Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Urtero bezala, Zestoako Udalak herriko odol emaileak omendu zituen udaletxeko aretoan egindako ekitaldian. Omenaldian udalaren izenean Lorea Ilundain alkateordea izan zen bertan, eta Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen bozeramaile lanetan Nera Ayasuis aritu zen.
Aurtengoan lau emaile omendu zituzten. Martzelo Azpeitia Eizagirrek Urrezko diploma, garaikurra eta otarra jaso zituen, egindako 50 ateraketengatik. Bestalde, Imanol Salegi Urbioeta, Mikel Altuna Goenaga eta Aitor Alberdi Uranga izan ziren zilarrezko diploma, garaikur eta otarren jasotzaileak; azken hau, ordea, ezin izan zen ekitaldira bertaratu.
Ekitaldian irakurritako testuan nabarmendu zuten Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearentzat urteko une garrantzitsua dela honakoa, emaileei eskerrak emateko aukera eskaintzen duelako. Azpimarratu zuten emaileen borondateari esker milaka pertsonaren bizitza laguntzen dela eta, Zestoaren kasuan, odol emaileen datuak oso onak direla: «ea mantentzen ditugun, guk ahaleginak egingo ditugu behintzat».
Era berean, elkarteak erronka nagusitzat jo zuen gazteak erakartzea, etorkizunean odol-emateek jarraipena izan dezaten. Urte luzez egindako lanari eutsi beharra azpimarratu zuten, belaunaldi aldaketa bermatzeko beharra gogoratuz.
Amaitzeko, eskerrak eman zizkieten bai odol emaile guztiei, bai Zestoako Udalari, urtean zehar Alonderoko aretoa erabiltzeko emandako erraztasunengatik, beharrezko materiala uzteagatik eta gaurko ekitaldia posible egiteagatik.




