Interesa piztu zuen Piaspe proiektu eolikoari buruzko herri batzarrak
— 2022-11-04Interesa piztu zuen Zestoako Udalak Piaspe proiektu eolikoari buruz deitutako herri batzarrak. Atzo arratsaldean izan zen hitzordua, Kultur Etxeko areto nagusian, eta ia eserleku guztiak bete ziren. Hiru helburu zituen atzoko batzarrak: gaiaren inguruko azalpenak ematea, Udal Gobernuaren iritzia helaraztea eta herritarren galderei erantzutea.
Nerea Odriozola zinegotziak bileraren sarrera egin zuen aurrena eta ondoren, Mikel Arregi alkateak hartu zuen hitza. Hark adierazi zuen ez dutela proiektuari buruzko “beste munduko informaziorik”, eta batzarrean esango zutenaz gain “ezer askorik” ez dakitela. Enpresak 2027rako proiektua martxan jarri nahi duela azaldu zuen alkateak, baina momentu honetan udalean duten dokumentazioa “intentzio deklarazio bat” dela. Proiektua oraindik “lehen fasean” dagoela azaldu zuen, eta alternatiba desberdinak daudela azpimarratu zuen.
Batzarraren lehen zatian gaiaren inguruko diagnostiko orokorra egin zuen, eta besteak beste, EAEko eta Zestoako kontsumo elektrikoari buruzko datuak eman zituen. Horrez gain, trantsizio ekologikoari buruz ere aritu zen, eta energia, elikadura burujabetza edo baso politika izan zituen hizpide.
Udal Gobernuaren iritzia
Alkateak adierazi zuen “zentzu guztietako murrizketa eskatzen duen estrategia integralik gabe” aerosorgailuak jartzen hastea ez dela konponbidea, aurretik beste arazo batzuk daudelako. Hori esanda, momentu honetan proiektua ez dutela babesten azaldu zuen: “Momentu honetan ditugun elementu apurrak hartuta, proiektu hau ezin dugu babestu. Arazoari irtenbide integrala eman nahi diogu” azaldu zuen Arregik.
Zestoan zer egin nahi den “denon artean” erabaki beharreko zerbait dela esan zuen, eta proiektu aztertzeko prestutasuna agertu zuen. “Proiektuarekiko kritiko izatea zilegi da, eta gizarte bezala kezkatu behar dugu, azkenean gure herrian zer nahi dugun eta zer ez denon artean erabaki behar dugu. Udalaren asmoa da hausnarketa orokor bat egitea, eta erabakitzeko momentua iristen bada, herritarrak kontu honekin ahaldunduta egotea garrantzitsua da”.
Bestalde, herritar batek egindako galderari erantzunda, Azpeitiko Udalak hartutako jarrerarekin bat egiten ez dutela adierazi zuen Arregik: “Gaur gaurkoz batera ez goazela esan dezakegu. Berdin pentsatzen dugunik ere ez nuke esango, eta aurreneko eztabaidak izan ditugula ere esan dezaket”.
Eskumen faltari buruz
Marko juridikoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak proiektua interes orokorreko proiektu kontsideratzen badu, Udalek atzera botatzeko izango duten eskumena “hutsaren hurrengoa” izango dela azpimarratu zuen alkateak. “Presio handi bat dago parke eolikoak gauzatzeko, horren arabera, datorrena dator eta udalen eskumena dagoena da”.
Hori esanda, aerosorgailuen kokapenari buruzko datuak eman zituen. Hiru aerosorgailu Azpeitiko lurretan daudela esan zuen eta beste biak, Errezilgo eta Zestoako muga gainean. Enpresak aerosorgailuak Akoatik garraiatzea aurreikusten duela azaldu zuen alkateak, baina bide horretatik joatea “ez dela posible” nabarmendu zuen. Aerosorgailuak Akoatik garraiatzea “teknikoki bideragarria ez” dela esan zuen, eta horretarako egin beharreko “txikizioa” ez dutela babesten gaineratu zuen. Egoera horretara iritsita, Udalak bide hori erabiltzea eragozteko ahalmena izango lukeela uste duela azpimarratu zuen Arregik.
Herritarrak kezkatuta
Herritarrek askotariko galderak eta ekarpenak egin zituzten atzoko saioan. Besteak beste, Udalak Statkraft enpresari buruz duen iritziaz, Akoako bidearen erabileraz, energia hidroelektikoari buruz eta bestelako irtenbideen inguruan galdetu zuten bertaratu ziren herritarrek.
Entzun batzarra osorik: