275. Sorginak, Stendhal gorabehera

Grenoblen (Frantzia) pasa ditut egun batzuk, batez ere Stendhal-en jaioterria izateak erakarrita. Garai hartan (1783an jaio eta 1842an hil zen Stendhal) han zeuden eraikuntza eta txoko polit franko kontserbatzen dira oraindik, eta bada ibilbide bat, tokian tokian informazio plaka laburrekin, idazlearen lekuak (Les lieux stendhaliens) adierazten dituena. Esate baterako, 18 rue Chenoise-ko etxe xume antzinakoan, honela dio: [Etxe honetan] “Stendhalek Bigillion familia bisitatzen du, nahiz eta gurasoek mespretxua dioten bere maila apalagatik. Victorine, familiaren alaba gaztea, bere maitasun emozio handia da, eta bere anaia François, bere lehen laguna. ‘Hirugarren solairu honetan eman nituen nire bizitzako unerik zoriontsuenak’.” Hala ere, Stendhalen leku horietan aipagarriena da Gagnon jaunaren, hau da idazlearen aitonaren, etxea, gaur egun museo bihurtua (zati bat behintzat).

Grenoblera eta Stendhalen txoko maiteetara Vie de Henry Brulard liburua galtzarbean daramagula joan behar da (tamalez inor ez da animatu oraindik euskara ekartzera). Bisitaldiak ez zaitu dezepzionatuko.

Eta Stendhal irakurtzen, berak hain maiteak zituen buruberokeria batekin aurkitu nintzen (beno, garai hartan eta Frantzian ez zen –orain ere ez askorentzat– hainbesteko buruberokeria): “Bere eginbeharra bete nahi lukeen Barne ministro batek (…) bi milioiko kreditua eskatu beharko luke urtero, Bordele, Baiona eta Valence [Grenobleren behe aldean] artean hedatzen den hiruki zorigaiztoko horretan bizi diren herriak beste frantsesen irakaskuntzaren mailan jartzeko. Hemen sorginetan sinesten dute, ez dakite irakurtzen eta ez dute frantsesez hitz egiten”. Idazle apartenak ere –eta Stendhal aparta da– akats ikaragarriak ere izaten ditu, oraintxe irakurri dugun bezala.

Tira, Stendhal eta Grenoble utzi eta Lyondik barrena itzuli (beste hiri interesgarri askoa, portzierto), eta eguna Donostian pasatzea erabaki nuen. Liburu zahar batzuk erostea bururatu zitzaidan lehenbizi; gero bazkaldu eta zinemara joatea. Kasualitateak nahi izan zuen, dendara sartu eta esku-eskura, Barandiaranen Brujería y brujas edukitzea, eta, tira, ezin erosi gabe geratu nahiz eta lehenagotik argitaratutako gauzen laburpena izaki, ezagunak nituen pasarte gehienak.

Bazkalondoren, pixka bat irakurtzen hasi nintzenean, hementxe danbolinen Jon Egigurenek argitaratutako pasarte bat etorri zitzaidan gogora, oraintxe kontatuko dudana: “Egun batean Aizarna’tik etxera netorrela Txingua [Txigua/Txiriboga] iru neskazar meriñekiagaz edo ustaidun gonagaz, itxuraz Aizarnako baserri batekoak bezela jantziak ikusi nituan. Berengana urreratu nintzan eta txirrist eta bideko kuneta zuluan sartu nintzan. Sorgiñak etziran gehiago agertu”. Pasarte hau eta gero kontatuko ditudan besteak 1921. urtean entzun eta jaso zizkion Barandiaranek Zarauzko Juan Iruretagoienari.

Baina aurrera jarraitu baino lehen, komeni da Barandiaranek berak liburuaren hasieran egiten dituen oharrei erreparatzea eta, batez ere, ondorengo kontu honi. Berak bi sorgin-mota adierazten ditu: “Sorgin klase bat da deabruarekin ituna egin duen pertsona bat edo harekin harremanetan dagoena zenbait eragiketa magikoren ondorioz”; eta beste klasea da “sorgin-jenio bat, bere izaeragatik naturaz gaindiko ahalmenak dituena. Ipuin sorginetan, oro har, indar zehaztugabeak aurkitzen ditugu, izaki lainotsuak edo ondo markatuta ez dauden karaktereak dituzten pertsonak, eta, batzuetan, horiek definitzen eta gorpuzten dituzten aktoreak bilatzen eta aurkitzen dituzte”.

Deabruarekin ituna egindako pertsonei dagokionez, aditu batek baino gehiagok pentsatzen du sinesmen erlijioso kontuetan baino gehiago ez ote gauden zapalkuntza ideologiko edo sozial baten aurrean, baina, tira, gai sakona da eta hurrengorako utziko dugu.

Beste sorgin klasea, berriz, alegia, gure arrazoimenetik harago dauden jenio edo izaki lainotsuak, begi bistakoa da oso presente egon direla gure gizartean eta XX. mendearen erdi aldera arte behintzat bizirik iraun zutela, Elizaren doktrinamendua izugarria izan arren. Barandiaranek aipatzen dituen gure udalerriko kasuei dagokionez, oso aipagarria da sinbolismo handiko lekuetan kokatzen direla jeinu horiek, hala nola, Iraetan (burdinola eta paraje bakartia garai batean), Txiriboga (hor ere ura, errotak eta abar) eta, azkenik, Santa Engrazia eta bere ikaragarrizko sinbolismoa. Goazen pasarteak azaltzen…

Iraeta’ko olaan lanean jardun eta etxera zijuala, Atxutxu’ko [zein baserri ote da?] gizon batek sorgin pila bat saltoka ta dantzan ikusi zituan zea esaten ari zirala: egunez zar eta gauez gaste. Gizon horrek daiogun, erantzun zien. Orduan ori esan zualako sorgiñak eldu ta ibaian matutia arte sartu ta atera ibili zuten. Goizean eguna argitu zanean, bere burua ibai basterrean zearo bustirik eta otzikaraz zeukala esnatu zan”.

Hurrengo pasartea Santa Engrazian gertatzen da. Euskarazko bertsioan, “Santa Kerezia” jartzen du baina erdarazkoan “Santa Engracia”. Gero Getaria aipatzen denez, Santa Kerezia hori han inguruko tokiren bat ote da, edo nik ulertu dudan bezala gure Santa Engrazia ote? Beno, hemen pasartea: “Santa Kerezia’ko baserri batean emakume bat arratsean ardazketan (hilando) jarduntzen zan ta beti katuan figurako bat jartzen zitzaion aurrean ots bat, txorro-txorro-txorro, ateratzen zuana. Beti ala ta ala ari zala, emakumea aspertu zan ta konpesoriana juan zan. Berari pasatzen zitzaion guztia aitortu omen zion, eta konpesoriak zera esan omentzion: sutako burruntziakin, berriz etortzen bazan, jotzeko. Urrengo egunetan berriz etorri omen zitzaion. Orduan suburnia hartu eta sartada galanta eman omentzion eta ordutik katuak aldegin omentzuan. Urrengo egunean Getari’ko Santuru’ra juateko abixua. Juan omen zan, eta oian emakume bat gaixorik. Onek barkazioa eskatu omentzion bera zala katuan figuran juaten zan sorgiña ta. Barkatu omentzion eta urrengo egunean il omen zan sorgiña. Barkaziorik ematen ezpazaio, inpernura joaten omen da.”

Eta bukatzeko, ondorengo pasartea ez da gure herrian gertatua baina polita da eta gainera gure familiarekin dauka zerikusia. Aitaren aldetiko gure amama Maria zena eta bere ahizpa Baioko Nikolasa Azkoitiko Zigorraga baserrikoak ziren. Han gertatutakoa izan behar zuen Barandiarani, 1925ean, Debako Sasiola baserriko andre edadetuak kontatutakoa (honek ez dauka euskarazko bertsiorik, eta geuk itzulia da): “Azkoitiko Ziorraga baserriko gizon batek, gauez etxetik kanpo zegoela, emakume batekin topo egin zuen , eta edalontzi batean ura edaten eman omen zion. Probatzen hastean, ‘Jesus’, esan omen zuen gizonak. Berehala desagertu omen zen emakumea, basoa baserritarraren eskuetan utzita. Zuela gutxi arte (1925ean kontatutakoa da) gordeta omen zegoen edalontzia Ziorragan”. Gure amonak edo Nikolasak ezagutu ote zuten baso zelebre hura?

Tira, luzerako emango liguke pasarte hauen interpretazioak eta ez nuke nahi irakurlea aspertzea. Stendhalentzat, ilustratu peto-petoa zen partetik, ipuin hauek denak baztertu beharreko gauzak ziren. Dena Ilustrazioaren eta Arrazoiaren galbahetik pasatzeak, ordea, makina bat gauza onuragarri ez ezik, beste makina bat arazo ikaragarri ere ekarri zituen, eta oraindik ere konpondu ezinik gabiltza. Desadostasunak desadostasun, hala ere, Stendhalek beti izango du ohorezko txoko bat gure bizitzan. Bere literaturaz gozatzea ere, ez al da ba sorginengan sinestearen antzekoa bada?

Hurrengora arte, irakurle.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide