Albisteak

30. urteurrena ospatu zuen igandean Biolurrek Iraetan

Biolurren 30 urteko ibilbidea ospatzeko hainbat biolurkide, talde eta sindikatu elkartu ziren igandean Iraetako frontoian. Goizean zehar batzar nagusia izan zen aurrena. Ondoren Amillubi proiektua aurkeztu zen eta bertara bisita egiteko aukera ere izan zen. Ehun lagun inguru elkartu ziren bazkaritan eta ondorengo Monsanto Kilomboren kontzertuan.

Nekazaritza ekologikoa sustatzen 30 urte daramatza Biolurrek. Ibarretxe eta Zubikarai Biolur kideek Berriari adierazitakoen arabera, baserritarrei beren egunerokotasuneko arazoak gainditzen laguntzea; baserritar eta herritarren arteko erlazioak eraikitzea; Proiektu duin eta burujabe izatea; ekoizpena eta kontsumoa lotu, kontsumo arduratsua bultzatzea; eta elkarlana sustatzea dira Biolurren helburuak. Klima eta energia krisiari aurre egiteko “alternatiba” gisa ikusten dute ekoizpen ekologikoa. Mirene Begiristainek ARGIAri adierazitakoaren arabera, erreleboa egitea da erronka garrantzitsuena. Lekukoa gutxik hartu nahi dute, baina horretarako baldintza duinak sortu nahi dituzte Amillubi bezalako proiektuen bidez. “Nekazaritza lurrari lotuta da etorkizuna” lelopean, etorkizunerako bi helburu nagusi dituzte: erreleboa egiteko baldintza duinak sortzea, eta balio agroekologiko handiko lurrak babestea.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide