Albisteak

“Kulturartekotasuna eta euskara herri ikastetxean” proiektua martxan jarriko dute bihar

“Kulturartekotasuna eta euskara herri ikastetxean” proiektua jarriko dute martxan bihar Zestoako Herri Ikastetxean. Herri Ikastetxeak, Ekain guraso elkarteak, Euskara Foroak, Udalak eta UEMAk hartuko dute parte, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko adituen gidaritzapean.

Proiektuaren erronka ez da makala: euskaraz bizitzea eta euskaraz ez dakitenekin komunikazioa eta giro abegikorra bermatzea. Hots, kulturarteko harremanak eraikitzea. Bihar, osteguna, izango da lehen saioa, eta proiektuaren inguruko marko teorikoa eta funtzionamendua landuko dituzte bertan. Goizean ikastetxeko irakasleekin bilduko dira HUHEZIko adituak, eta arratsaldeko 17:00etan gurasoen txanda izango da.

Arratsaldeko saiora eskolako guraso guztiak daude deituta, eta euskaraz ulertzen ez dutenentzako gaztelaniarako aldi bereko itzulpena egongo da. Horretarako, telefonoak erabiliko dituzte. Beraz, itzulpena nahi duenak, bere telefonoan Telegram aplikazioa instalatuta eduki behar du, eta aurikularrak eraman beharko ditu. Bestalde, ohi bezala, zaintza zerbitzua egongo da.

Proiektuaren inguruko informazioa bildu dute bideo honetan:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide