Albisteak

Aldaketak izango dira Arroabeko ostiraleko antzerki emanaldian

Barsanti konpainiako kideak Kale gorrian kale antzerki ikuskizuna eskaintzekoak ziren bihar, ostirala, Arroabean. Biharko eguraldi iragarpena dela eta, bertan behera gelditu da antzezlan horren emanaldia. Horren ordez, Legea gu gara obra eskainiko dute Barsantiko kide diren Aritza Rodriguez eta Juanjo Oterok, Pako Revueltaren zuzendaritzapean. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da emanaldia, Arroabeko frontoian.

Obraren sinopsia:

Sergio eta Erramun istiluen kontrako brigadako bi kide dira, eta oso desberdinak dira elkarren artean. Sergio jantzia da, gorputz atletikoa du, literatura eta arkitektura maite ditu, kirolaria da, hizlari aparta da eta bikain mintzatzen da euskaraz.

Erramunek norbere defentsako aldizkari asko irakurri ditu, baina oso liburu gutxi irakurri ditu amaierara arte. Atzerritarrek Sanferminetan bezain trakets egiten du euskaraz, baina euskaldun sentimendu mugagabea du. Arkauten inoiz lizentziatu den oldartze brigadarik beldurgarrieneko kide dira. Sergio eta Erramun plaza husteko gogoz iritsi dira, legez kanpoko botiloi bat izan daitekeela-eta, baina, horren ordez, abentura mugarik gabeko baten hasiera aurkituko dute.

Umoreari eta gaurkotasun sozialari heltzen zaie kaleko arteen mintzairetatik, pertsonaia barrez lehertzekoekin eta espazioaren erabilera lotsagabe batekin, ustekabea ustekabearen ondotik kateatuz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide