Albisteak

[ERREPORTAJEA] Etxeak eraikitzeak euskarari nola eragiten dion pentsatzen al dugu?

  Iraetako etxe “berriak” ezagunak dira, berriak-edo, 2006rako bukatuta baitzeuden. Lehendik zeuden etxeen ondoan, “abenidaren” ondoan, eraiki zituzten. Kolpera auzoko bizilagun kopurua ia bikoiztu egin zen. Hain euskalduna den auzo txiki batean zein bizilagun etorriko diren jakin gabe etxe saila egiteak zein eragin du auzoko hizkuntzan? Aizarnan esperientzia desberdina izan dute, kooperatiba baten bidez hamabi etxebizitza egin eta gero bizilagun berri guztiak euskaldunak dira.

 

Arritxu Zelaia Ueman, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, ari da lanean, hizkuntza aholkularia da eta horretantxe egiten du lan: hirigintzaren eta hizkuntzaren arteko harremanak aztertzen ditu. Iraeta auzoa gertuko zaio. Aita Aizarnakoa du eta ama Iraetakoa. Bera Zestoan jaio zen eta ondoren Azpeitira joan zen bizitzera. Gaur egun Ean bizi da. Iraetako etxe eraikuntzaren berri izan zuen eta bere ikerketa lanetan Iraetako kasua azaltzen du. Bera izan dugu artikulu honetan bidelagun auzoan gertatutakoa kontatzeko.

Eta nola lotzen dira hirigintza eta euskara? Arritxu Zelaiak horrela dio: “Etxebizitza berriak egitea ez da gauza neutroa, hirigintza teknikariak eta arkitektoak konturatu dira kontua ez dela marra batzuk egitea besterik gabe, marra horiek (etxebizitzek) ondorioak dauzkate”. Ondorioek ez daukate zertan denak txarrak izan, etxe berriak egitea mesederako izan daiteke, baina garrantzitsuena da aurrez jakitea zer egiteko asmoa den eta horrek zein ondorio eragin ditzakeen. Adibide baten bidez azalduta, ez da gauza bera urbanizazio handi bat egitea Donostiako auzo jendetsu batean edo herri txiki bateko auzo txiki batean. Auzo horretan euskararen ezagutza maila oso handia bada, nola eragiten du denbora tarte txikian etxebizitza asko egiten badira? Euskaraz ez dakien jendea etorri bada? Bizilagun zaharrek eta berriek elkar topo egiteko moduak ez badira jarri eta elkarrekin harremanik ez badute? Hizkuntza aholkulariak arnasguneak kaltetzeko arriskuaz ohartarazi du: “Arnasgune deitzen diegun udalerri euskaldunetan biztanleen %80tik gora dira euskal hiztunak, Zestoan adibidez. Gune horietan euskaraz bizi gara eta euskaraz bizi gaitezke, baina bereziki zaindu beharreko lekuak dira”.

Iraetaren erradiografia

Arritxuk proposatzen du etxeak egiten hasi aurretik bi gauza kontuan hartzea: oreka eta bizilagunen arteko harremanetarako espazioak. Iraetako etxe sail berriaren adibidearen laguntzaz azalduko ditugu bi kontzeptuak. Orekari dagokionez, Arritxuk esango digu kontua ez dela etxerik ez egitea, herriek bizirik egoteko etxeak behar dituzte, gazteak behar dituzte, baina etxe saila egiten hasi aurretik hainbat galdera egitea eraginkorra izan daiteke prebentzioaren ikuspegitik: Zenbat etxe egingo ditugu? Nolakoak izango dira? Zeinentzat dira? Zein preziotakoak? Babes ofizialekoak ala merkatu librekoak? Zenbat denboran egingo dira etxeak?

Bost urtean egin ziren Iraeta auzoko etxeak, bi errenkada eta hainbat etxe solte. Lehendik 38 etxebizitza zeuden, bi errenkadetan 48 etxebizitza berri egin ziren eta etxe solteak zortzi izan ziren. Auzotar kopuruari dagokionez, Eustateko datuen arabera, 2005ean 108 ziren eta 2019an 183. Etxe berriak egin ondoren biztanle gehien izan dituen urtean 209 izan ditu. Esan daiteke ia bikoiztu egin zela biztanle kopurua. Arritxuk etxe saila arretaz begiratzeko eskatzen digu. Atariko atearen ondoan dagoen oharrak hala dio: “Jabego pribatua, sarrera debekatua”. Etxeak elkarri begira daude, barrura begira baleude bezala, eta erdian, kanpotik ez ikusteko moduan daukate igerilekua. Ondoan dauden etxe bakarrek, inguruan, bi metro inguruko horma dute jendearen begiradetatik salbu. Bizkarra ematen egongo balira bezala, metro batzuk harantzago dago auzoko betiko baserri saila, “abenida” deitzen dioguna. Baserriak bata bestearen segidan eta era berean parez pare, ateak eta leihoak askotan irekita, fatxadako hormaren kontra atariko petrila eserita egon ahal izateko. Alde handia “abenida”ren eta etxe sail berriaren artean. Batzuk barrura gordeta eta besteak kanpora irekita. Etxe zaharren kaleak auzotarren arteko harremanak errazten ditu inondik ere, eta Arritxuk esango digun moduan, hitz egiteko, euskaraz hitz egiteko ere, harremanak izateko espazioak behar dira, non topatu eduki behar da. Eta non egiten dute topo bizilagun zaharrek eta berriek Iraetan? Elkartea dago, baina pribatua da. Uemako langileak futbol zelaia ere aipatu du, kirol ekipamendu handia, futbol talde egituratuentzat egindakoa, ez auzotarrek erabiltzeko pentsatutakoa. Beste xehetasun bat: umeen jolas parkeak. Berriena, azkena egindako etxe sailaren parean dago, eta beste bi haur parke utzita daude bizilagun zaharrenak bizi diren inguruan, ehun biztanle inguruko auzoan.
Arritxuk berriz azpimarratu du, udalerri euskaldunetan euskarari eutsi nahi badiogu, etxeak egiteko orduan galdera asko egin behar direla. Eraikitzeak bere ondorio linguistikoak dituelako. Iraetako datuak ondokoak dira Eustaten 2016ko datuen arabera. Hasierako etxeetako iraetar guztiek dakite euskaraz hitz egiten eta etxe berrietakoen artean %67k. Beraz, auzoko euskara ezagutza %77koa da. Bizilagun zaharren %95arentzat etxeko hizkuntza euskara da eta bizilagun berrietan %42rentzat. Batez bestekoa: %58. Eta hirugarren datua, hasierako etxeetako bizilagunen %96rentzat lehen hizkuntza euskara da eta etxe berrietan bizi direnetan, berriz, %37rentzat. Batez beste, %54,3k du lehen hizkuntza euskara. Datuak argigarriak dira: datuek behera egiten dute bizilagun berrien emaitzak gehituz gero. Dena den, hizkuntzaren ezagutza datuak eta etxeko erabilera datuak dira, beste kontu bat da iraetarrek elkarrekin topo egiten dutenean zein hizkuntza erabiltzen duten.
Bi elementu aipatu ditu Arritxuk hasieran: oreka eta bizilagunen arteko harremanetarako espazioak. Berak uste du euskarari eragiten dioten eta kontuan hartu behar diren hainbat alderdi ez direla kontuan hartu eta horrek ondorioak izan dituela. Dena den, dena txarra ez dela izan gaineratu du: “Auzoa gaztetu da, elkartean jende gehiago dago, dinamismo handiagoa dauka auzoak… baina kaltea txikiagoa izateko beste era batera egin zitekeen”. Arritxuk abiaburu bat du: “Euskararentzat ona dena, herriarentzat ona da”.

Aizarnako etxe blokean denak euskaldunak dira

Esan daiteke nahi gabe gertatu dela Aizarnan, alegia, hamabi pisu egin zituztenean ez zutela bereziki landu horrek zein eragin izan zezakeen Aizarnako euskararen ezagutzan eta erabileran. Hala ere, etxea egin zuten moduagatik euskara irabazle atera da. Kontatuko dugu nola eraiki zituzten hamabi etxebizitza plazatik gertu-gertu 2008an eta nola bizilagun ia guztiak aizarnarrak eta azpeitiarrak suertatu ziren; denak euskal hiztunak.
Zestoako Udala kezkatuta zegoen, Aizarnan bazelako bertan bizi nahi zuen jendea eta ez zegoen etxebizitzarik. Hutsune horri aurre egiteko asmoz bilera antolatu zuen auzoan. Bileraren berri ematen zuen kartela irakurri zuenetako bat izan zen Amane Arrue azpeitiarra. Guraso azpeitiarrek etxetxo bat erosia zuten Aizarnan eta Amanek bisitan joandako batean ikusi zuen kartela. Bi aldiz pentsatu gabe bileran plantatu zen. Hainbat bileraren ondoren udalak ikusi zuen hamabi bikote edo pertsonek interes berezia zutela Aizarnan bizitzeko. Den-denak bertakoak edo oso gertukoak ziren: aizarnarrak, azpeitiarrak, zestoarren bat eta ia egunero Aizarnan zebilen Aizarnazabalgo bikote bat. Jakina, ez da kasualitatea inguruko jendea elkartu izana, udalak deialdia modu horretan egin baitzuen, aizarnarrentzat batik bat, bilerarako kartelak Aizarnako kaleetan jarrita. Denek zuten lotura estua Aizarnarekin, denak euskaldunak ziren, gehienez ere 30 urte, eta guztiek argi zuten Aizarnan bizi nahi zutela, alegia, ez zutela etxea auzo horretan erosiko etxebizitza merkeago zegoelako edo asteburuetan hara joan nahi zutelako.

Udalak ez zuen proiektuarekin aurrera jarraitu, lur zati bat kalifikatuta zuten lau etxe bakar egiteko, baina ez hamabi etxebizitza egiteko. Amane eta gainerakoak berriz, aurrera egiteko prest zeuden eta azkenean kooperatiba sortu zuten helburua lortzeko. Denak buru-belarri sartu ziren egitasmoan, hamabi etxebizitzak egin zitezen lanean. Harri koskorrik handiena lurren birkalifikazioa izan zen, baina lortu zuten. Prozesua 2005ean hasi eta 2008an bukatu zen.

Bistan da, etxeak egiteko prozesua oso desberdina izan da Iraetan eta Aizarnan. Lehenengoan merkatu libreko etxebizitzak ziren eta edonork zuen aukera etxea erosteko. Bigarrenean berriz, auzoari begira hasi zuten bidea eta interes handia zuten inguruko jendeak eutsi zion proiektuari. Ez da kasualitatea 2008an etxea estreinatu zuten bizilagun denak euskaldunak izatea. Eustaten 2016ko datuen arabera, Aizarnako bizilagunen %97,3 euskalduna da eta Zestoa herriko bizilagunen %81,48. Aizarnazabalek eta Azpeitiak ere %80tik gorako ehunekoa dute.

Amanek kontatu digu etxe blokearen jatorria, baina ez gara berarekin bakarrik elkartu tertuliarako. Aizarnan bizi den Ane Aranburu azpeitiarra ere batu zaigu. Arritxu Zelaiaren azterlana hizpide izan ez badugu ere, Ane segituan hasi da gogoeta egiten “oreka” hitza mingainean duela: “Erne ibili behar dugu. Etxeak egiteak eragina dauka hizkuntzan eta aldi berean ezin gara gelditu ezer egin gabe. Oreka bilatu behar da. Hurrengo belaunaldiak hemen gelditu nahi badu eta ez badago etxe eskaintzarik, pena litzateke”. Amanek hari horri tira dio eta gai delikatuaz gogoeta egin nahi izan du: bertakoentzat egin etxeak ala kanpokoei ere aukera eman… “Bertako etxebizitza beharrari hartu behar zaio pultsua, haientzat pentsatuta egin behar dira etxeak eta aparteko beste norbaitek etorri nahi badu, etor dadila. Erosoagoa da denak bertakoak izatea, inguruko euskaldunak, baina oasi hauek hain dira irrealak! Ni eroso bizi naiz horrela, baina errealitatea beste bat da”. Auzora joaten diren erdaldun aleak euskalduntzen saiatu behar dutela dio Amanek, jakinda, sarri kontrakoa gertatzen dela, alegia, erdaldun bakanek euskaldun multzoa gaztelaniaz hizketan jartzeko ahalmena izaten dutela. Adibide on moduan jarri du gaur egun etxe blokean bizi den familia. Haurrari euskaraz ari zaie, batek euskaraz badaki eta bestea ikasten ari da. Amanek nabari du euskaraz aritzeko ahalegina egiten ari direla: “Plentzian biziko balira, agian honezkero gaztelaniaz ariko lirateke”. Gaur egun hamabi etxebizitzetan ez dira bizi hasierako pertsona berak, baina orain ere denak euskaldunak dira.

Kanpotarrei egiten zaien harreraren garrantzia azpimarratu dute Anek eta Amanek, hesiak jartzen zaizkien ala bertako senti daitezen ahalegina egiten den. Euskarara hurbiltzen laguntzen zaien, eta era berean, ohartarazten zaien erdalduna taldean bakarra delako gaztelaniaz egiten denean euskaldunak deseroso sentitzen direla.
Kooperatibaren eskutik eraikitako etxe multzoko biztanleek euskara indartu besterik ez dute egin Aizarnan. Aizarnarrek erdi serio-erdi txantxetan esaten omen dute ez ote den gehitxo entzuten Azpeitiko hizkera.

Onintza Irureta Azkune

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide