Paperekoa

40 urte “motz” irakaskuntzan

1983an ordura arte Ikastola eta San Jose eskola publikoa zirenak teilatupe bakarrean batu ziren. Helburua nahiko garbia zen: gurea bezalako herri batean, haurrak bitan banatuta bizi beharrean, denak elkartzea. Teilatupe bakarrean esan dugu, baina egia esan, teilatuak asko ziren; izan ere, Ikastolak erabiltzen zituen Idiazpiko gelak, kiroldegikoak eta eskola publikoko San Jose ikastetxea eta “txanpinoia” bezala ezagutzen dugun eraikinak, denak batu baitziren.
Bateratzearen ondorioz, Ikastolako eta eskola publikoko irakasleek elkarrekin osatu zuten klaustroa.

Jubilatzen joan dira pixkanaka-pixkanaka klaustro hartako irakasleak. Aurten jubilatu den Lurdes Arregirekin eta oso gutxi geratzen zaion Maite Kortarekin elkartu gara 40 urte hauetako beraien bizipenak jasotzeko.

Aurreneko urte haiek

DBateratzea izan zen urtean hasi ziren bi irakasleak lanean Zestoan, Arregi aurretik Azpeitiko Karmelon aritu zen urtebetez. Praktikak egin zituzten garaiko
irakasleak lankide izan zituzten gerora urte askoan. Lurdes Arregik, 1980an, Karmele Izetarekin egin zituen praktikak Idiazpiko gelan. Ondo gogoan du zein talde zuen gainera: Aritz Irure, Mikel Alberdi, Amaia Errasti, Xabier Aranguren, Nerea Mendizabal, Aintzane Orbegozo, Eli Kortadi, Alexander Iribar, Zigor Lizaso, Andoni Goikoetxea, Nerea Alberdi, Nerea eta Maider Altuna…”. Maite Kortak, berriz, 1981ean egin zituen, hiru urteko gelan, Kontxita Garaizabalekin. Berak ere ez du ahazteko bere taldea: Gaizka Kortadi, Jon eta Roman Artano, Edurne Altuna, Igor Lopez, Ainhoa Vila, Aitor Larrañaga, Beñat Etxeberria… Arregik Haur Hezkuntzan egin izan ditu urte gehienak, baita ikasketetako espezializazioa ere. Kortak hainbat maila probatu ditu, eta Haur Hezkuntzaz gain, Lehen Hezkuntzan ere aritu da, gero espezializazioak etorri zirenean, musika eman izan du urte askoan, eta amaiera aldera, baita matematikak ere. Gela bakoitzeko gehieneko haur kopurua ez zen oraingoa bezalakoa garai haietan, eta urtearen arabera aipatu dute 30 haur baino gehiagoko gelak ere izan zituztela. Arregik gogoan du irteera bat: “eguraldi ederra egiten zuen eta haurrek beti izaten dute kanporako gogoa. Animatu nintzen eta neu bakar-bakarrik, 27 haur hartu eta Goltzibarra joan ginen. Normalean, gainera, kinta bakoitzean bi gela izaten ziren, baina urte hartan ez zen hala, eta han joan nintzen bakarrik. Talde berdinarekin, beste behin, Ertxiñara ere bai, sasi koipetsu egin behar genuela eta txorixo-panplona hartuta”. Gogoan du Kortak hasieran gaizki pasa zuela: “Azterketa batean bezala sentitzen zinen, ondoan jarri eta paper batean gauzak apuntatzen zituzten eta amaieran aholkuak ematen zizkiguten. Hasieran kontrolatuak sentitzen ginen, baina urteen poderioz laguntza bezala barneratu genuen haien lana, askotan beraien zain ere egoten ginen gure kezkak azaltzeko”.

Bien ustez Amara Berrik duen beste gauza ona da LH-tik aurrera bi kinta elkartzea. Nabarmen ikusten omen da, zenbait kasutan, rolak nola aldatzen diren zaharragoekin aurreneko urtean eta hurrengoan txikiagoekin daudenean. Gelak ere nahasten joaten dira eta hori ere ona da irakasleen ustez.

Amara Berri sistema

Herri Ikastetxeak Amara Berri sistemarekin lan egitea erabaki zuela 35 urte inguru izango da; eskola berria egin zen garai berdintsuan izan zen. Ordura arte ia irakasgai guztiak irakasle berak ematen zituen, baina gero txokotan lan egiten hasi ziren, eta irakasgaiak espezializatzen joan ziren. Loli Anaut pedagogoak Donostiako Amara Berri ikastetxean martxan jarritako proiektuak eman zion izena sistemari. Garaiko lan egiteko modua alde batera utzi eta berria ikastea ekarri zuen Amara Berrik; gauzak beste modu batera egiteko arrazoiak ulertu eta aplikatzea.

89-90 ikasturtean matrikulatu berriekin ireki zen metodologia eta urtero maila bat gehitzen joan zen, beraz urte batzuetan maila batzuk aurreko metodologian jarraitzen zuten eta beste mailak Amara Berri sistemarekin. “Lan egiteko era berrira ohitu beharra izan genuen eta metodologiak zituen zehaztasun eta lan egiteko era ezagutzeko Amara Berriko Loli Anaut pedagoga eta bere taldekoak maiz etortzen ziren jarraipena egitera”, dio Arregik. Gelak antolatzeko orduan ere aldaketak proposatzen zituen Amara Berri sistemak. Ordura arte ikasturtea hasterako ohitura zuten posterrekin eta, gela ahalik eta politena jartzekoa, eta Anautek ezetz “irudi hilak” bihurtzen zirela eta aurreneko egunean bakarrik ikusten zirela esaten zien. Hark gela hutsarekin hastea proposatzen zuen eta ikasturtean zehar haurrekin egindako lanak zintzilikatzen joatea.

Jolastorduko kafeen oroitzapena

Garai bateko klaustroa gaur egunekoarekin alderatuta egonkorragoa zen. Kortaren eta Arregiren arabera heren bat txikiagoa izango zen, geletako haurren kopurua handiagoa zen, baina aldi berean, OHOn 8. maila arte jarraitzen zen herrian, eta orain bi urte lehenago joaten dira herritik.

Ondotxo gogoratzen ditu Kortak ikastetxeko jolas denborak; “Bi txanda izaten ziren, aurrenekoa jolastordua zaintzen zegoen bitartean bestea sukaldean biltzen zen kafea hartu eta batzuek zigarroren bat erretzeko eta… 10:30erako kafea sukaldariak prestatzen zuen eta kafe hura bukatzen zenean hurrengo txandarentzat kafea egiten zuten aurreneko txandako irakasleek. Akordatu behar izaten zen, ez zen brometako kontua izaten bigarren txanda etorri eta kafea prest ez egotea”. Gaur egun kafe makinak konpondu omen du arazo hori. “Sukaldea ere egokia zen” jarraitu du, “denak tente bueltan-bueltan, gaiak ere gure gaiak ziren, aurreko eguneko telebistako kontuak, beste giro bat zen, gertukoagoa, denok ondo ezagutzen genuen elkar, beste finkotasun bat zegoen eta irakasleen arteko harremana sendoagoa zen. Zumaiatik etortzen zen kotxe bat eta Azpeititik beste bat. Gaur egunean justu-justu dakigu albokoa zumaiarra edo nongoa den, eta “txanpinoiko” eraikineko irakasleekin harreman gutxi izaten dugu. Jangelan bazkaltzen gelditzen direnek bai, horiek beste harreman bat dute, normala da”.

Hiruhileko bakoitzeko bazkari edo afariak aipatu ditu Arregik, “Zestoako klaustroaren berezitasuna da hori, eta ikasturte amaieran ibilaldi gastronomiko kulturala. Oso aberasgarria izaten zen taldea egiteko. Lehen denok joaten ginen, orain hori ere pixka bat indarra galtzen ari dela esango nuke. Gizartearen indibidualizazioak eta pertsonaren izateko moduak ere eragiten du”.

Paperezko ipuinek ez dute gaur egun hipnotizatzen

Fotokopiagailurik gabeko garaian hasi ziren lanean, Arregik dio: “Orduan kalkatu egiten
genuen asko eta multikopista ere bagenuen kopiak ateratzeko, baina batzuetan tinta
gehiegi botaz gero ilun ateratzen ziren eta asmatu ezinda ere ibiltzen ginen. klitxe guztiak zintzilikatu egiten genuen eta hurrengo urterako gorde. Gero idatz makina atera zen, baina eskola osoan pare bat egongo ziren”. Kortak gogoan du guraso, senar eta ingurukoak jartzen zituztela kopiak egiten: “fitxa bakoitza gehiago lantzen zen eta kopia bat falta bazen leihoan jarri eta kalkatzen zen, ez orain bezala, jaitsi behera eta atera fotokopia”. Pantailen erabileraz ere jardun dugu. Korta: “Geletan arbel digitalak ditugu, baina asko zaintzen da pantailaren erabilera. Eskolan badakite ordenagailua lan egiteko dela, entzuketak eta gauza konkretu batzuk egiteko bakarrik”.

Ipuinak kontatzerako orduan ikusi dute diferentzia bat. Arregi: “Lehen ere agian etxe
guztietan egundoko bilduma ez zen izango, baina gaur egun galdetzen diegunaren arabera, badirudi ez dutela ia ipuinik”. Kortak gehitu du: “lehen ipuinak ahoz kontatzen genituen, marrazkirik gabe, gerora muralak erabiltzen hasi ginen, lamina handi batzuk. Gaur egun haurrei kosta egiten zaie gauzak irudikatzea, horrenbeste irudi dute buruan, marrazkien sormena moztu egin zaie eta irudirik gabe kosta egiten zaie ipuineko gauzak imajinatzea”. Biak ados daude: gaur eguneko haurrak paperezko ipuinekin ez dira hipnotizatzen. Irakasleen ustez helduok ere ez dugu eredu hobea ematen, eta gutxiena espero duzun gurasoa ikusten da oso haur txikiari mugikorra utzita. “Gure haurrak txikiak ziren garaian, telebista asko ikusten zen” dio Kortak, “baina kalera ateratzen ginenean, ezin zen pantaila kalera atera”. Dena den, gizartea kontzientziatzen hasi denaren inpresioa dute.

Garai bateko haurrak, gaur guraso

Bi belaunaldi pasa dituzte eta gelako ume izan dituzuenak orain guraso ere ezagutu dituzte. Gurasoen aldetik eman den aldaketa nabarmenena Kortaren ustez ondorengoa da: “lehen amak etortzen zirela beti bileretara eta gaur egun bikotean etortzen direla asko eta aitak bakarrik ere bai, eta pozgarria da”. Arregiren ustez orain sarriago ere elkartzen dira gurasoekin, orduan ikasturte bukaeran informeak eman eta gutxiagotan elkartzen zirela esango luke.

Lehen gurasoak ikasturtean zehar tarteka gomendio eske edo galderak egitera ere gerturatzen zitzaizkien; umea triste ikusten bazuten, irakurketarekin gomendio eske, edo sexualitatearen inguruko zalantzaren bat…, eta orain ez dela inor joaten diote. Arregiren ustez “badago konfrontazio moduko bat, talde bezala, ez pertsonala. Guraso jendea irakasleengandik jardunean, eta irakasleak agian gurasoengatik. Hasi ginenetik hona prestigioa aldatu egin da. Agian gu hasi ginenean irakasleek zutena gehiegia zen eta orain, berriz, iruditzen zait guztiz desprestigiatu gaituztela.

Irakasleak herritarrak eta kanpokoak izatearen inguruko abantaila eta desabantailez ere aritu gara. Arregik: “Haur Hezkuntzan eguneroko harremana dugu gurasoekin eta aiton-amonekin eta inguruko guztiekin, eta horrek haurra ulertzen laguntzen du. Haur guztiak ez dira egunero guztiz zoriontsu, zailtasunak dituzte, eta irakasleoi askotan buruak lan asko ematen digu lagundu nahi eta nola egin asmatzeak. Horretarako gaur egun aholkulariak ditugu eta abantaila handia da. Horiek ere denbora gutxitxo izaten dute, ordea. Geroz eta haur gehiago baitaude laguntza behar dutenak”. Kortari iruditzen zaio gai jakin batzuen inguruan, kontu pertsonalak tutore ezezagunari agian errazago kontatzen zaizkiola.

Notak eta haurrak zenbaki batean sartzea

Erritmoa errespetatzea eta notak jartzeak luzerako eman dezake. Irakasleen ustez goitik datozen derrigortasunek ez dute askorako laguntzen. Kortak dio lehen ere bazirela konpetentziak eta baloreak eta, baina orain kalifikatu egin behar omen da eta horrek “amorrua” ematen dio: “batek inongo esfortzurik gabe zenbaki guztiak dakizki, eta oso ongi, beste edozeinek berriz kurtsoan zehar 50 arte esan dizkizu, ondo, baina ez, 100 arte esan behar du, eta suspentso”.

Adinarekin ere gauzak ikusteko modua aldatu egiten dela aitortu dute. Korta gogoratu da berak 35 bat urte zituenean eta Loli Gonzalez irakasleak 50 inguru, nola Maite kezkatu egiten zen haurren batek ez bazuen berak nahi adina aurreratu, eta Lolik esaten ziola “ari da, aurrera doa, eta egingo du, eman denbora!”. Berak ere orain horrela ikusten omen du. Adinak eta esperientziak gauzak ikusteko modua aldatu diola sentitzen du. Irakasleentzat zaila omen da haurrak “kajoietan” sartzea. Garai bateko informeak errazagoak omen ziren: halakotan asko aurreratu du, hau kostatzen zaio eta gehiago landu beharko luke… “Bizitzak buelta asko ematen ditu, haur garaian justu xamar ikusitakoak gero agian ingeniari izatera iristen dira eta alderantziz, egundokoak egingo dituela pentsatzen duzuna estu-estu eginda larri dabil”.

Euskararako errefortzuak txiki-txikitatik

Euskararen erabilera ezin utzi aipatu gabe. Globalizazioa eta pantaila aurrean sartutako orduak tarteko, gaur eguneko ikasleek orain dela 40 urtekoekin alderatuta beste gaztelera maila bat dute. Arregi: “Nik gogoan dut lanean hasi eta gutxira haur asko nituela ez aita eta ez ama euskalduna ez zutenak, eta gaur egun ere hitzik egiten ez dutenak, baina haurrek zoragarri ikasten zuten euskara eta anai-arreba artean ere euskaraz egiten zuten. Ama-hizkuntza euskara ez zutenentzat errefortzuak zeuden hiru urteko gelatik hasita. Gelatik atera eta 2-3 laguneko taldetxoak egin eta giro goxo-goxoan hartzen ziren. Gogoan dut Loli (Gonzalez) egunero nola egoten zen eta Joakin Alberdi ere ibili zen. Pedagogikoki haurrak euskarara murgiltzeko errietak ez du balio nire ustez, eta askotan ezinak eta inpotentziak horretara garamatza”.

Kortaren ustez lehenago hasi behar da euskara lantzeko indartze neurriekin: “orain errefortzuak aurreneko mailan datoz eta menperatzen ez duten hizkuntza batean egin behar dituzte matematikak eta den-dena, eta ezin horrek eskolan atzerapena sortzeaz gain, euskararekiko antipatia ere sortzen du. Gainera, bertan jaiotakoei batzuetan ez zaie ematen, gerora kanpotik etorritakoei bakarrik”.

Irakasleen esanetan, “presa” dugu gaur egun, eta curriculuma betetzeko “presioa” ere badago. Gaur eguneko egoerak “beste antolaketa bat” eskatzen du eta gauden bezala, ez gara gai, lan pila bat eginda ere, ez baitago baliabiderik dena egiteko. Enpatia faltaz, elkarrekiko sentimenduekiko errespetuaz eta askotariko ekintzetako parte hartzeari buruz ere hitz egin dugu luze eta zabal.

Laburrak egin omen zaizkie irakasleei 40 urteak, baina badute mila erreportajetarako mamia bi irakasleek. Ezin hemen sartu aipatu dituzten anekdota guztiak.

Jone Bergara

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide