Albisteak

5 edukiontzien sistema ezarriko du Udalak

Osteguneko ohiko udalbatzarrean EAJren aldeko 6 botorekin eta EH Bilduren kontrako 5 botorekin, 5 edukiontzitan oinarritutako zabor bilketa sistema ezarriko dela onartu da.

EAJko taldeak adierazi zuen egungo sistema hobetzeko hartu dutela 5 edukiontzitako sistema ezartzeko erabakia. Erosoagoa dela argudiatu zuten. Sistema berria, ordutegiari eta egutegiari dagokionez malguagoa eta erosoagoa dela esan zuten, eta zorrotz jokatuta kostuak jaitsi daitezkeela. Herritarrei arduraz jokatzeko deia luzatu zuten, kostua jaisteko beharrezkoa baita egungo sailkapen tasa mantentzea. Antzeko sistemekin Gipuzkoako herri batzuetan emaitza onak lortu direla esan zuten eta Zestoan ere lor daitezkeela. Arrasateko sistema aipatu zuten eredu bezala.

EH Bilduk adierazi zuen ez duela  aldaketaren arrazoia ulertzen. Egungo sistema, adostasun baten ondoriozko sistema dela eta alde bakarretik adostasuna haustea onartezina dela azaldu zuen. Bestalde, EH Bilduri EAJk gai hau nola kudeatu duen ez zaio gustatu. EH Bilduren arabera, abenduan, EAJk gaia aztertzen ari zirela eta aldaketarik balego hondakinen mahaia deituko zela esan zuen. Hondakinen mahaia ez da bildu eta EH Bilduri gaia azken momentuan plenora ekartzea “errespetu falta” eta “totalitarioa” iruditzen zaio. Edukiontzien sistemarekin emaitza onak lortu diren herriak badaudela aitortu zuten baina azpimarratu zuten sistema honekin oso emaitza txarrak lortzen dituzten herriak ere badaudela, Azkoitiko kasua aipatu zuten. Hau horrela, akatsa iruditzen zaie emaitza onak lortzen ari den sistema baztertu eta guztiz segurua ez den sistema ezartzea. Urola Erdiko Mankomunitateak martxoan kaleratu zuen txosteneko hainbat datu aipatu zituzten EH Bilduko kideek. Datu hauen arabera, egia da bilketa gastuak, kasurik onenean, edukiontzien bidezko sistemarekin jaitsi daitezkeela baina tratamenduari dagokionez, kostua igotzeko arriskua dago. Izan ere, sailkapena gaizki egiteak penalizazio ekonomikoa dakar. EH Bilduk esan zuen, edukiontzien sistemak gaizki egiteko bidea ematen duela, neurri zuzentzaileak hartzeko ez baitu aukerarik ematen, edukiontzikoa zuzenean kamiora doa. Egungo sisteman, langileek hondakinak jasotzeko momentuan hartzen dituzte neurri hauek.

Bozketaren ondoren, EH Bilduk, mozio baten bidez herri galdeketa eskatu zuen. Sistema aldatzekotan adostasunez edo herriak hala erabakita aldatu beharko litzatekeela adierazi zuten. EAJk ez zuen mozioa onartu, ez du galdeketa beharrik ikusten, EAJren ustez ez baita sistema aldatzen, “gure ustez sistema bera mantentzen da aldaketa batzuekin”.

Gerturatu ziren hainbat herritarrek beren haserrea adierazi zuten. Hainbat galdera egin zituzten herritarrek eta tartean hondakinen mahaia deitzeko eskaera egin zuten gaia politiko, herriko eragile eta norbanakoen  artean erabakitzea eskatuz. Sistema aldaketa udalbatzarrean bertan onartu zen.

Hondakinen gaia tratatu ondoren beste bi puntu onartu ziren udalbatzarrean. 2012ko ordaindu gabe zegoen udaleko langileen aparteko soldataren (paga extra) erdia ordaintzea eta langileen soldata %1 igotzea aho batez onartu zen. Bestalde, zinegotzien ordainsariak (asistentzia eta esleipenei dagozkienak) %24 igotzea onartu zen, EAJren aldeko 6 boto eta EH Bilduren aurkako 5 botorekin.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide