Albisteak

[TTAK!] Itxaso Marti Donostia ospitaleko neuropediatra: “Garuna garatzen ari den garai horretan gertatzen diren gauzek erabat liluratu ninduten”

Itxaso Marti elkarrizketatu du Aitziber Arzallusek Gipuzkoako Hitzan:

Garunak eragiten zion lilurak bultzatuta, neurologia ikastea erabaki zuen Itxaso Martik (Iruñea, 1974). Zestoan bizi da egun. Ibilian-ibilian, ordea, konturatu zen helduen mediku izateak baino askoz gehiago betetzen zuela umeena izateak, eta horretan espezializatzea erabaki zuen; hamazazpi urte eta gero, baita osasungintza publikoan neuropediatra gisa lan egiteko helburua betetzea ere. Donostia ospitalean lan egiten du egun, gustuko duen horretan. Esan du “oso pozgarria” zaiola bere lanak haurren bizitzak hobetzeko balio duela ikustea, aitortu duen arren bestelako uneak bizitzea ere “sarri-sarri” tokatzen zaiola.

Neurologoa, pediatra eta irakaslea zara, baina zer ordenatan?

Hasieran, neurologo izatea zen nire asmoa, eta intentzio horrekin ekin nion bideari.

Nolatan neurologo?

Nire gurasoak, biak, neurologoak dira. Aita, Jose Felix Marti Masso, Gipuzkoako osasungintza publikoan lanean hasi zen lehenbiziko neurologoa izan zen, 1975ean, eta ama, Nieves Carrera, bigarrena, 1977an. Gerora, aitak Donostia ospitaleko Neurologia Zerbitzuaren ardura izan zuen urte askoan, erretiroa hartu zuen arte. Beraz, etxean ez dut besterik ikusi izan, eta, gainera, gustatu egiten zitzaidan; medikuntza eta garuna beti iruditu izan zaizkit oso interesgarriak. Hala, medikuntza ikasi nuen, eta neurologian espezializatu nintzen. Gustura nengoen, baina barruko mediku egoiliar (BAME) izateko hirugarren urtean, derrigorrezko errotazio batean, Bilbon neuropediatria arloan bi hilabeteko formakuntza bat egitea egokitu zitzaidan, eta pila bat gustatu zitzaidan. Garuna, bere horretan, oso interesgarria da, baina garuna garatzen ari den garai horretan gertatzen diren gauzek erabat liluratu ninduten.

Umeekin lan egitea nahiago duzu, helduekin lan egitea baino?

Helduekin gertatzen zitzaidana zen denbora kontra geneukan sentipena neukala. Adibidez, pertsona bat Parkinsonen gaitzarekin hasten zen, tratamendu bat jarri eta ondo erantzun zezakeen, baina, gaixotasun degeneratiboa izanik, beti okerrera joaten zen dena. Umeetan, iruditzen zitzaidan kontrakoa gertatzen zela, egiten nuen guztiak eragin ona izango zuela umearen bizitzan. Konturatu nintzen askoz gehiago betetzen nauela umeekin aritzeak.

Eta aldatzea erabaki zenuen?

Nahi bai, baina ez da horren sinplea. Hitz egin nuen Bilboko neuropediatrarekin, Carmen Garaizarrekin, eta hark esan zidan helduen neurologia bukatu eta haurrenean espezializatzen banintzen, neuropediatra gisa lan egin nezakeela gero. Hala, helduen neurologiako lau urteak bukatu nituenean, Parisera joan nintzen bi urtez, haurren neurologian espezializatzeko.

Zergatik Parisera?

Neuropediatriaren barruan, gaixotasun arraroak ere aztertzen dira, baina, arraroak direnez, ez dira askotan ikusten. Horregatik, komeni izaten da jende asko ibiltzen den lekuren batera joatea, ahalik eta kasu gehien ezagutu eta aztertu ahal izateko.

Jarraitu irakurtzen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide