Albisteak

[ENBIDOA] Oholtzan gora eta behera

Kasualitatea da ba antzerkia uztea aurten, eta Marinak nire esperientziari buruz hitz egiteko eskatzea.

Egia esateko, nire harremana antzerkiarekin behartuta hasi zen. Nire amak bultzatu zidan izena ematera, zerbait egitearren. Eta lehen aldiz antzokira heldu nintzenean, hamabi urterekin eta helduz inguratuta, ez nekien zer egiten nuen nik hor. Atzera begira, eskerrak hor jarraitu nuela.

Antzerkia niretzat nagusiki entretenitzeko modu bat izan da, ondo pasatzeko bide bat. Egun nekagarri baten ostean, antzokira marmarka joaten nintzenean ere, etxera izerditan eta pozik itzultzen nintzen. Baina ez da hori bakarrik izan. Antzerkiak asko du emateko. Imajinazioa piztera behartzen zaitu, zure gorputzaren kontzientzia berreskuratzen duzu, eta garrantzitsuena, jendaurrean aritzen ikasten duzu. Izan ere, jendeari aipatzen diodanean antzerkian aritzen naizela, berehala erantzunik ohikoena da “Niri lotsa handiegia ematen dit horrek; ezingo nuke egin”. Eta hau ulertzen dut; azken finean, ni ere dardarka egoten naiz nire txanda iritsi arte. Baina badirudi jendeak ez duela ulertzen antzerkiak beldur horixe bera kentzeko balio duela. Praktikarekin, gero eta gutxiago axola dizu, eta espero baino lehen, erotutako amona zahar batena edo opioari mendekotasuna dion mediku batena ari zara egiten. Gauza polita da ikustea nola pixkanaka hobetzen zoazen, eta baita zure taldekideak ere. Gainera, jendea oso irekia izan ohi da halako giroetan, eta lagun oso onak egin ditut. Oro har, edonori gomendatuko niokeen zerbait da. Horregatik, sekulako zortea iruditzen zait Zestoa bezalako toki txiki batean aukera izatea jarduera hain berezia egiteko. Badirudi jendeak hau ziurtzat hartzen duela, baina ez da erraza antzerki taldeak topatzea. Akaso propaganda garbiegia egiten ari naiz, baina uste dut merezi duen kausa bat dela. Gainera, Amancayrekin ikasi dudana da gauzak behin eta berriz errepikatu behar direla zerbait lortzeko.

Amaitzeko, antzerki eta ikuskizunaren mundua bere osotasunean gozatzen dituen pertsona bati pasako diot enbidoa, Juan Alberto Gaztañagari.

Oihan Larrañegi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide