272. Kimika

Atzo inauguratu genuen Pili Alkortaren “Paisaiak eta erretratuak” erakusketa, Udaletxeko areto nagusian. Giro bikaina izan zen, jendea tertulia ederrean, poz-pozik, denok kontziente ginelako han akontezimentu bat gertatzen ari zela. Han bildurik ginen aspaldian elkarrekin topo egin gabeko pertsonak. Han bildurik zeuden, margolanetan, herriko txoko berezienak eta pertsona ezagunak. Eta, azkenik, han bildurik ginen garai bateko Zestoaren lekukotza bat. Aletuko ditugu ideiak horiek geroago.

Eloy Erentxunek esana da hau, eta seguru nago Pili ere bat letorkeela esaldi honekin: “Balio duen koadroa lehen barne-inpresioa islatzen asmatu duzun koadroa da, oso sakon iritsi zaizun eta hasierako uneetan islatzen asmatzen duzun zerbait. (…) Inspirazio-une horiek igaro ondoren, zirriborro bat behintzat amaitu ez baduzu, ez duzu inoiz lortuko denbora bezalako argi labur hori. Argi zehaztugabe, iheskor, kontrastez beteriko hori”.

Koadro honetan bezala, paisaiaren ñabardura iheskorra harrapatu nahian dabilela Pili, ematen du. Argi berezi horrek, atmosfera berezi horrek istant batean alde egiten du, eta lehen inspirazio-kolpean harrapatu behar da. Hemen, argazki honetan, ez da erakusketan ikus daitezkeen hiruzpalau natura hiletan bezala; haietan, argia eta giroa egonkorragoak bihur daitezke, argi artifizialarekin eta abarrekin, baina hemen ez: hemen ehizan bezala azkar harrapatu behar da mementoa (“Inspirazio-une horiek igaro ondoren, zirriborro bat behintzat amaitu ez baduzu, ez duzu inoiz lortuko denbora bezalako argi labur hori.”).

Zer memento da argazkikoa? Uda garaia da, Pili Zestoara etortzen den garaia, platano hosto berdeek adierazten diguten bezala. Baina goiza da, arratsaldea? Ez da ageri eguzki bizirik, ez da ia bistaratzen itzalik (ordutegiaren pista segurua). Une iheskor horixe aukeratu du Pilik.

Ematen du, batzuetan, imajinaziotik hartua dela irudia edo momentua baina ez da horrela, benetako gauza errealek ondo asko salatzen duten bezala: etxeak (farmazia, Artano familiarena…), garai zehatz batean koka genitzakeenak, Laranjadi 1999ra arte zen bezala, eskailera barreneko iturria, garai jakin bateko kotxeak (1970eko hamarkada), espaloia… Eta pista nabarmenena Bikario etxeak ematen du, artean eraitsi gabe. Duela 60en bat urteko Zestoa.

Gezurra badirudi ere, Piliren koadro asko historia dira jadanik, beraietan ageri diren gauza asko desagerturik baitaude dagoeneko: Errotazar urak eraman aurretik, Ipintza, Idiakaitz… edo argazki honetan bertan bezalaxe, Laranjadi plaza eta inguruko etxe franko.

Kolorea da niri Piliren artelanetan atentzioa ematen didan gauza inportante bat, eta koadro honetan bikain ikus daiteke. Baten batek pentsa dezake apur bat gatzgabea dela baina ez da horrela. Kolore okre eta urdinxkak erabiltzen ditu gehienbat, baina begira zein bikain konbinatzen dituen: koadroaren bi alboetan, eszena markoztatze aldera, tonu marroi ilunak erabiltzen ditu; eta erdia azpimarratzeko –benetan garrantzitsua dena– argia sartzen du, tonu urdinxka horien bidez. Konparazio baterako, eman dezagun baso batean daudela eta, derrepente, argiune bat bistaratzen dela basoaren erdian; bada, efektu horixe bera lortzen du margolan honetan ere. Erdian Arrazola familiaren etxea dago, Laranjadi plaza eta Artano familiaren etxearen ertza. Eta atzean, distrakzioak saihesteko, mantxa urdin batek irudikatzen du Artzabaleta aldea. Eta eszenografia horretan, protagonistak bi dira: Laranjadiko platanoa (berdea, beste gauza guztien gainetik nabarmen) eta kaletik zehar doan gizonezkoa. Bide batez esanda, oso gutxitan ageri dira pertsonak Piliren paisaietan, eta, buruak akats egiten ez badit, esango nuke emakumeak Erdikalearen margoan ikusi ditudala bakarrik. Kuriosoa, benetan, eta galdetuko diogu zergatik ote den. Bada, gizon hori, traje eta gorbatadun gizon hori, urzaleren bat agian, dugu koadroaren protagonista.

Esaten nuen Zestoako garai bateko giroaren lekukotza ematen digula Pilik bere artelanen bidez. Eta hala da eta ez da. Berez, paisai horietan ez dago girorik –esan nahi nuke, jenderik, festa girorik, giza jarduerarik– baina paisai horiek begiratuta, garai bateko zestoarroi giro hura etortzen zaigu gogora. Pilik berak, danbolin aldizkariko azken alean zioena datorkigu gogora: Udak. Garai hartan izaten zen giroa. (…) Ni taberna eta gozotegi bat zeuden etxe batean bizi nintzenez, giro handia zegoen beti. (…) Zestoa, nolanahi ere, ez da lehen zena. Asko aldatu da. Uda garaian hiri pusketa bat bezalakoa zen, nola esango nizuke nik, giro bizia zegoen, hainbeste jende etortzen zen-eta”.

Giro hura iradokitzen du hemen jarri dugun margoak, edo Erdikalekoak, edo plazari begira dagoen Arretxeko arkuak eta beste hainbatek. Horregatik da, besteak beste, hain atsegina Piliren obra herriko jendearentzat: koadroen bidez, beren bizitzan atzera egin ahal dutelako eta beste garai batzuk oroitzen dituztelako.

Piliren paisajismoak emozioen dimentsiora eramaten gaitu, eta aitzakia paregabea eskaintzen dit paisaiaren deskripzioaren bidez halako sentimendu berezi bat eragin izan duten idazleak aipatzeko, eta niri orain datozkit gogora Azorin edo Mauriac. Paisaiako xehetasun txiki iradokitzaile horiek kontzientzia-egoera oso baten pizgarri izaten dira, eta beraiek bakarrik, erabateko sentsazioa eragiten dute.

Kontuak kontu, hemen proiektu kultural oso aberatsa sortu dugu, non denaren ama Pili Alkorta den; izan ere, txiki-txikitatik, urte frankotan, adoretsu-adoretsu, hain artelan multzo oparoa pintatu izan ez balu, hemen ez zen ezer egongo. Gero, artelan horiek gorde dituztenak daude. Horiek Piliren lanak ondo gordetzea erabaki dute belaunaldiz belaunaldi; nik askotan ikusi izan dudan bezala, Emaus edo antzeko toki batera eramatea erabaki izan bazuten, hemen ez zegoen erakusketarik. Hurrengo urratsa Xabierrek (Unanue) eman zuen Karlos (Alkorta) eta Miren (Aristi) laguntzaile zituela. Horiek xaxatu ez balute, Zestoako Udala ez zen, inolaz ere, hasiko laguntza apur hori ematen. Horra, bada: astroen elkargunea edo confluencia de astros esaten dena gertatu da hemen ere: elementu asko nahastu dira elkarrekin eta kimika sortu da. Bejondeiola kimikari. Orain, herritarren inplikazioa tokatzen da. Seguru nago inplikatuko dela. Piliren lanak merezi du-eta.

Argazkiaren jabea: Artano Lucas familia.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide