257. Arroako Jakoba

Iazko udazkenean “Euskariana” izeneko liburutegi digitala sortu zuen Eusko Jaurlaritzak. Nagusiki, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako artxibo eta liburutegietatik hartu ditu materialak atariak, eta ia milioi bat dokumentu kontsultatzeko aukera ematen du. Poz ederra hartu nuen, han Arroako hainbat argazki, zein baino zein ederragoak, ikusi nituenean. Aztarka honetan –ez nik hala nahi dudalako, baizik-eta material gutxi aurkitzen dudalako– geure zilborrari, alegia, herriguneari, begira egoten gara gehiago gure beste herriei baino, baina oraingoan Arroa izango dut hizpide.

Argazkia Miguel Urreta Etxebestek (1881-1961) aterea da. Ingeniaritza ikasketak egin zituen Urretak. Donostiako zinegotzi eta probintziako diputatu izan zen 1910eko hamarkadan. Eusko-Esnalea elkarteko kide izan zen, eta Eusko Ikaskuntzaren sorreran ere parte hartu zuen. Hizlari euskaldun bikaina omen zen, eta Editorial Católica eta Donostiako El Día sortu zituen. Gerra hasi zenean ondasun guztiak konfiskatu zizkioten. Orduan, Azkainen finkatu zuen egoitza baina, gerra ondoren, bere herrira itzultzeko baimena eman zioten. Donostian hil zen. Berak ateratako ehunka argazki estereoskopiko Donostiako Koldo Mitxelena liburutegiko katalogoan ikusgai daude.

Baina goazen gure argazkira (argazkietara). Arroa, plaza barrenetik aterata. Hondo-hondoan, Endoia aldea. Aurrerago, Baltzola jauregia, atzean bere lorategia edo basotxoa duelarik, eta atarian platano itxurako zuhaitz kimatuak. Leihoak zabalik daude jauregian; han dabiltza, nonbait, baltzolatarrak, egun seinalatura etorrita. Ezkerrean kontzeju-etxea/eskola eta eskuinean, berriz, Torrea. Balkoiak apainduta daude, eta bertan ageri dira gure protagonistak, gero aipatuko ditugunak. Gainontzean, jendea gainezka Arroako plazan, kotxea, autobusa… Egun handia.

1925eko akainaren 14a da, eta argazkiak bertan jartzen du zer dela-eta bildu den horrelako jendetza Arroan, baina askoz zehatzagoa da bertako bikario Esteban Rekondok udalari bidalitako idatzia: “Instancia o escrito del Sr. Cura ecónomo de la Iglesia del barrio de Arrona invitando a la Corporación a la solemne función religiosa que en acción de gracias por la milagrosa curación por la Virgen de Lourdes en la vecina y hermana del concejal de este Ayuntamiento Doña Jacoba Gorriti Olaizola se celebrará en dicha parroquia el domingo próximo pasado día 14 del actual.Ez zenuen espero, horrelakorik, ezta, irakurle? Neu ere zur eta lur geratu nintzen argazkiak ikusi nituenean.

Gorrititarrak hamahiru anai-arreba baziren gutxienez, nahiz eta hiruzpalau jaioberritan hil ziren. Baina hemen aipatzen ari garen garai horietan lauzpabost senide bizi ziren Arroan: Jakoba bera, Eustakio (irakaslea), Karmen, Anastasio (okina eta barberua), Jose Manuel (udal zinegotzia) eta agian besteren bat. Gainerakoak kanpoan bizi ziren. Barreneko argazki batean ageri den emakumea Jakoba da, sendatu berria, eta atzekoa baliteke bere anai zinegotzia izatea; elizgizona Don Esteban Rekondo bikarioa ote da?

Ez zen oharkabean pasa Lourdesko mirarizko ekintza (La acción milagrosa de Lourdes, argazkiak dioen bezala) eta inguru guztietatik joango ziren fededunak Arroara. Orduko agerkariek ere tarte handia eskaini zioten Lourdesko erromesaldiari, esate baterako, Arroako argazkia ateratako egun berean argitaratu zen Argiak: “Biotzari atsegin aldi edeŕa eman diogu; ase-aseak ibili ditugu baŕengo lei ta jainkozko ixki guztiak. Animaren goi maĺetan zeruko eztia miliskatu degu goxo-goxo.

Gero, Lourdesen zer egin zuten kontatzen digu astekariak (euskara batuan berridatziko dugu): “Lau mila euskaldun, ehun eta hogei gaixo erdian jarrita, Ama errukitsu horren gerizpean behartsu urrikariak bezala bildu gara eskale. Hango bihotzaren taupadak, barrengo zotinak eta begien malko eta negarrak!”. Ondoren, “larunbata eta igandean, Jaunartzeko mezak harkaizpean. Eztia zerien abesti bigunak entzun genizkien hantxe gure abeslari ospetsuei. (…) Gaixo urrikari haiek Jauna berengana hurreratzen ikustean egiten dioten begiratua, harria bera urtzekoa da.” Eta azken agurrean, “haitz ondoan bildu ginen; euritan baina trebe eta bizkor (…). Euriz ez ezik, negarrez ere begiak busti genituen”.

Eta, ehun eta hogei gaixo haietatik bat sendatu zen, Jakoba Arroakoa, Argiak ederki asko kontatzen duen bezala: “Ohetxo edo kamillan eraman genuen Arronako neskatxa, lehenengo bustialdian ur-askan, bat-batean sendatu zaigu. Hemendik hara, zerraldo, bi edo lau gizonen beharra zuen guztirako; etxera inor gabe, txoria bezain arin, bideko jaitsi-igoak egin dizkigu. Hau da guk ikusi duguna. Eta gaur ez diogu gehiago, sendagile jaunak agiri guztiak eman bitartean. Orduan bai, esango dugu eta ikusiko duzue. Guk sinistu dugu hau Ama Birjinaren lana dela. Badakigu gainera, gure Amak badezakeela, nahi duela eta egingo duela, Euskal Herriak peregrinazioetan sinesmen bizia, otoitz-gogo beroa, arreta handia eta bihotz oso-osoa jartzen baditu”.

Ez dakigu zer irudituko zitzaien “mirari” hura orduan jubilatu berria zen Don Pedro Diaz herriko medikuari edota Zumarragatik gure herrira etorri berria zen Venancio Garaizabal herriko mediku izendatu berriari. Seguruenik, Ebanjelioak dioen horixe esango zuten, alegia, “Emaiozue Zesarri Zesarrena eta Jainkoari Jainkoarena”; edo beste modu batera esanda, Lourdesko mediku-buru hark zioena: “Gu, medikuok, ez gara mirakulurik badagoen ala ez esaten dugunak, hori apezpikuen betebeharra baita; gu txosten bat aurkeztera mugatzen gara, non argi geratzen den ez dagoela inolako giza kausarik sendatze hori justifikatzen duenik.” Horrelaxe utziko dugu, ez gara-eta gu horretan sartuko.

Hogeita zazpi urte egin berriak, hor agertzen zaigu, beheko argazki batean, Arroako Jakoba. Kamerari begira dago, harrotasun ukitu batekin. Begirada berezia dauka. Egoerak gain hartuko balio bezala. Une batetik bestera trantzean sartuko ote den ematen du. Edo negarrari emango ote dion.

Gainerakoan, anaia izan litekeenak bizkartzaina dirudi (“ea ez duzun hanka sartzen, arrebatxo”); apaiza ilunpean, begirada zorrotzarekin; mutil koskorrak izututa; neska gazteak irribarre behartuarekin; eta atzeko baserritarrak argazkitik kanpo geratzeko beldurrez. Atzean, hortxe, bikario etxea, eta eskuinean eliza, denbora pasako ez balitz bezala edota sekretu kontaezin bat gordeko balute bezala.

Arrona. La acción milagrosa de Lourdes. La curada. 14 junio 1925

Arrona. La acción milagrosa de Lourdes. En el balcón. 14 junio 1925

Argazkia: www.euskariana.eus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide