285. Adielen begirada

Goiz lardatsa, eguzkia nahi eta ezinean. Adiel Zabalaren “Street photo” (Kaleko Argazkia) ikustera Azpeitira. Uztarriak ondo laburbiltzen duen bezala, Europara eginiko hainbat bidaiatan atera dituen kale giroko argazkiak ikus daitezke, hau da, kalean edo eremu publikoetan gertatzen diren eguneroko bizitzako eszenak kontatzen dituzten irudiak. Kale erreportaje moduko bat da.

Argazkiak ikustea, artelan bat begiratzea, finean zera da, zeure barruan dauzkazun mundu eta bizipen horiek elkarrizketan jartzea argazkiarekin edo artelanarekin. Eta niri, bat-batean burura etorri zaidana da Edward Hopper margolari estatubatuarra (1882-1967), eta haren eszena garaikideak, landakoak nahiz hirikoak, pertsonaia bakartiak, jendez inguratuak egon arren, isilean dauden irudiak, mendebaldeko gizarte hau ezin hobeto erretratatzen dutenak. Burura etorri zait, baita, duela lau bat urte Kutxak Tabakaleran erakutsi zuen Vivian Maier (Nueva York, 1926 – 2009) argazkilariaren lana.

Begiradak behin eta berriz. Nora edo zeri begiratzen diote? Sarritan trenean, tranbian, metroan doaz, edozein tokitakoak izan daitezkeen ez-leku horietan, pentsakor. Hiriak ageri dira beti. Jende asko poltsikoko telefonoari begira, bat bakarrik, bat, libreta batean idazten, asko jan-edanean, bi elkar musukatzen, batzuk paseoan… Denak harrapatuta geratu dira istant horretan, zer pentsatzen ari diren ez dakigun istant berezi horretan.

Zerbait kezkagarria edo aztoragarria dago hainbat iruditan, esaterako, lainotzar beltzak eta jendea burua makurtuta, bakoitza berera, doan Georges Pompidouko plaza horretan. Aldiz, gozamena eta zoriontasuna dago Bordeleko Place de la Bourseko ur-lamina horretan, zeinetan umeek jolasean diharduten.

Mestizaia ikus daiteke, esate baterako, beltz bat ageri den argazki horretan, lasai asko Bronxekin edo erlaziona dezakeguna, baina kartel erdika batek salatzen diguna non gauden: “Plat du jour / cuisse ca[nard] / confite po[mmes]”.

Apaiz parea Sena ibaiaren ertzetik paseatzen, Grand Palais inguruan; kalea bustita, apaizen isla beltza ageri da, elizgizonak izan ziren horren isla balira bezala.

Polonian, seinale bat, “Katowicz”, eta niri holokaustoa datorkit burura gizon zahar hori lurrean eserita ikustean, edota gona motzeko neska horiei begira, berriz, Zagajewski poetaren ateraldi eder hura: “Autobusa kartel batekin: ‘Aire girotua’. Txangoak: Wieliczka, Auschwitz”.

Eguneroko ekintza edo jarduera txikiak azpian zapaltzen ditu handitasunak kasu batzuetan. Bordeleko GrandThéâtre-ko eskaileratan makina bat aldiz, jan-edanean edo hizketan ikusi ditugun gazte multzo horietako bat ageri da argazkian, baina oso ezdeus geratzen dira Louisen antzokiaren handitasunaren ondoan.

Argazki askotan ikus daiteke zein hirietan ibili den argazkilaria baina lekuek, edo hobeto esanda monumentuek, ez dute hemen protagonismorik: hor daude oraintxe aipatu dugun Bordeleko GrandThéâtre, hortxe dago Parisko Grand Palais edo Sena ibaia edo Place de la Bourse baina horiek ez dira protagonistak.

Teknikoki, zuri-beltzeko argazkiak izateak berehala eramaten gaitu makina bat hamarkadatan munduko hiriak argazkietara eraman dituzten argazkilari handi horiengana. Adielen kasuan, kamera behe aldean kokatzen da jeneralean, eguneroko eszenei handitasuna eta berezitasuna emateko. Enkoadraketa, berriz, nahiko zabala da gai zentraletik harago beste xehetasun mordoxkari ere erreparatu diezaiogun.

Erakusketan nagoela zestoar batek esan dit, desenkusa modura, berak ez duela argazkilaritzaz entenditzen. Nik ere ez. Ez dago zertan dena ulertu beharrik. Duela egun batzuk ikusi berria dut “A las mujeres y a los libros canto” pelikula berezia baina ederra. Han, protagonista batek, Loretok, esaten du poesia ez dela ulertu behar; zuhaitz baten hosto bat ulertzen saiatzen ez garen bezala, gozatzeko eta ikusteko dagoelako.

Pozgarria da horrelako erakusketa ederra zestoar baten begiradatik atera izana. Argazkigintzaren teknikaren ezagupen galanta erakusten du, argazkigintzaren historiaren jarraipena, eta, batez ere, ehiztariek, perretxiko biltzaileek eta abarrek izaten duten bezala, begirada oso trebatua. Bizitzari eta bisitatzen dituzun lekuei kuriositate handiz begiratzea esan nahi du horrek, irudiekin mozkortu gabe baina etengabe istant berezi horiei begira, pasatzen utzi gabe.

Bata dela, bestea dela, azkeneko ordura arte utzi nuen neuk erakusketa bisitatzea eta, ondorioz, lerro hauek ateratzen direnerako irakurleak ez du Azpeitiko erakusketa ikusteko modurik izango. Lastima. Ea noiz animatzen garen Alonderoko aretoa –edo besteren bat– egokitzera eta geuk ere herriko sortzaileek egiten duten lana bistaratzera.

Bien bitartean, bikain pasa Santakutzak!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide