto Nagusiko margoa. Hor daukagu, baita, Teodoro Erenchun ere, eta, beranduagokoak badira ere, Narkis Balentziaga eta Eloy Erentxun. Eta beste asko. Toki bizia zela dirudi gure herria XIX eta XX. mendean, kultura plastikoari oso irekia. Misterio handi bat da elkarrekin loturarik ba ote zuten eta, izatekotan, zer harreman ote zeukaten batzuk besteekin; amaraun sare baten antza hartzen diogu guk. Mereziko luke ikertzea. Eta hori dena, bere xumean, balioan jartzea.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide