Zestoan, euskarak noiz arte arnas?

Zestoarrok zortea dugu, euskararen arnasgune den herri batean bizi bait gara. Euskarak arnas hartzen du gure herrian, beste hizkuntzetara jo beharrik gabe, euskaraz egin dezakegulako ohiko jarduna eta belaunaldi arteko transmisioa ere naturaltasunez gertatzen delako. Euskaraz bizi gara Zestoan eta Zestoak euskara bizi du.

Hala ere, ez dezagun ahaztu euskararen egoera soziolinguistikoan Zestoa oasi txiki bat baino ez dela. Ez dezagun ahantzi euskara hizkuntza minorizatua dela euskararen herrian bertan, espainiera eta frantsesaren azpian zokoratua. Euskaldun izan eta euskaraz bizitzeak, hizkuntza handien hiztunekin alderatuz, jarrera kontzientea eta borondate pertsonala eskatzen dizkio euskaldunari egoerarik onenean. Argi izan behar dugu, ordea, euskara euskararen herrian bertan minorizatua izatera iritxi bada horretarako espreski diseinatutako hizkuntz politikak egin direlako dela.

Euskarak egundaino bizirik iraun badu hainbatek, egunero egindako lanaz, bizirik eutsi diolako izan da. EH Bildun, baina, argi daukagu euskarari arnasa eman eta biziberritzeko ardura ezin dela herritarren bizkar soilik utzi. Erakunde publikoek erantzukizuna bere gain hartu behar dute, hizkuntza politika aktibo eta kontzienteak egin.

Honen harira, iragan den azaroaren 24ko Udal Batzarrean Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpena onartu ondoren EH Bilduko ordezkariek azpimarratu nahi izan genuen keinu hauek ez dutela euskararen normalizazioan laguntzen gure hizkuntzaren aldeko neurri eta erabakiekin batera ez badatoz. Honen adibide, salatu genuen bere garaian EAJko Itziar Elorza kultura batzorde-buruak batzorde batean egindako proposamena, hau da, liburutegian haurrentzako euskarazko DVD gutxi zeudela eta gaztelerazkoak ekartzea. Josetxo Mendizabal alkateak, UEMAko zuzendaritza batzordeko kide bera, gaztelerazko gutxiengo eskaintza bat edukitzea babestu zuen eta gehitu “frantsesez eta ingelesez edukiko bagenitu, oraindik eta hobeto”.

EH Bildutik bi gauza argitu nahi ditugu. Batetik, udal liburutegian haurrentzako bideo euskarriak euskara hutsean izatearen arrazoia.  Garbi daukagu euskal kulturgintzak merkatuaren erakusleihoan ikusgarri izateko duen arazoa, euskal produkzioa tanta bat baino ez bait da erdarazkoaren itsasoan. Liburutegia bezalako zerbitzu publiko batek euskararen presentzia, eskaintza eta erabilera bermatu behar ditu euskal kultur produkzioa herritarrarengana hurbilduz. Gaztelera, frantsesa eta ingelesak merkatuan duen presentziak, Josetxo, eskuragarritasuna bermatzen du. Gainera konbentzituta gaude gaurko kultur kontsumoak etorkizunekoan duen eraginaz eta horregatik bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu haurren kultur kontsumoaren ohiturek euskara izatea ardatz.

Bestetik, garbi daukagu ez dela neutroa zein hizkuntzatan dihardugun, ezta euskararen inguruan zein erabaki hartzen ditugun ere. Gure erabakiek hizkuntza bat aupatzen dute eta beste bat edo batzuk alboan uzten. Herri ordezkarien erabakiek ere bai, noski. Eleaniztasunaren balioa oso presente izanik, ezin dugu ahaztu gaztelania, frantsesa edo ingelesak badutela munduan zehar nork hauspotu eta indartu, baina euskara inon izango bada, hementxe izango dela. Gaur bertan Berrian Patxi Saezek gogora ekarri digun bezala “Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu”.

Askotan esaten da euskal hiztunak sentsibilizatu eta ahalduntzea dela euskarak aurrera egin dezan gakoetako bat. Ados egonik ere gehitu nahi genuke herri agintariak ahalduntzea ezinbestekoa dela. Udal-gobernuan dauden zinegotziek euskararen eta bere arnasguneen garrantziaz, euskal kulturgintzaren balioaz, euskararen erabileran eta bere aldeko lanean eredu izateko daukaten arduraz kontziente ez badira, euskararen aldeko lidergotza hartzen ez badute…… noiz arte hartuko du arnas euskarak Zestoan?




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide