323. Promenade

Zestoar asko gogoratzen gara nola, duela 20 urte, Amabirjinak bukatu eta gero, Zestoako bandak zuzendari berria aukeratu zuen Alejandro Bergararen ordez. Iker Sanchez Silva irundarra izan zen zuzendari hura. Tronpeta-jolea hasieran, Gasteizko Musika Eskolako irakasle gero, Kontserbatorioko Zuzendaritza ikasketen kurtso berriaren atarian zebilen Zestoatik deitu ziotenean, 2006ko irail hartan. Sorpresaz hartu omen zuen dei hura, eta “gehiegi hausnartu gabe, aukera ezin hobea zela” pentsatu omen zuen. Urtebete bakarrik ibili zen hemen, 2007ko Amabirjinak pasa arte, baina ez ahazteko moduko oroitzapena utzi zuela, dio Garikoitz Mendizabalek bere liburuan, eta egia da: banda kide askoren bihotzetan dago oraindik Iker Sanchezen “ukitua”, bandak egin zuen garapena eta utzi zuen aztarna.

Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendari laguntzaile plaza eskuratu zuen, eta horregatik utzi zuen Zestoakoa. Harrezkero, pisu handiko orkestren buru dabil Europako agertokietan zehar.

Nik neuk ez nuen hainbesteko harremana izan berarekin, baina pertsona interesgarria iruditu zitzaidan: apala eta herri txikietako giroan ondo txertatzen zekiena, gaztea, erronkei aurre egin zalea, sentibera… Harrez gero, oso noizbehinka topo egin izan genuen, Donostian eta horrela, baina besterik gabe.

Halako batean –2024ko iraila zen– non ikusten dudan Groseko La Central Art Gallery-ko erakusleihoan, margolan eder eta koloretsu bat. Berehala erakarri ninduen. Liburu zaharrek barruan edukitzen zituzten paper jaspeztatu haiek ekartzen zizkidan gogora. Margolaria: Iker Sanchez. A zer sorpresa bikaina! Zuela 17 urte herriko bandaren zuzendari izandakoaren fazeta berri bat ezagutzen nuen orduantxe. Gerora jakin dut Granadako Arte Ederren Fakultatean eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan trebatua dela.

“Lilik” zuen izena erakusketa hark, eta bai, erakusleihoko koadroa ez ezik, sotoan zehar zintzilik zeuden besteak ere ikaragarri gustatu zitzaizkidan. Hortik irakurri dudan bezala, “bere lanek kolore eta forma abstraktuen erabilera ausarta dute ezaugarri, eta musikarekiko lotura sakona islatzen dute, pinturaren bidez mugimendua eta emozioa adieraziz”. “Lilik” serie hartan, loreak ziren protagonista, eta kolore, forma abstraktu haiek… lehen esan bezala liburu zaharretako barneko “guarda” edo babesorriak (“papel de aguas”) ekartzen zizkidaten gogora.

Lehengo batean, galeria haren paretik pasatzean, berriro ikusi nuen Ikerren margolan bat. Oraingoan, berehala errekonozitu nuen eta sartu egin nintzen ikustera. “Promenade”, paseoa, du izenburua oraingo serie honek. Aurrekoa, “Lilik”, sotoan zegoen bezala, oraingoa solairu nagusian atondu dute. Ezker-eskuin daude margolanak, eta tartean, telebista batean, orkestra bat Ikerrek zuzendua, “Promenade” pieza interpretatzen.
Galeriako arduradunak azaldu dit zehatzago historia: Modest Músorgskik “Erakusketa bateko koadroak” piano suitea sortu zuen 1874an, urtebete lehenago hil zen Viktor Hartmann margolariaren omenez (Ravelek orkestratu zuen 1922an). Konposizio horrek erakusketa bateko bisitariaren joan-etorria irudikatzen du, eta koadro batetik besterako ibilbidea “Promenade” izeneko interludioak dira. Horregatik, Iker Sanchezen erakusketan, geu koadroz koadro gabiltzalarik, Músorgskiren “promenadeak” entzuten ditugu, eta Hartmann margolariaren obrak abiapuntu dituen Ikerren margolanak ikusten ditugu.

Alde batean, margolan abstraktuagoak eta kolore biziagokoak daude, eta bestean figuratiboagoak. Denak dira konposizio dinamikoak eta adierazkorrak, bizitzaz eta kolorez beteak. Hain zuzen ere, kolorea da ni gehien erakarri nauen ezaugarria. Kolore apalak (beixak, arrosak, horiztak) beste kolore biziagoekin (hori bizia, urdin turkesa, gorria, berde ukitu bat) konbinatzen dira maisuki. Horrekin batera, tamaina eta forma desberdinetako masa abstraktuak daude, horma bat balitz bezala, harri bat bestearekin enkajatuta, eta, elkarren arteko tarteetan, beste kolore batzuk ateratzen dira, formari egundoko aberastasuna emanez. Abstraktuak deitu ditugun horiek ez dira erabat abstraktuak, tartean elementu figuratiboak ageri dira-eta, esate baterako beso bat eta ondo nabaritzen ez ditugun beste hainbat figura. Tamaina ederra dute gainera (metro inguru) eta horrek irmotasuna ematen die. Denbora luzez egon zintezke koloreei begira, forma berezi horiei (lainoei begira bezala, ea zer irudi datozkigun burura), dinamismoari, mezu ikusezinei… Finean zure mundua eta ikuspegia eta margoa elkarrizketan jartzea da kontua.

Ez neukan denbora askorik, ordea, eta ez nion behar adina eta Ikerren lanak merezi zuen beta eskaini. Berriro bueltatu behar dut, zalantzarik gabe. Ondo ulertu gabe geratu zitzaizkidan gauza batzuk aztertzeko. Esate baterako, Hartmann margolaria hil eta haren obraren atzera begirakoa egin zen 1874an. Erakusketa hartatik bizirik iraun duten koadroak hartu ditu abiapuntutzat Ikerrek. Baina zein zen Hartmann hori? Eta batez ere, zer margolan hartu ditu oinarri Ikerrek bere margoak egiteko? Hortxe dago erakusketaren giltzarrietako bat.

Bestea –printzipalena agian– musika eta margoen arteko harremana da. “Musika eta pinturaren arteko elkarguneak aztertuz” dio berak, alegia, Mussorgsky/Ravelen “Erakusketa bateko koadroak” lanaren (berak behin baino gehiagotan interpretatu duena) eta margolanen arteko loturak. Musika kontuetan analfabeto hutsa naizenez, ez dakit gauza garbirik aterako dudan baina ahalegina egiteko asmoa badut.
Ikerrek dio, esate baterako, idiek tiratutako gurdi bat margotu zuela Hartmannek, Polonia aldeko gurdi astun horietako bat, zeinaren arrastatze neketsua Ravelen instrumentazioko tubaren soinu ilun eta mamitsuan ongi gogoratzen den. Bide batez, Polonia aldeko gurdi haren hotsak ba ote du loturarik intzirika ibiltzen ziren euskal gurdi tradizional haiekin?

Edo beste toki batean dio Sanchezek, Modest Mussorgskyk bere “promenade”-aren lehen mugimenduan, bere burua imajinatzen duela Viktor Hartmannen atzera begirako erakusketan sartzen, triste eta aldi berean kuriositatez beterik, eta koadro bakoitzari begira hildako lagunaz pentsatzen duen bitartean.

Bai, dudarik gabe, beste bisitaldi bat merezi du Iker Sanchezen erakusketa ederrak. Eta zeu ere, irakurle, animatu nahi zaitut hara joatera. Ez zara damutuko. Martxoaren 28ra arte daukazu aukera. (La Central Art Gallery. Kale Berria, 5 – Gros-Donostia. Astelehenetik ostiralera: 11:00-14:00 eta 16,30-20:00; larunbata: 11:00-14:00).

Fernando Arzallus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide