Albisteak

Bainuetxe pareko hiru presa eraistearen aldeko alegazioak aurkeztu ditu Eguzkik

Foru aldundiak Bainuetxe aurrean dauden hiru presa txiki eraisteko baimena eskatu dio Uraren Euskal Agentziari. Eskaera horren aurrean, baimena ematearen aldeko alegazioak aurkeztu ditu Eguzki talde ekologistak. Eguzkik azaldu du planifikazio hidrologikoak “behin eta berriz” nabarmentzen duela ibaietako ekosistemak biziberritzeko isurketa kutsakorrak ezabatzea ez dela nahikoa: “Horrela uren kalitate kimiko eta biologikoa hobetuko da, noski, baina ibai ekosistemak biziberrituko badira, isurketa kutsakorrak ezabatzeaz gain, ur-erregimena aldatu eta arrain espezieen mugikortasuna zailtzen edo ezinezko bihurtzen duten presak eta antzeko oztopoak ezabatu egin behar dira”.

Foru Aldundiaren arabera, 750 oztopo inguru daude Gipuzkoako ibaietan, eta Eguzkiren arabera, horien %75ak ez du erabilerarik. Eguzkik azaldu du Gipuzkoako Ibai-Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidariak 2035era arte horietako 228tan jardutea aurreikusten duela, eta horietatik 39 Urola arroan daudela: 22  Urolan bertan, lau Granadaerrekan, hiru Ibaiederren, bederatzi Errezilen eta bat Otaolan. Talde ekologistaren arabera, Urola da irisgarritasun txarrena duen Gipuzkoako arroa: “Zumaiako bokaletik hamaika kilometrora, Aizarnazabalen, Rezusta zentral hidroelektrikoaren presa dago, arrainentzat gaindiezina dena, Altuna Txikiko presa gaindiezina den bezala. Praktikan arrain migratzaileek ezin dute Urolan gora egin, aingirek izan ezik, eta aingirek ere oso modu mugatuan. Oztopo horiek iragazkor bihurtzea premiazkoa da”.

Hala ere, Eguzkik adierazi du Urola arroan aurreikusten diren neurriak beste inguru batzuetan baino “apalagoak” direla, “oztopo nagusietako batzuk oraindik funtzio bat dutelako edo kontzesio batzuk indarrean daudelako”. Aipatutako planak Urolako hamahiru oztopo eraistea aurreikusten du, horien artean, Bainuetxe pareko hiru presa txikiak, eta lanak 2022an eta 2023an egingo dituzte. Bestalde, Eguzkik jakinarazi du Urolan beste bi presa botatzeko tramiteak egiten hasi dela Aldundia: Otaola errekakoa, eta Granadaerrekako Illagorrikoa.

Argazkiak: Eguzki

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide