307. Landare bidaiariak

Ez da zaila irudikatzea pasartea. Eman dezagun 1986ko uztailaren 4an gaudela. Ostirala da. Osinbeltzeko harrobia oraindik ia onenean dago, auskalo zenbat tona harri ateratzen diren makina bat tokitako herri lanetarako. Bada han kamioitzarrik, zaratarik eta hautsik. Baina horiei asko erreparatu gabe, han dabil errepide bazterrean, 29 urteko botanikari alemaniar gazte bat Sanjoan-loreak edo margaritak biltzen.

Ez zuen jakingo zenbat hildako izan ziren hango uholdeetan, edo agian ikusi zuen monumentua. Ez zuen Barojaren berririk izango –edo bai?– eta haren Zalakain bertatik pasa zela behin, eta “paisaia, batez ere gauean, tristea eta siniestroa! omen zela. Seguru ez zekiela Joana Frantziska Zulaika Lizarraga kurandera zaharra ere (1824-1894) han ibiltzen zela sendabelar eta lore bila… Zerk eraman ote zuen, orduan, botanikari alemaniar gaztea Osinbeltz aldera loreak edo landareak biltzera? Auskalo.

Robert Martin Vogt botanikariak (Born, 1957) Munichen egin zituen ikasketak, eta laster hasi zen ikerketak argitaratzen; Zestoara etorri zen garairako ematen du ondo ezagutzen zuela Kantabriar kostaldea eta batez ere Pirinio aldea, eta testuinguru horretan ulertu behar da hemen inguruak ezagutzea. Vogt eminentzia bat da botanikaren arloan, elkarte zientifiko ugaritako kidea izana, eta argitalpen ugaritan parte hartutakoa, urrutirago joan gabe Madrildo Errege-Lorategi Botanikoko aldizkarietan. 1990az geroztik Berlingo Lorategi Botaniko eta Museo Botanikoko komisario izana da (gaur egun emeritua), eta horrek esplikatzen digu guri atentzioa eman digun xehetasunaren arrazoia.

Osinbeltzen Sanjoan-loreak edo margaritak biltzen esan dugu. Izan ere, Europeana bilduma digital erraldoian ikusi baitugu lehortutako lorea, bere fitxa eta metadaturekin, eta horien artean kokapena. Lastima, lagin hori bakarrik ageri zaigu eta ezin jakin beste lore edo landarerik bildu ote zuen gure herrian (seguru nago baietz). Esan dugun bezala, Leucanthemum cantabricum Sennen, edo Sanjoan-lorea edo margarita dugu gure protagonista (Vogt jaunaren baimenarekin, noski) eta Berlingo Lorategi Botanikoa ( Botanic Garden and Botanical Museum Berlin) du egoitza lore lehortutakoak 1986az geroztik.

Zehatz asko ageri da fitxan biltzailea (R. Vogt), data (1986-07-04), beste hainbat xehetasun tekniko eta, nola ez, lorea bildutako lekua: “Spain: Guipúzcoa, Azpeitia-San Sebastián” eta “Straßenrand nördlich Cestona” (Zestoa iparraldeko errepidea).

Leucanthemum cantabricum delako hori Asteraceae familiako landarea omen da, Europan eta Asiako eskualde epeletan jatorria duena, irakurri dugu Wikipedian. Beste nonbaiten, berriz “endemikoa dela Frantziako hegoaldean eta Espainiako Kantauri mendikatearen iparraldeko isurialdean. Arrunta da sega-belardietan, ezpondetan eta belardietan”.
Tira, galdera inozo bat egiten hasiz gero, zerk lotzen ditu Berlin eta Zestoa? Bada Sanjoan-lore batek, bistan denez. Egia esan, aspaldidanikoa da zonalde honetako botanikari buruzko interesa, eta hemen aipatzen ari garen botanikari alemaniar honen gertakaria oso berria da. Aspaldidanik, bai, eta batez ere positibismoarekiko atxikimendu inkondizionaleko XIX. mendeko urte haietatik, gure landare eta loreak nahiko aztertuak izan dira. Gogoangarria da, esate baterako, bainuetxeko mediku izandako Balbino Quesada y Agius castelloarrak (1843 – 1904) bere Apuntes para una monografía sobre las aguas de Cestona memorian (Úbeda, 1878) argitaratzen duen lore eta landare zerrenda ugaria eta, nola ez, Petit de Meurvillek (1793 – 1873) egindako gure txilarren margolan zoragarriak, helburu estetikoaz harago balio zientifiko handia ere badutenak.

Vogt jauna bezalako biltzaileei esker, lore eta landare hauek mundu guztira doaz bidaian, baltsamatuta bada ere, auskalo zein helmugara iritsi eta betirako atsedena hartu arte, gure kasuan Berlingo museo botanikoan, beste milaka lore atzerritarrekin batera. Hantxe daude, museoaren ondo samarrean, XIX. mendean eraikitako burdin eta kristalezko negutegi erraldoi haiek, bazter exotikoetako landareak, bizirik, gordetzeko eginak, eta hantxe daude Alexander Humboldt (1769 – 1859) euskaldunon lagun naturalista handiaren jatorrizko landare-bildumaren lagin ugari. Hurrengo batean hiriburu alemaniar zoragarrira joaten garenerako, aukera aparta.

Argazkia: Leucanthemum cantabricum Sennen – Botanic Garden and Botanical Museum Berlin, Germany – CC BY-SA. https://www.europeana.eu/item/11629/HERBARXBGBMXGERMANYXBX10X0484738




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide